AKTUALITATEA


| 2019-05-23 14:41:00

Zuen ustez, zeintzuk dira Sopelak kulturaren eta aisialdiaren alorrean dituen erronkarik nagusienak?

 

Alde batetik, gazteok ekipamendu egokiak behar ditugu. Hori izan da Sopelako gazteen aldarrikapen garrantzitsu bat, batez ere, Koadrilen Koordinakundea sortu zenetik. Gaur egun, Kurtziok eskaintzen dituen gelak besterik ez dauzkagu gazteok erabiltzeko moduan. Erdigunetik urruti xamar eta normalean, erabiltzeko muga askorekin. Sopelak dituen beste ekipamendu eta baliabideak erabiltzeko ere mugak ditugu. Zer esanik ez nerabeei dagokienez: herrian ez dago gazteleku aproposik.

 

Bestetik, edukian ere zentratu behar gara, hau da, aisialdi eta kultur eskaintzan. Gure ustez, Sopelako Udalaren kultura eskaintza indartu behar da, zabaldu. Herri dinamikoago bat nahi dugu, alor kulturalean. Eta ez bakarrik gazteei begira. Helduei begira ere.

 

Edonola ere, gazteok eta herriko beste zenbait eragileek eskatzen dutena, kultur eskaintza horren diseinuan parte hartzea da. Kontsumitzaile pasiboak izan beharrean, eskaintza horren parte aktiboa izatea. Bai eskaintza horren edukiari dagokionez, bai ekipamenduen kudeaketari dagokienez ere. Gai honen inguruan hausnarketa sakon bat egitea beharrezkoa da.

 

Azkenik, liburutegi eta ikasgela zerbitzuetan gabeziak ikusten dira. Guztion ahotan dago bi zerbitzu horiek indartu beharrean gaudela. Eta ez gara ari soilik ekipamendu fisikoez. Liburutegi on batek bestelako zerbitzuak ere eskaini behar ditu.

 

 

Zelan baloratzen duzue udalak kulturan daukan pisua?

 

Dinamizatzaile lanak egin behar ditu. Udala motorra izan daiteke, herri biziago bat izateko: kalitatezko kultur eskaintza zabala eskaini behar du, bai edukiari dagokionez, bai kokapen fisikoari dagokienez ere (herri osoan zehar zabalduz kultur ekintzak).

 

Hala ere, kultura eta aisialdian Udala ez dago bakarrik, ezta gutxiago ere: herriko kultur eta eragile sozialekin lankidetzan aritu behar du Udalak, eragile horiei behar besteko baliabideak eskainiz. Sopelan kultur eragile potenteak dauzkagu: Meñakoz kultur elkartea, esate baterako. Eragile honek espazio beharrizan handiak ditu, herriari ematen dion eskaintza ere oparoa delako. Hor kokatuko litzateke Udalaren funtzioa. Gauza bera, Kuadrilen Koordinakundeari dagokionez ere. Lankidetzan dago gakoa.

 

Badaude beste eragile batzuk, udal jardueratik erabat kanpo daudenak baina kultur eta aisialdirako eskaintza oparoa ematen diotenak Sopelari. Plaza Beltza bezalako eragileez ari gara. Horiekin ere kontaktua izatea beharrezkoa da. Eta positiboa. Helburu amankomuna daukagulako: herri biziagoa sustatu.

 

 

Zeintzuk dira EH Bilduk kulturan eskainitako irtenbideak?

 

Bi alor desberdinduko genituzke. Alde batetik, ekipamenduak. Bestetik, edukiak edo kultur eskaintza bera.

 

Ekipamenduen aldetik, kulturgune berria eraiki nahi dugu Loroño aldean, Zabalbide eta Landa Doktorea kaleen artean dagoen partzelan: liburutegia eta erabilera anitzeko ekipamendu berriak, ikasleek zein herriko eragileek erabiltzeko moduko espazioa. Hori bai, bertan dagoen artadi zatia errespetatu behar dugu. Espazioen aprobetxamendu egokia eskatzen du horrek. Horrez gain, ekipamendu berri horrek egungo liburutegiari beste erabilera sozial bat emateko aukera sortuko luke (Gaztegune bat Sopelako erdigunean, esate baterako). Horretarako, Frontoiaren eraikina eraberritu behar dugu.

 

Larrabasterran ere ekipamendu berriak behar dira. Sopelako Udalak, EAJ eta PSEren agindupean, Sopelarin saldu zion Mankomunitateari. Guk ekipamendu hori Sopelarako berreskuratu nahi dugu. Larrabasterrak kultur ekipamendu sozial egokiak izatea oso garrantzitsua da. Auzoa biziberritzeko beharrezkoa da hori.

 

Herriko kultur eragileek ekipamendu publikoak erabiltzeko aukerak eman behar zaie. Bai Loroño aldeko liburutegi berria, bai Frontoiko eraikina, bai Sopelan dauden bestelako eraikin publikoak erabiltzeko ere. Hezkuntza zentroez ari gara bereziki. Hor kokatzen da ere hezkuntza zentroen inguruan daukagun proposamena. Herri kohesioa lantzeko behar beharrezkoak baitira ekipamendu egokiak izatea erdigunean.

Edukiei dagokienez, kultura saila indartu behar dugu, baliabide gehiago eskainiz. Bereziki, baliabide pertsonalez ari gara. Horrek gure kultur eskaintza aberatsagoa izatea ahalbideratuko luke eta bide emango lioke Larrabasterran ere eskaintza potente bat izateari. Herriko eragile zein norbanakoei parte-hartzerako bideak eta espazioak eskaintzea ere ezinbestekoa da. Ekipamenduek eta gure kultur politiken edukiek bat egin behar dute helburuetan: herria biziberritzea, aktibatzea.

Esate baterako, kirol alorrean ez dugu gure irizpideak inposatu nahi izan. Herriko kirol eragileekin batera egungo beharren diagnosia partekatu eta beharrezko pausoak emateko asmoa daukagu (Urkon, Balearen parkeko frontoia estaltzeko proposamenean). Ate guztiak zabalik daude zentzu horretan.

 

Bukatzeko, gazteak beti lotzen ditugu kultura, kirol eta aisialdiarekin. Zeintzuk izan daitezke gazteen bestelako beharrak, aipatutakoaz gain?

Gure ustez, etxebizitzaren alorra izan daiteke gazteen beharrik garrantzitsuena. Eta horretan ere EH Bilduk baditu proposamenak, batez ere, alokairuari dagokionez.

Dena dela, udal gobernu batek edo udaleko indar politiko batek ezin dezake erabaki gazteen partez. Beraiek parte hartu beharko lukete zuzenean dagozkien gaietan. Eurei zuzendutako proiektuen diseinuan ere hitza daukate. Horregatik, gazteen kontseilu misto bat sor beharko genukeela uste dugu, herriko gazte, talde eta udaleko ordezkariekin sortua, gazteei zuzendutako gaiak bideratzeko. Jai batzordea filosofia horren islada da eta argi dago, emaitza positiboak ematen dituela estrategia horrek.