EH Bilduk ezagutzera ematen ditu Kongresu eta Senaturako azaroaren 29ko hauteskundeetako hautagaitzak. Azken urteotan Madrilen eginiko lanari jarraipena emateko apustua berretsi du proposamenak, belaunaldi aldaketa bultzatu eta udalgintzan zein parlamentuetan ibilbide politiko eta instituzional zabala daukaten profilak txertatuz.
Hautagaitzen parte diren pertsona guztiek bete-betean partekatzen eta ordezkatzen dute Euskal Herria Bilduren proiektu kolektiboa. Bloke erreakzionarioari partida irabazteko eta herritarren eskubide eta askatasunetan aurrera egiten jarraitzeko asmoarekin aurkeztu da EH Bildu hauteskunde erabakigarri hauetara.
EH Bilduren zuzendaritza Donostian bildu da gaur, eta ezeren aurretik, Mertxe Aizpurua, Bel Pozueta eta Jon Iñarrituren lana eta konpromisoa aitortu ditu. Pertsona militante eta ausartek osatzen dute ezker subiranistaren komunitatea, proiektu kolektibo baten alde lan egiten dutenak, herriari eta herritarren beharrei erantzuteko borondate irmoarekin. Kongresuko eta Senatuko talde parlamentarioek urteotan egindako lana ere nabarmendu du ezker subiranistaren zuzendaritzak.
Mahai Politikoak oso positibotzat jo du urteotako lana, eta uste du, egindako esfortzuari esker, Euskal Herria baldintza hobeagoetan dagoela aurrean dituen erronkei aurre egiteko. Indar subiranistaren arabera, euskal herritarrek ere lan hori aitortuko dute hautetsontzietan azaroaren 29ko hauteskundeetan.
Nafarroan, Kongresurako zerrendaburua Eneka Maiz Ulaiar izango da, egungo foru parlamentaria eta Etxarri-Aranazko alkate ohia. Nafarroako Hezkuntza Kontseiluko eta Euskararen Nafar Kontseiluko kidea da, eta ikerketa soziolinguistikoari, hezkuntzari eta euskalduntzeari estuki lotutako ibilbide profesionala eta militantea garatu du urteotan, bai haurren artean eta baita helduen artean ere.
Mikel Oteiza Iza Atarrabiako alkatea, Ainhoa Bueno Munarriz gazte mugimenduko militante eta Abaurregainako zinegotzia eta Arturo Goldaracena Asa Tafallako alkate ohia dira hautagaitzan hurrengoak. Bel Pozueta Fernandezek ere osatzen du Kongresurako zerrenda, azken bi legealdietan Nafarroako ezkerreko subiranismoaren ahotsa izan ostean Kongresuan.
Peio Martinez de Eulate Maestresalas pilotari eta Iruñeko Udaleko zinegotzi ohiak, Iraia De La Torre Landera Azagrako militante euskaltzaleak eta Beñat Jusue Rosano EH Bilduko Erriberako arduradun politikoak osatzen dute Nafarroako zerrenda.
Floren Aoiz Monreal EH Bilduren Espainiako Estatuko Harreman Politikoen arduraduna, idazlea eta Iratzar Fundazioko presidentea izango da Senaturako hautagaitzaren buru. Alboan izango ditu Paula Garcia Garcia, EH Bilduko Iruñeko arduradun politikoa eta mugimendu feministako militantea, eta Angel Martin Unzue Ayanz, sindikalista eta Agoitzeko alkatea.
Hego Euskal Herriko gainerako lurraldeei dagokienez, Kongresurako Arabako zerrendaburua Mikel Otero Gabirondo izango da, eta Senaturako zerrendaburua, berriz, Josu Estarrona Elizondo; Bizkaian, Oskar Matute García de Jalón izango da lehen postuan, eta Kongresuko Talde Parlamentarioaren bozeramailea izango da, Senatuan; Edurne Bideguren Gabantxo; eta azkenik, Gipuzkoan, Oihana Etxebarrieta Legrand izango da Kongresurako zerrendaburua, eta Senatuan, Sonia Jacinto garcía izango da.