AKTUALITATEA


| 2022-11-09 21:38:00

Lehenengo eta behin, EH Bildu Leioak eskerrak eman nahi dizkio Jokin Ugarteri egindako lanagatik eta bere konpromisoagatik. Jokin Ugarte izan zen EH Bilduren aurreko Leioako alkategaia. Leioako Udalean 12 urtez zinegotzi izan ostean, agintaldia ez errepikatzea erabaki du, baina EH Bilduren udal-taldean jarraituko du lanean.
 

Proposamenak planteatzen du udal proiektua publikoki María José Peleteiro Ramosek eta Eguzkiñe Agirre Velascok osatutako tandemak gidatzea, Hautagaitzan ordena horretan. Ibilbide profesional, politiko eta sozial ezberdina duten bi emakume dira. Maria Jose eta Eguzkiñeren hautagaitzak Leioaren alde lan egiteko borondate argia islatzen du, modu integratzailean, herriko sektore ezberdinetara hurbiltzeko saiakera argi batekin. Jakin badakigu Leioa oso herri anitza dela, gure oinarri sozialak ere aniztasuna du eta horrek aberastu egiten gaitu.
 

Maria Jose Peleteiro, jaiotzez galegoa, 1987an iritsi zen Euskal Herrira. Galizako mugimendu unibertsitario eta feministan parte hartu zuen, ondoren Bilbon mugimendu internazionalistan parte hartu zuen, eta urteetan parte hartu du osasun publikoaren aldeko elkarteetan, baita bizikletaren erabileraren eta mugikortasun iraunkorraren defentsan ere. Medikuntzan eta Osasun Publikoan ikasketak ditu, eta 30 urtez lan egin du Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailean. Lau urte hauetan zinegotzi izan da eta Leioako ingurune naturalaren aldeko hainbat ekimenetan parte hartu du.

 

Eguzkiñe Agirre, jaiotzez leioaztarra, Euskal Filologian eta Haur Hezkuntzan diplomatua da, Bigarren Hezkuntzako irakaslea, udalerriko hainbat taldetan parte hartu du, hala nola Gure Ohiturak Dantza Taldean, 25 urte baino gehiagoz San Juan Bataiatzailearen Abesbatzan, eta gaur egun kontserbatorioko abesbatzetako kide izaten jarraitzen du. Lau urte hauetan zinegotzi izan da eta Arlo Feministan parte hartzen du.

 

Hautagaitza honek gure aniztasuna islatu nahi du, baita udalerriarena eta EH Bilduk Leioa irekia eta aurrerakoia nahi duen gehiengo sozialarekin topo egiteko borondatea, justizia sozialaren, aniztasunaren, feminismoaren, ekologismoaren eta Euskal Herriaren erabakitzeko eskubidearen alde egiten duena. Bada garaia balio partekatu horiek konplexurik gabe islatzeko beste udalerri-eredu batean. Bada garaia gure erakunde hurbilena gehiengoak eskatzen duen norabidean jartzeko.

 

EH Bilduko hautagaien hautaketa irekia da. Tokiko mahai politikoaren proposamena da, baina edozein Bilkidek aurkez dezake bere hautagaitza Leioako Alkatetzarako azaroaren 14tik 27ra bitartean.