AKTUALITATEA


| 2023-05-05 11:42:00

Nafarroako Gobernuko presidentegai Laura Aznalek nabarmendu du EH Bilduren hautagaitza kopupuraren hazkundea maiatzaren 28ko hauteskundeetarako. Horien artean Tuteran EH Bildu gisa lehen aldiz aurkeztearen balioa azpimarratu du, eta honakoa defendatu du: “Nafarroan osoan zehar gero eta hautagaitza gehiago ditugu, eta hauteskunde hauetan jauzi garrantzitsua egingo dugu Erriberan ere”.

Aznalek adierazi duenez, EH Bilduk “urteak daramatza ezkerreko gehiengoak eta aurrerakoiak eratzeko, eskubideetan aurrera egiteko eta eskuindarren politikei aurre egiteko bermea dela erakusten”. “Gauza bera erakutsiko dugu orain Tuteran ere, Toqueroren politika sektarioen aurrean”.

Ildo horretatik, Nafarroako Gobernurako hautagaia jakitun da “osasungintza jendearen kezka nagusietako bat” dela, eta gogora ekarri ditu EH Bilduk legealdi honetan bultzatu dituen hainbat neurri, hala nola Tuterako Ospitaleko ZIU eta ebakuntza-gela berriak zabaltzea, oinarrizko osasun-eremu horretarako kontratazioak edo Gayarre Osasun Zentroa handitzeko proiektua. Hala, Aznalek adierazi duenez, “oso argi dugu Erriberan erronka garrantzitsuak ditugula beste hainbat eremutan ere: etxebizitzaren, enpleguaren, gizarte-kohesioaren eta kultura-aniztasunaren arloan; eta horiei aurre egiteko prestatuta gaude”.

Bestalde, Edurne León Tuterako Udaleko EH Bilduren zerrendaburuak nabarmendu du Erriberako hiriburuak “aire freskoa” behar duela. “Zentralismoaren eta inposizioaren aurrean, guk Erriberaren alde egiten dugu, Erriberako herri guzti-guztien garapenaren eta bidezko finantzaketaren alde”, esan du.

Leonek azaldu duenez, EH Bilduk Tuterarako dituen proposamenek honako helburuak dituzte: “tokiko merkataritza eta industria garatzea, zaharberritu eta bizi den Alde Zaharra, hiri berdeagoa eta iraunkorragoa, herritarrentzat duinak eta irisgarriak diren zerbitzu publikoak eskaintzea, hirugarren Osasun Zentro bat duen Lourdes auzoa izatea bai eta auzoak bere esentzia eta berezitasuna ez galtzea”. Azken finean, “parte hartu nahi duten guztiei zabalik dagoen Udala eta Tutera nahi ditugu, guztion artean eraikiko dugun Tutera”.

Hala, Leónek adierazi duenez, “EH Bilduk erakutsi du gero eta erabakigarriagoa dela bai Nafarroan bai Estatuan”, eta “Tuteran ere erabakigarriak izan behar dugu”. “Hiri honek beste bultzada bat behar du, eta horixe da EH Bilduren Tuteran zerrendako pertsona guztiok dugun konpromisoa”, azpimarratu du.