Plentzia

🚶‍♀️🚶‍♂️🏘 Eskola bideak! Haurren mugikortasuna eskolara joateko bultzatu!

"Autonomia haurren mugikortasunean: aztertu" ESKOLABIDEAK "proiektuak Euskal Autonomia Erkidegoan duen eragina." Proposamena aurkeztu diogu udal gobernuari

Eskola,Hezkuntza,Eskola bideak,Gazteria | 2020-01-25 09:52:00

Hurrengo proposamena aurkeztu diogu Udal Gobernuari:

"Autonomia haurren mugikortasunean: aztertu" ESKOLABIDEAK "proiektuak Euskal Autonomia Erkidegoan duen eragina."

Zertan datza proposamena?

Euskal Herriko Unibertsitateak egingo lukeen ikerketa bat izango litzateke, honako hauek aztertuko lituzkeena:

•  udalerriko ikastetxeetarako bidean, institutura zein eskolara, haurren mugikortasuna errazten edo oztopatzen duten aldagaiak.

• Familiek bide-segurtasunik ezari buruz dituzten pertzepzioak, azken urteetako istripu-tasari buruzko datuekin kontrastatuta.

Gainera:

• Etorkizunean "eskolabideak" proiektua abian jartzeko gomendioen katalogoa diseinatzea.

• Artikuluak aldizkari zientifikoetan argitaratzea eta ospe handiko biltzar eta hitzaldietan zabaltzea.

Kostua: 1000 €

 

Eh Bilduk zein urrats eman dituen proposamena egin aurretik:

Urtarrilaren 14a: bilera, aurkezpena eta kontrastea guraso-elkartearekin, institutukoa zein eskolakoa

Urtarrilak 16: Hezkuntza zinegotziarekin biltzeko eskaera.

Urtarrilak 17:

• Hezkuntzako zinegotziarekin bilera eta proposamena aurkeztu.

• Plentziako Udalaren eta Euskal Herriko Unibertsitatearen arteko lankidetza-hitzarmena urtarrilaren 29an egingo den osoko bilkurako gai-zerrendan sartzeko proposamena eta eskaera erregistratzea.

 

Informazio gehiago nahi baduzu, jar zaitez harremanetan hezkuntza arloaz arduratzen den EH Bilduko zinegotziarekin: aitor.garagarza@plentzia.eus

🚲🛑 Bizimeta zerbitzua eten du Uribe Kostako Mankomunitateak

URIBE KOSTAKO MANKOMUNITATEAK BIZIMETA ZERBITZUA BERTAN BEHERA UTZI IZANA GOGOR KRITIKATU DU EH BILDUK, BENETAKO MUGIKORTASUN JASANGARRIA ALDARRIKATUZ GURE ESKUALDERAKO

Uribe Kosta,Plentzia,BiziMeta | 2020-01-17 07:59:00

Bizimeta zerbitzua etenda
Joan den azaroaren 27an, Uribe Kostako Mankomunitateak Bizimeta zerbitzua etetearen berri eman zuen, osoko bilkuran gaia bozkatu gabe. Bizimeta zerbitzua bertan behera uzteko arrazoia, bizikletak alokatzeko zerbitzu publiko horrek azken urteetan izan duen erabiltzaile galera izan da, eta horrek zerbitzuaren azpiegituren egoeran izandako eragin kaltegarria. Bizikletak eta beraiek alokatzeko makinak oso zaharkituta omen daude eta egun egin beharreko inbertsioa (200.000 euro inguru, Mankomunitateko arduradunen esanetan) handiegia da Uribe Kostako 7 udalerriak biltzen dituen erakundearentzat.


Esan beharra dago erabaki hau Mankomunitateko Presidenteak hartu duela, osoko bilkuratik kanpo. Gogora dezagun, EAJ-ren esku dagoela bai Lehendakari zein Lehendakariorde karguak (Berangoko eta Sopelako alkateak, hurrenez hurren), bai Mankomunitatearen ordezkaritzaren gehiengoa osoko bilkuran, 15 ordezkarietatik 11 atxiki baituzte jeltzaleek.


