AKTUALITATEA


| 2023-01-26 18:20:00

Urtarrilaren 26ko osoko bilkuran Sopelako Udalaren euskara planaren prorroga bozkatu da. Izan ere, Eusko Jaurlaritzak dekretu berri bat aterako du aurten, Euskara plan berrien betekizunak ezarriz. Dekretua atera bitartean, Sopelako Udalean "pilotaje" bat egingo da Jaurlaritzaren gidaritzapean, plan berria diseinatzeko asmoarekin. Hori dela eta, plan berria onartu arte Sopelako Udalak egungo planaren prorroga egin behar du. EH Bilduk bere interbentzioa erabili zuen euskararen aldeko aldarrikapenak egiteko. Hona hemen, Aitziber Onaindiak osoko bilkuran esandakoa.

 

"Lehenik eta behin, ados gaude egungo euskara planaren prorrogarekin, beharrezkoa ikusten dugulako plan berri bat martxan jartzea; euskararen presentzia eta erabilera handitzen lagundu behar dugulako modu eraginkor batean.

Horregatik ere, batetik, plan berri horren pilotajearen inguruko informazioa jasotzeko gogoekin gaude, eta bestetik beharrezkoa litzake ere, oraingo planaren balorazioa egitea, bereziki jarraipen lanean, orain egon daitezkeen hutsuneei aurre egin ahal izateko.

Aldi berean, plan berri honetan, Udalaren komunikazioetan lanketa berezi bat egin beharko litzake, hala nola, osoko bilkuretan eta batzordeetan hizkuntz protokolo bat ezarriz, aldibereko itzulpen zerbitzua berriro eskainiz besteak beste. Eta bestetik, udalak mezuak helarazteko erabiliko dituen komunikazio eremuek ere arreta berezi bat beharko lukete (web orriak, sare sozialak, Sopela gurea…eta abar).

Azken hau aipatzen dugu izan ere, aurreko zapatuan, urtarrilaren 21ean, Sopelako Udalak bere sare sozialen kanaletatik zabaldutako mezu batean, euskaraz idatzita zegoen testua guztiz desegokia zelako.

Hizkuntzaren normalizazioa aldarrikatzen ari bagara, oinarrizkoa da ondo idaztea. Euskaraz gaizki idazteak hizkuntzarekiko utzikeria adierazten du. Euskara zaindu behar dugu bai ortografian, hiztegian eta sintaxian beste alderdi guztietan bezala. Errespetu falta bat iruditzen zaigu erakunde publiko batek horrelakoak egiten dituenean.

Holakoak gehiagotan ikusi eta salatu ditugu eta beraz, kritika honekin abstentzioa bozkatuko dugu".