AKTUALITATEA


| 2024-07-31 10:51:00

EH Bilduk erabaki hori hartu du ez dagoelako ados gobernu-taldeak La Bota Peña eta Festagiro Taldearekin izan duen jarrerarekin.

 

Gaur, Lizarrako Udaletxean eginiko prentsaurrekoaren bidez, EH Bilduk publiko egin du ez duela parte hartuko heldu den abuztuaren 2an, ortzirala, Egaren hirian festak iragartzeko eginen den Suziriaren ekitaldian.

 

Eta erabaki hori hartu dugu udal-gobernuak bazter utzi dituelako festetako zenbait jarduera eta, ondorioz, hainbat lizarratarren parte hartzea. Izan ere, gobernu-talde horrek, alde batetik, ez dio baimenik eman La Bota Peñari beren txosna Santiago Plazan jartzeko; eta bertzetik, debekatu egin dio Festagiro Taldeari beren txosnak autobus geltokiko atzealdean paratzea. Hori dela eta, uste dugu tenorea dela gure kezka handi hori jendearekin partekatzeko eta, bide batez, kalteturik gelditu diren talde horietako kideenganako elkartasuna adierazteko”.

 

 

Koalizio subiranistaren zinegotziek nabarmendu nahi izan dute aipatu erabakiak “garbi uzten duela bi festa-eredu arras diferenteak daudela. Alde batetik, UPNrena; hona, adibide gisa, Ana Duartek udalbatzan erranikoa: “Festak gobernu-taldeak antolatzen ditu. Bertzetik, EH Bildurena, zeinak garbi baitu “hiritarron festak herriak antolatu eta gozatu egin behar dituela”, eta halaxe jokatu du gobernu-taldean aritu denean. Gisa horretan, gogorarazi egin dute eragile sozialek eta elkarteek festen antolaketan duten berebiziko garrantzia; azken batean, “aipatu kolektiboek aunitzez ikuspegi aberasgarriagoa eta askotarikoagoa eskaintzen dute, eta ikusi bertzerik ez dago orain arte antolatu izan dituzten adin guztietarako jarduerak”.

 

Akitzeko, EH Bilduk dei egin nahi ditu hiritarrak, parte hartzeko eragile sozialek zein elkarteek antolaturiko ekitaldietan. Horrekin batera, jakina, koalizioaren nahia da herritarrok goza ditzazuen heldu den ortziralean hasiko diren festak, eta gozamen horren oinarriak izan daitezela errespetua, lasaitasuna eta irribarrea; azken batean, Euskal Herria Bilduk bizikidetzaren aldeko konpromisoa izan du beti, eta, hortaz, nahiko luke festak ahalik eta alaienak zein aniztasun handienekoak izan daitezen”.