Ondorioz, Bizimeta zerbitzua 2020ko urtarrilaren 1etik aurrera eten egin da, Mankomunitateak zerbitzuaren inguruko hausnarketa egin bitartean. EH Bilduko bi ordezkariek zerbitzua berriz abian jartzeko epe eta ekintza zehatzak finkatzearen beharra aldarrikatu zuten.

 

Mankomunitateak “hiltzen” utzi du Bizimeta
2009an martxan hasi zen Bizimeta. KOOPERA kooperatibari esleitu zitzaion zerbitzu hau kudeatzeko kontratua (gizarte ekimenezko kooperatiba, alegia, onura publikoko aitormena duena) eta erakunde honen helburu nagusia soziala izanik, diru esleipen murriztu batekin egin ahal izan dio aurre zerbitzuari: 4 langile daude zerbitzuaren mantenuaz arduratzeko eta bizikletak alokatzeko ordenagailuak 2008tik berriztu gabe daude. Bizikletak ere zaharkituta daude: berrienak, duela 5 urtekoak dira eta bizikleta elektrikoen kasuan, bateriek 3 urte dituzte (baterian bizi itxaropena, 3 urtetakoa da). Kontutan izan behar da, bizikletak kalean egonda jasaten duten igadura handiagoa dela. Hau da, Mankomunitateak ez du zerbitzuan inbertitu. “Hiltzen” utzi du Bizimeta zerbitzua. Bizimeta-ren mugak kontutan izanda ere (eguneko 30 erabiltzaile bataz-bestez, udaberri eta uda sasoian), oso zerbitzu interesgarria da eskualdearentzat. Izan ere, motordun ibilgailuaren ordezko garraio bezala erabili izan da, batez ere, ibilbide zehatza batzuetan: Sopelatik Berangora, Urdulizeko punta batetik bestera eta Plentzi-Gorliz, Gorliz-Armintza zein Barrika Sopela ibilbideetan.

 

EH Bilduren salaketa eta proposamenak
Uribe Kostako EH Bilduk gogor kritikatu du zerbitzu publiko honetan Mankomuniteak egin duen kudeaketa:
planifikazio falta nabaria izan da, zerbitzu honekiko Mankomunitateak izan duen interes faltaren erakusle. Funtsean ez dira inbertsiorik aurreikusi ez eta gauzatu mugikortasun eredu jasangarri eta alternatibo honetan.


Kritikaz haratago, EH Bilduk benetako mugikortasun jasangarri baten aldeko aldarrikapena egin du, plangintza eta ekintza zehatzetan oinarrituta. Mankomunitateko arduradunek aipatzen duten “hausnarketa” hori epe eta ekintza zehatz batzuk izan behar ditu, gaur egun finkaturik ez dituenak. Izan ere, Mankomunitateko lehendakaritzak ez du bere gain hartu inolako konpromiso zehatzik zerbitzua berriz ere abiarazteko.


Gauzak horrela, zerbitzuaren bideragarritasun plan bat egitea ezinbestekoa da, kronograma zehatz batekin. Baina ez hori bakarrik, Uribe Kostako Mankomunitatea osatzen duten Udalerriek benetako apostua egin behar dute mugikortasun jasangarriaren alde eta horrek, gure eskualdeko bidegorri sarea hobetu, osatu eta lotzeko konpromisoa hartzea dakar.

[2020rako aurrekontuen irakurketa] 📰GEHIENGOA EDO GEHIEGIKERIA

Jarrera eraikitzailea zuen oposizioari, Maiatza 26ko hauteskundeen arabera botoen %42a suposatzen duena (ez ahaztu EAJ-PNV botoen %47arekin gobernatzen ari dela), jaramonik egin gabe, pasadan Abenduko 12ko Osoko Bilkuran eta EAJ-PNVren aldeko botoekin onartu zen 2020ko Udal Aurrekontua. Hemen duzue honen inguruko hausnarketa.

Aurrekontuak 2020,Plentzia,Irakurketa | 2019-12-26 09:50:00

Aurretiaz ikusi eta hola suertatu. Uste genuena baino ez dute berretsi aurrekontu hauek; atzera pauso arriskutsua suposatzen dute. Gaur egun, herritarrek politikariei bizitza (ona) izateko politika publikoak martxan jar ditzatela eskatzen dietenean, PNVk bere betiko hiru ardatzetan buru belarri jarraitzen du; zementua, murrizketak eta udal lanaren diskurtso merkantilista.

