EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioa ez da joanen Nafarroako Parlamentutik Bardeako tiro poligonora programatutako bisitara, zein bertako instalazioak eta bertan egiten diren praktika eta ariketa militarrak ezagutzeko helburu duen. Hala jakinarazi du talde parlamentarioak ohar batean: EH Bilduk “ez du inondik inora Espainiako Armadaren legitimazioan lagunduko”, eta tiro poligonoa desegiteko beharra aldarrikatu du berriz ere, “instalazio militar bat izatea parke naturalari balioa ematearekin bateraezina den zerbait delako, baita lur hauetako landare eta animalia habitat aberatsa zaintzearekin ere”.
Horrela, EH Bilduk defendatu duenez, “Nafarroa izaera intsumiso sakoneko lurra da, armadari eta gerrari beti argi eta garbi ezetz esan diena, nafarrok bakearen eta elkarbizitzaren balioen gainean eraikitako gizartea nahi dugulako”. “NATOko indarrek parte hartu duten gerra bidegabe askotarako entrenamendu eremu izatera behartu dute Nafarroa, eta bada garaia gure lurraldeko zeruetan gerra hotsei amaiera emateko”, gaineratu du.
Alderdi politikoak gogora ekarri duenez, Bardeako tiro poligonoa 1951n ireki zuen diktadura frankistak eta “Espainiako Estatuko tiro-eremu bakarra eta Europako zabalena da: NATOk azken hamarkadetako gerra nagusietan esku-hartzea prestatu duen erabilera militarreko 2.000 hektarea inguru”. Horregatik, “Nafarroako gehiengo sozialak eskatzen duen bezala, premiazkoa da behin betiko ixtea, are gehiago Ukrainan eta Gazan bizi diren gatazka belikoen egungo testuingurua kontuan hartuta”, aldarrikatu du EH Bilduk.