Joan den ostegunean, udal batzar aretoan, ikasturte politikoa gure hirian nola igaroko den erakusten duten adibide berriak ikusi genituen. Proiekturik gabeko gobernu-taldea, eta onartzeko punturik gabea, Lizarrako Udala erakunde bezala geldi dagoenaren isla garbia. Gai-zerrendak hiru puntu baino ez zituen, horietako bi ia informaziorik gabeak eta batzordean aldez aurretik eztabaidatu gabeak. Hau, gure hirian ikusten dugunaren beste adibide bat da, Ruiz de Aldaren taldearen kudeatzeko ezintasunak blokeatuta eta proiektu potentzialik gabea.
Osoko bilkuran bizitakoaz gain, UPNk ikasturte politiko berriari hasiera eman dio 2023ko suzirian ikurrina ateratzeagatik 5.000 euroko isuna jartzeko proposamen ankerkerrarekin. Ekintza hau Alkatetzak UPNren ideietatik at dagoen ororekiko erakutsi dituen jarreretan kokatzen da. Horren adibide dira txosnena, Bajadicaren kasuan Udala pertsonatu izanarena, hiriko elkarte eta kolektiboekin kolaboraziorik eta lankidetzarik ez izatearena (EGA Jubilatuen Klubaren Elkartearen adibidea) edo euskarazko jardueren programaziorik ez izatearena. Politika zaharra UPNren inguruan.
Euskal Herria Bildun oso argi daukagu ikasturte politiko honetan aurre egin beharreko erronka berriek herritarrek beren udal ordezkariengandik behar eta espero duten mailan egon behar dutela. Hala, aurreko ikasturte politikoa ixtean, betebehar batzuk utzi genizkion gure buruari, 15 proposamen baino gehiago onartuz gobernu-alternatiba osatzen dugun lau taldeen artean.
Adibidez, eta ikuspegi sozialetik, berdintasun-sustatzaile bat kontratatzeko partidak onartuta, alde zaharrean lokal bat erostea erabilera komunitariorako eta etxebizitzarako, kasu honetan 300.000 €-ko zenbatekoarekin. Kopuru horrek etxebizitzaren gaia gure ekintza politikoaren lehen lerroan jartzeko dugun konpromisoa islatzen du. Gainera, Euskal Herria Bilduk gidatutako gobernu alternatibak bultzatutako proiektu multzo horretan bertan, San Juan zubia eraberritzeko obretarako, Lizarra pilotalekuaren proiektua gauzatzeko eta Santa Klara eta Jubilatuen Klubaren lokala erosteko partidak onartu genituen.
Euskal Herria Bildun oso argi ikusten dugu ezberdinen arteko aliantzak eta akordioak bilatzen jarraitu behar dugula jasangarritasuna eta berdintasuna erdigunean jarriko dituen hiria eraikitzen jarraitzeko. Ruiz de Aldaren gobernuak garatzen ari dituen politika zaharren aurrean, guk aurrera begiratzen dugu. Politika egiteko modu berriak behar dituen Lizarra baten alde, bere aniztasuna kontuan hartu eta balioetsiz erronka berriei aurre egiteko.