AKTUALITATEA


| 2022-06-17 11:04:00

EH Bildu eta Olloki Esteribarko udal taldeek zentsura mozio bat erregistratu dute gaur goizean ibarreko Udalean, 10 egun baliodunean eginen den osoko bilkura berezian eztabaidatuko dena.

EH Bilduk adierazi duenez, “helburu nagusia, egungo Alkatetzaren akordio-gaitasun eza dela eta, bailarak bizi duen paralisi-egoeratik irtetea da”. “Horren ondorioz, aurrekontuak ez dira onartu, egungo alkateaaren eta berau gobernura lagundu zuten taldeen arteko elkarrizketa eten egin da, eta horren guztiaren ondorioz etorkizunari begira zalantzak sortzen dira. Entzungor egin die EH Bilduk eta Olloki Esteribarrek egindako akordio-proposamenei. Hori guztia egoera ekonomiko eta sozial oso zailean”, gaineratu du.

Egoera honen aurrean, mozioa aurkeztu duten bi taldeek “bailararentzako lehentasunezkoak eta premiazkoak diren gaiei buruz hitz egin, hausnartu eta sakondu dute. Ondorioz bederatzi puntuko akordio bat jaso eta sinatu dute, eta puntu horiek izango dira, hain zuzen, legealdi honen bukaera arteko lan-ibilbide orria. Ziur gaude akordio zabalak lortu daitezkeela bailarako erronkei eta arazoei aurre egiteko, lidergo sendo, partekatu eta inklusibo baten bitartez”.


Ildo horretan, “sinatutako akordioan jasotzen dira 2022-2028rako aurreikusitako inbertsioetako batzuk, aurrekontuen negoziazioa eta onarpena, bailarako industria eta merkataritza dinamizazioa, Zubilan enpresa publikoaren sustapena eta garapena eta Ollokiri buruzko hausnarketarako eta lanerako esparru bat sortzea, herriaren kudeaketa hobetzeko helburuarekin”.

Hala, “Udalaren norabidea aldatu nahi dugu. Elkarrizketan, akordioan eta adostasun handietan oinarrituz, alde bakarreko gobernuari eta gutxiengoari buelta emanez. Horretarako, udal talde guztiak izango ditugu lagun, eta ibarreko bizilagunen eskutik joango gara, behar dituzten erantzunak eman ahal izateko”, defendatu de EH Bilduk.