AKTUALITATEA


| 2019-10-02 11:49:00

EH Bilduk gogor salatzen du Nafarroako Auzitegiak bigarrenez euskara meritu gisa aintzat hartzeko lege eskakizunen aurka egin izana. Bakartxo Ruiz bozeramaileak adierazi duen bezala, “atzokoan ezagutu genuen epaia nafar guztiona den hizkuntza gutxiesteko eta zokoratzeko sektore erreakzionarioen beste saiakera bat izan zen eta, gaurko epaiak, zoritxarrez, helburu horrekin temati jarraitzen dutela berresten du”. “Sineskaitza, onartezina eta lotsagarria da bi erabakiek nafar guztiona den hizkuntzarekiko eta Nafarroako euskaldunekiko erakusten duten mespretxua” gaineratu du.

Halaber, Ruizek adierazi duenez, “balizko gobernu “aurrerakoi” batek herritar guztien eskubide berdintasuna eta kohesio soziala bultzatu beharko lituzke. Hartara, Gobernuari eskatuko diogu, lehenik eta behin, helegitea aurkez dezan eta, bien bitartean, UPNren gobernuek urteotan egindako legearen irakurketa murriztailerik ez egiteko”.

Aitzitik, Ruizek esan bezala, “EH Bildutik berresten dugu egungo euskararen legea eta zonifikazioa gainditzeko premiazko beharra, Nafarroako euskaldun guztion hizkuntza eskubideak bermatzeko”.