AKTUALITATEA


| 2021-09-24 11:18:00

EH Bildu Nafarroak “gogor” kritikatu du Konstituzio Auzitegiak duela ordu batzuk argitaratutako epaia, hiru lege baliogabetu eta Nafarroako Foru Berriko beste hiru zehaztu dituena. “Onartezintzat” jo du “KAk Nafarroa beste autonomia-erkidego batzuekin parekatzea, eta, beraz, Nafarroak bere arau zibilak arautzeko eskumen historikoak dituela alboratzea”.

Arantxa Izurdiagak, Foru Berria aldatzeko eta eguneratzeko Ponentziako presidente eta EH Bildu Nafarroako parlamentariak kritikatu duenez, epaian emandako argudioa “Foru Berriaren Legearen espirituaren guztiz kontrakoa da”.

Izurdiagaren hitzetan, “Konstituzio-Auzitegiak bere eskumenak gainditzen ditu gure zuzenbide zibilari dagozkion legeak interpretatzeko orduan, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiari legokiokeena”. “Espainiako Konstituzioa tresna bateratzaile gisa erabiltzeko beste saiakera bat da honakoa eta, beraz, Nafarroaren ahalmen legegilea eta gure esparru juridikoa erabakitzeko gaitasuna murrizteko saiakera da”, kritikatu du.

EH Bilduko parlamentariaren iritziz, epaiak “zalantzan jartzen ditu Nafarroako zuzenbide zibilean aurrerapauso handiak dakartzaten alderdi garrantzitsuak, zeinetan Nafarroak jada bazuen zenbait eskumen, hala nola ordainean ematea edo kredituak lagatzea”. Izurdiagak defendatu duenez, “funtsezko tresnak dira herritarren eskubideei lehentasuna emateko, bankuen interesen aurrean, eta, hain justu, tresna horiek dira KAk baliogabetu nahi dituenak, herritarren interesen kaltetan eta beste interes jakin batzuen alde”.

Ildo horretatik, Izurdiagak balioan jarri du araua aho batez onartu zela Nafarroako Parlamentuan, bai eta “hiru urtez gizarte zibilaren partaidetzarekin eta legelari adituen gainbegiratze zorrotzarekin egin dugun lan handiaren emaitza” dela ere. “Gure autogobernua gizartearen zerbitzura gauzatzearen adibide argia da”, nabarmendu du.

Hala, alderdi politikoak defendatu du lanean jarraituko dutela Foru Berria “bere osotasunean” indarrean egon dadin. “Azkenaldian indartzen ari diren jarrera birzentralizatzaile eta autoritarioen aurrean, gure autogobernuan sakontzeko apustua egiten dugu EH Bildun, Nafarroa eta Estatuaren arteko benetako alde biko harreman batekiko errespetuagatik eta sinetsita gaudelako gizarte bidezkoago, berdintasunezkoago eta solidarioago baterantz aurrera egiteko tresnarik onena dela, gure Foru Berrian islatzen den bezala”, aldarrikatu du.