Honez gain, eta aurrekoa baino ez bezain garrantzitsua, Alkatetzak oso argi utzi du ez zaiola inporta Aurrekontuak nola tramitatzen diren, haien gustukoak diren neurrian. Eta jakina, zer  garrantzitsua bada, nola ere oso inportantea da.

Lehenengo eta behin, tramitea bera salatzen dugu:

Ogasun Zinegotziaren hitzetan, arautegia zehatza ez izan arren, aurrekontuak urtea amaitu baino lehen onartzea gomendatzen du. Baina arauaren gomendioa errespetatzeaz gain, beste zenbait gauza errespetatu behar izango lukete bai Zinegotzi berak bai Alkate andereak. Hain zuzen ere herriaren agintea; elkarte mugimenduarekin aurretiazko bilerak mantenduz haien beharrak ikusteko asmoz, eta oposizioari behar den moduan informatu, behar diren bilerak eta negoziaketak mantenduz eta aurkezten diren emendakinak, zuzenketak eta proposamenak kontutan hartuz.

Gure uste apalean, urtea amaitu baino lehen irizpideak ez luke gailendu behar inola ere ez ondo burutzearen irizpidea.

Gure ikuspegitik, nortzuk eta haiek, zehaztasuna eta kudeaketaren bikaintasuna beretzat hartzen dutenek, ez dute legezko prozedura errespetatu, botere gehiegikeria erakutsiz. Ez diote aurkeztu proposamena/zirriborroa oposizio taldeari behar den moduan, hau da, dokumentazio osagarriekin eta eztabaidarako bilera berezi batetan. Ez ditu erantzun, legezko bideak markatzen duen bezala, EH Bilduk erregistratu dituen eskaerak. Eta ez du zabaldu bide eraginkorra negoziatzeko udalgintzaren lan ardatza den aurrekontua. Hau da, Legealdiaren Egitasmo estrategikoaz hitz egiten duten bitartean, prozedura bete asmoz, bertako diru kontuen negoziaketa ahaztu egiten zaie

Bigarrenez, aurrekontu honen izaera antisozialaz ohartarazten dugu:

Haien asmoez aurretiaz jakinarazi digu EAJ-PNVk, eta azkenean bete izan ditu. Gaur egun azken hamar urteetako aurrekontu dirutsuena dugu, honek suposatzen zuen aukerarekin (orain galerarekin) ondo kudeatuz bai aurrekontua bai aurreko urteetako diru hondarra Plentzia hobetzeko. “Nik esaten dudalako” argudiatuz, lan bat sartzen dute atzekoz aurrera diru kontua itotzen eta jendea kaltetuz. Honez gain, Alkate anderearen soldata oparoa eta Bilkura eta Batzordeetako dietak blindatu dituzte, hau ez baita ikutzen nahiz eta Plentzia Telebistako aurrekontua bai.

Nahiz eta Berdintasun Sailean aurreikusita zuten 10.000€ko aurrekontuarekin atzera egin eta azken urteetako 20.000€ ezarri, neurri estrategikoa izan beharko luke urtez urte handitzen joatea. Berdin elkarte sozialeko diru laguntzekin edo Arkote Arraun Taldearen 6. urteurrena ospatzeko laguntza bereziarekin; eskerrak, arrabola bezala pasatu ondoren, Bilkura ospatu baino 72 ordu lehenago egindako bilera bakarrean atzera egin zutela.

Beste elkartek eta proiektuek ez dute zorte berdina izan, hots Mikrofilm, desagertzeko arriskuan dago. Plentzia Telebistari “ez kentzeagatik jezten diote diru laguntza, egiten dutena ez zaigulako gustatzen” hitzez hitz hartuta. Eta beste horrenbeste adibideak, plentziarrentzako lazgarriak direnak.

