AKTUALITATEA


| 2025-11-20 18:18:00

Alderdi subiranista “pozik” agertu da 2026ko kontuei, zuzenketa partzialen bidez, egin dizkien ekarpenekin. EH Bilduk eta Nafarroako Gobernuak aurrekontuen inguruan lortutako zazpigarren akordioan jasotzen denez, zuzenketa horiek alderdi subiranistak proposatuta aurreproiektuan jada sartutako edukiari gehitzen zaizkio.

Ostegun honetan erregistratutako zuzenketak 4.420.000 euroko balioa dute guztira, “eta horri gehitu behar zaizkio aurrekontuen aurreproiektuan bertan txertatu genituen ekarpenak, baita aurreko urteetan gaitutako aurrekontu-partidak ere, hurrengo aurrekontu-proiektuetan finkatu direnak”.

EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioak 2026. urterako Nafarroako Aurrekontu Orokorren Proiektuari buruzko 151 zuzenketa partzial aurkeztu ditu guztira, eta horietatik 71 kontuak onartzea ahalbidetuko duten beste talde batzuekin batera erregistratu dira.

Taldeko bozeramaile Laura Aznalek esan duenez, “egin ditugun ekarpen guztiak Gobernuarekin lortu genuen aurrekontu-akordioarekin bat datoz”. “Aurten zazpigarren aurrekontu akordioa sinatu dugu. Zazpi akordio horiei esker, urtez urte aurrekontu berrituak ditu Nafarroak. Guztira, dagoeneko hamaika urte dira Nafarroak aurrekontuak dituela”, nabarmendu du. Eta, alde horretatik, EH Bilduk izan duen “paper erabakigarria” azpimarratu nahi izan du.

Ildo horretan, Aznalek adierazi du EH Bilduren ekarpenen helburu nagusia “zerbitzu publikoak indartzea izan dela, herritarren ongizate maila hobetzeko”. “Zerbitzu publiko sendoak, kalitatezkoak, unibertsalak eta doakoak behar ditugulako, gizarte osoari erantzuna emango diotenak eta bereziki kolektibo ahulenak babestuko dituztenak. Aurrekontuak langileen eta gehiengo sozialen beharrak hobeto asetzeko tresna izan behar dira, horregatik jarri ditugu pertsonak, haien kezkak eta beharrak erdigunean ", azpimarratu du.

Hala, EH Bilduk zerbitzu publikoak indartzeko eta zabaltzeko egindako ekarpenak nabarmendu ditu. Gizarte-zerbitzuei dagokienez, aurreproiektuan jasotako proposamenen eta zuzenketa partzialen batura 4.320.000 euro ingurukoa da. “Gure ekarpenak Etxez-etxeko Arreta Zerbitzuari, eguneko zentroei, haur eta nerabeekiko prebentzio komunitarioari eta desgaitasuna edo mendekotasuna duten pertsonei, adinekoen egoitzei eta etxebizitza kolaboratiboei zuzenduta daude, funtsean”.

Osasun arloaren barruan, “osasun sistema publikoa indartzera bideratutako” ekarpenak egin ditu EH Bilduk. Hala, osasun-azpiegituretarako, osasun-garraiorako, ekipamendu medikorako, eskualdeko ospitaleetarako eta osasun mentalera bideratutako zuzenketak nabarmendu dituzte.

EH Bilduk adierazi du lurralde kohesioa lehentasunezko beste ardatz bat dela alderdiarentzat. Hala, aurreproiektuan sartutako ia zortzi milioi euroei ia beste bi milioi gehitu zaizkie zuzenketa partzialetan. Kirol instalazioetara eta Nafarroako hainbat udalerritako hezkuntza azpiegituretara bideratutako partidak nabarmentzen dira, bai aurreproiektuan eta bai zuzenketa partzialetan jasotakoak.

Horrela, despopulazioaren aurkako borrokarekin duen konpromisoa azpimarratu du alderdi subiranistak. “Ezinbestekoa da udalerri eta lurraldeko eremu ezberdinen arteko ekitatea bilatuko duten baliabideak gaitzea, kohesio sozial bat lortzeko ezinbestekoa baita lurralde kohesioa”. Hala, EH Bilduk era askotako zuzenketa ugari erregistratu ditu Nafarroa osoko udalei zuzenduak, Pirinioetako, Lizarraldeko eta Erriberako eremuetan eragin handia dutenak.

Era berean, trantsizio energetiko planifikatu eta demokratiko baterako, EH Bilduk aurreproiektua aberastu du milioi bat euro baino gehiagorekin komunitate energetiko eta ibilgailu elektrikoen kargagailuetarako, besteak beste.

Hizkuntza eskubideei dagokienez, alderdi soberanistak jauzi kualitatiboa eman du pertsona helduei euskara ikasteko ematen zaizkien laguntzetan, eta mugarri bat lortu du A2 eta B1 mailako doakotasun unibertsalean. Era berean, “euskararen presentzia sustatzen jarraitzen dugu ikus-entzunezkoetan”. Gainera, “pertsona helduen euskarazko alfabetatzearen doakotasunean aurrera egiten jarraitzen dugu, eta irabazi asmorik gabeko gizarte-erakundeei laguntzen, euskara sustatzeko”. Hori guztia 600.000 eurotik gorako ekarpenekin.

Nafarroako hezkuntza sistema publikoa indartzeari begira, “0-3 zikloa, udal musika eskolak eta hezkuntza azpiegitura publikoak lehenetsi ditugu, hiru milioi euro baino gehiagoko ekarpenen bidez”. Halaber, aurreproiektuan Faltzesen D ereduko lerro bat sortzeko 550.000 euro sartu izana nabarmendu du EH Bilduk. “Urte askoan lan egin dugu eskaera dagoen herrietan lerro berriak sortzeko; horretarako, iaz lortu genuen Gobernuarekin protokolo bat adostea, D ereduko lerro berriak sortzeko balioko zuena, eta oraingo honetan aurreproiektuan partida behar bezala hornitzea adostu genuen, Faltzesko zenbait familiak beren herrian euskaraz ikasi ahal izateko duten eskaera egia bihurtzeko”, azaldu du.

Era berean, politika feministak eta indarkeria matxistaren aurkako borroka dira alderdi subiranistaren beste lehentasun batzuk eta, hortaz, ia 700.000 euroko proposamenak egin ditu eremu horretan.

EH Bildu ziur dago zuzenketa horiek guztiak onartzeak "funtsezko hobekuntza" ekarriko diela aurrekontuei, "Nafarroako herritarren eskubideei baita zerbitzu publikoen eta hainbat gizarte-sektoreren egungo beharrei ere erantzunez". Era berean, EH Bilduk adierazi duenez, "foru Gobernuak gurekin duela gutxi sinatutako akordioan hartutako konpromisoen eta onartutako partiden betetze eta gauzatze maila zorroztasunez jarraituko dugu, azken urteotan egin dugun bezala".