AKTUALITATEA


| 2020-01-17 07:59:00

Bizimeta zerbitzua etenda
Joan den azaroaren 27an, Uribe Kostako Mankomunitateak Bizimeta zerbitzua etetearen berri eman zuen, osoko bilkuran gaia bozkatu gabe. Bizimeta zerbitzua bertan behera uzteko arrazoia, bizikletak alokatzeko zerbitzu publiko horrek azken urteetan izan duen erabiltzaile galera izan da, eta horrek zerbitzuaren azpiegituren egoeran izandako eragin kaltegarria. Bizikletak eta beraiek alokatzeko makinak oso zaharkituta omen daude eta egun egin beharreko inbertsioa (200.000 euro inguru, Mankomunitateko arduradunen esanetan) handiegia da Uribe Kostako 7 udalerriak biltzen dituen erakundearentzat.


Esan beharra dago erabaki hau Mankomunitateko Presidenteak hartu duela, osoko bilkuratik kanpo. Gogora dezagun, EAJ-ren esku dagoela bai Lehendakari zein Lehendakariorde karguak (Berangoko eta Sopelako alkateak, hurrenez hurren), bai Mankomunitatearen ordezkaritzaren gehiengoa osoko bilkuran, 15 ordezkarietatik 11 atxiki baituzte jeltzaleek.


Ondorioz, Bizimeta zerbitzua 2020ko urtarrilaren 1etik aurrera eten egin da, Mankomunitateak zerbitzuaren inguruko hausnarketa egin bitartean. EH Bilduko bi ordezkariek zerbitzua berriz abian jartzeko epe eta ekintza zehatzak finkatzearen beharra aldarrikatu zuten.

 

Mankomunitateak “hiltzen” utzi du Bizimeta
2009an martxan hasi zen Bizimeta. KOOPERA kooperatibari esleitu zitzaion zerbitzu hau kudeatzeko kontratua (gizarte ekimenezko kooperatiba, alegia, onura publikoko aitormena duena) eta erakunde honen helburu nagusia soziala izanik, diru esleipen murriztu batekin egin ahal izan dio aurre zerbitzuari: 4 langile daude zerbitzuaren mantenuaz arduratzeko eta bizikletak alokatzeko ordenagailuak 2008tik berriztu gabe daude. Bizikletak ere zaharkituta daude: berrienak, duela 5 urtekoak dira eta bizikleta elektrikoen kasuan, bateriek 3 urte dituzte (baterian bizi itxaropena, 3 urtetakoa da). Kontutan izan behar da, bizikletak kalean egonda jasaten duten igadura handiagoa dela. Hau da, Mankomunitateak ez du zerbitzuan inbertitu. “Hiltzen” utzi du Bizimeta zerbitzua. Bizimeta-ren mugak kontutan izanda ere (eguneko 30 erabiltzaile bataz-bestez, udaberri eta uda sasoian), oso zerbitzu interesgarria da eskualdearentzat. Izan ere, motordun ibilgailuaren ordezko garraio bezala erabili izan da, batez ere, ibilbide zehatza batzuetan: Sopelatik Berangora, Urdulizeko punta batetik bestera eta Plentzi-Gorliz, Gorliz-Armintza zein Barrika Sopela ibilbideetan.

 

EH Bilduren salaketa eta proposamenak
Uribe Kostako EH Bilduk gogor kritikatu du zerbitzu publiko honetan Mankomuniteak egin duen kudeaketa:
planifikazio falta nabaria izan da, zerbitzu honekiko Mankomunitateak izan duen interes faltaren erakusle. Funtsean ez dira inbertsiorik aurreikusi ez eta gauzatu mugikortasun eredu jasangarri eta alternatibo honetan.


Kritikaz haratago, EH Bilduk benetako mugikortasun jasangarri baten aldeko aldarrikapena egin du, plangintza eta ekintza zehatzetan oinarrituta. Mankomunitateko arduradunek aipatzen duten “hausnarketa” hori epe eta ekintza zehatz batzuk izan behar ditu, gaur egun finkaturik ez dituenak. Izan ere, Mankomunitateko lehendakaritzak ez du bere gain hartu inolako konpromiso zehatzik zerbitzua berriz ere abiarazteko.


Gauzak horrela, zerbitzuaren bideragarritasun plan bat egitea ezinbestekoa da, kronograma zehatz batekin. Baina ez hori bakarrik, Uribe Kostako Mankomunitatea osatzen duten Udalerriek benetako apostua egin behar dute mugikortasun jasangarriaren alde eta horrek, gure eskualdeko bidegorri sarea hobetu, osatu eta lotzeko konpromisoa hartzea dakar.