Udalari begira merkantilismo hutsa diren hitzak erabiltzeak kezkatu egiten gaitu. Aurreko Bilkuran Alkate andereak baieztatu zuen Udala zela “herriko enpresarik handiena”, eta ostean zenbat alditan nolako esamoldeak entzun ditugu “baliabide amortizatu”, “ udala moduan lehiakorra izan”, “itsasadarrari etekin ekonomikoa atera” etabar luze bat. Baina Erakunde hau enpresa pribatua ez dela uste dugu; kudeaketa onak jendearengan eta ondare naturala, kulturala eta sozialean inbertsioak dakartza.

Gure ustez, Alkate andereak eta bere Gobernu taldeak jendeari bizkarra eman diote, Plentzian bizi garenon bizitza hobetzearen aginteari ukatuz. Despotismo hutsean jauzi dira, eta gehiengoak (ez ahaztu 130 bozka aldea besterik ez dagoela) harrotu egin ditu, komunitatearen bizitza antolatuari eta nola ez EH Bilduri mespretxuen bidetik abiatuz.

Orain, inondik inora ez irribarrea joango zaigu; zor dizkigun azalpenak, bilera gehiago, bere lanetan ardura, herriarengatik hurbiltasuna eta elkarte eta taldeei begirunea exijitzen jarraituko diogu gobernu honi. Ez gara geldituko begira nola aurrekontu hauek proiektu eta ekimenak zigortzen dituzte, eta gure eskuetan dagoen guztia egingo dugu, berriro itxita eta ilun dagoen Udal honi, oso ondo dakien bere gaiak konpontzen herri honen argia eta freskotasuna helarazten.

EH BILDU PLENTZIAK ZUZENKETAK AURKEZTU DIZKIO 2020ko EAJ-ren AURREKONTU PROIEIKTUARI 📈

Azaroaren 20an, 2020ko Plentziako Udal Aurrekontuen proiektua jaso genuen. Zortzi egun eduki ditugu helegiteak prestatzeko eta bi aurkeztu ditugu, Udal Gobernuak murriztu nahi dituen arlo batzuk ekonomikoki hobetu behar direla uste dugulako.

Aurrekontuak,Aurrekontuak 2020,Plentzia,Udala,Kultura,Urbanismoa,Kirolak,Obrak,Berdintasuna | 2019-12-12 08:45:00

LEHENENGO ZUZENKETAn, uztailaren 18an alkate andrearen soldata igoeraren inguruan komentatutako jarraituz, bere soldata murriztea eskatzen dugu eta aurreko hiru legealdietan egon den soldata berdina bermatzea, hots, EAJk urtean planteatzen dituen 70.735 eurotik 46.187,76 eurora pasatzea (gizarte segurantza barne). Gainera batzorde eta udal bilkuretan parte hartzeagatik ematen diren dietak, aurreko hiru legealdietan eman den diru kopuru berdina izatea eskatzen dugu,  EAJk urtero proposatzen dituen 15.000 euro jasotzetik, 7.590 eurora pasatzea, hain zuzen. Horrela, soberan geratuko  liratekeen 31.957 euroekin Goñi Portal Kultur Etxeko hitzarmena  handitzeko aukera izango genuke, Udal Gobernuak aurrekontuetan proposatzen duen murrizketaren aurkakoa alegia.

BIGARREN ZUZENKETAN, Kultura, Kirolak eta Berdintasunarekin zerikusia duten aurrekontu-sailak handitu nahi ditugu, aurreko legealdietan inbertitu denarekin konparatuz, aurtengo udal gobernuak sail horietan murrizketa handiak egin nahi dituelako. Horrela, Udal Gobernu honek, Berdintasun Sailean aurreko legealdiko 20.000 euroetatik erdira igarotzea, hots 10.000 eurora igarotzea, proposatzen. Kulturan, EAJren aurrekontu proiektuaren arabera, elkarte zein ekintza kultural batzuei diru murrizketa handia egiten zaie. Plentziako EH Bildurentzat murrizketa horiek bideraezinak dira, jaialdien desagerpena suposatzen dutelako edo elkarte batzuen kasuan, itxiera. AGorrijazz jazz festibala, musika klasikoa, kale antzerkia (Artekale) edo Plentzia Telebistaren kasuan adibidez, orain arte jasotako diru-laguntzaren herena murriztuko diete.

Kirolari dagokionez, kluben subentzioen igoera eskatzen dugu, 59.000 eurotik 66.000 eurora eta kirol ekitaldien aurrekontu igoera, 27.200 eurotik 35.200 eurora. Udal Gobernuak egiten duen proposamena arriskutsua dela uste dugu, proiektu batzuen bideragarritasuna kolokan ipintzen  duelako. Kirol azpiegiturak mantentzeko partiden igoera ere eskatzen dugu, mantentze-lanetarako derrigorrezkoa dela uste dugulako (errugbi zelaiak, argiztapena, etab.). Aldi berean, kirol-instalazioetan inbertsioak egiteko eskaera luzatu diegu, 0 eurotik 180.000 eurora pasatzea (Arpillaoko hostalaritza lokalaren egokitzapena 40.100 euro eta Ardantza errugbi zelaiko argiztapena 136.281,28 euro).

EAJk hurrengo arloetan planteatzen dituen murrizketen aurrean, Plentziako EH Bildutik aurreko urteetako datuetara hurbiltzea proposatzen dugu: Gobernuz Kanpoko Erakundeen subentzioak, EAJk planteatzen dituen 20.830 eurotik 24.622 eurora; Brigadaren errefortzua, hiru ofizialen kontratazioa 0 eurotik 53.109 eurora; umeen parke berri baten eraikuntza 164.615,24 eurora; Plentziako hiri mugikortasun jasangarrirako plana eta Irisgarritasun Planaren eguneratzea, orotara 567.376,88 euro. Gastu hauen finantzaketarako Areatza kaleko asfaltatzea (591.492,1 euro) aurrekontuetatik ateratzea proposatzen dugu, zuzenean udal soberakinekin ordaindu daitekeelako.

EH Bilduren ekimenez, Legebiltzarrak Plentziako portua berrantolatzeko proiektua gelditzeko eskatu dio Lakuari

Lanak hasi aurretik portuaren eta itsasadarraren garbiketa eta babesa bermatu eta ontzi guztien inbentarioa egiteko galdegin dio Jaurlaritzari, bai eta prozesu parte-hartzailea irekitzeko ere, proiektua hobetze aldera.

Plentzia,Itsasadarra,Portua | 2019-12-12 06:38:00

EH Bilduren legez besteko proposamena aintzat hartuta, Legebiltzarrak Plentziako portua eta itsasadarra berrantolatzeko proiektua behin-behinean gelditzeko eskatu dio gaur Jaurlaritzari, “herrian zalantzak eta ezinegona sortu baititu, bestek beste, proiektuak berak ez dituelako hainbat agertoki aurreikusten”, Maider Otamendik ohartarazi duenez. Podemosek eta PPk bat egin dute EH Bilduren proposamenarekin eta EAJ eta PSE kontra agertu dira.


Gehiengo parlamentarioak adostutakoaren arabera, proiektua martxan jarri aurretik, Gobernuak portuaren, bokalearen, itsasadarraren eta inguruaren garbiketa, babesa eta zaintza bermatu eta ontzi guztien inbentario zehatza egin beharko du. Inbentario horrek abandonatutako ontziak ere barne hartuko ditu eta Lakuak ofizioz erretiratu beharko ditu.


Halaber, EH Bilduren proposamenari jarraituz, Legebiltzarrak prozesu parte-hartzaile bat ireki dezala galdegin dio Jaurlaritzari proiektua hobetzeko. Otamendik azaldu duenez, “prozesu horretan itsasadarraren erabiltzaileek eta ur-, jolas- eta kirol-klubek parte hartuko dute itsasadarra eta portua berrantolatzeko plana hobetzeko eta ahalik eta adostasun handienarekin burutu ahal izateko”.
 

ALBISTEAK

🚧 📬Txipio bidean egindako obren inguruan informazioa eskatu diogu udaletxeari

2020-07-17 17:00:00

URAk babestutako inguruan egindako obren harira PDFan atxikita doan informazio eskaera luzatu diogu udal gobernuari.

🏥✂ Gure herrietan osasun arloan emandako murrizketen aurrean Plentziako alkatesari egindako proposamena

2020-06-25 07:00:00

#Plentzia eta #Gorliz|ko anbulategietan emandako murrizketak ikusita, Plentziako alkateari bere eskuhartzea eskatu diogu, egoera ahalik eta lasterren konpondu dadin.