AKTUALITATEA


| 2022-06-04 21:50:00

Pinuetan aparkatzeko arazo garrantzitsu bat dugu, urrutitik datorrena eta gobernu taldea etxerako lanak egin gabe harrapatu duena, programa operatiborik gabe. 2019. urtean EH Bilduk Pinueta auzoaren birgaitzea eta aparkaleku publiko baten aldeko proposamena egin zuen eta aurrekontuetan sartu zuen, auzoko aparkaleku-arazoak okerrera egin zuela ikusita. EAJren eta PSEren gobernu taldeak, bere aldetik, akordio hau hautsi zuten. Gainera, aspalditik zekiten Getxok ekainaren 1ean TAO ezarriko zuela, egoera okertuz, eta Leioan, oraindik, eginbeharrak egin gabe zeudela.

Pinueta auzoan TAO ezartzea beharrezkoa da orain, udalaren ekimen faltagatik. Azterketa egin zuen enpresaren azalpenak aparkalekuaren arazoa aztertzera mugatu ziren. EAJren eta PSEren gobernu-taldea ez da haratago joan, eta oraindik ez du arazoa epe ertain eta luzerako estrategiarekin konpontzeko apustu argirik egin.

EHBildun argi daukagu:

1. TAO Pinueta auzoan bakarrik ezarri behar da oraingoz.

2. Doakoa izan behar du egoiliarrentzat eta merkatarientzat.

3. Ez gaude Lamiakon behin-behinekoz ezartzearen kontra, nahiz eta Langileria kalea berriz diseinatzeko parte-hartze prozesu bat beharrezkoa ikusten dugun.

4. Ibaiondon, non arazoa batez ere bertako enpresei baitagokie, haiekin konponbideak bilatu beharko lirateke, TAOri beste aukera bat emateko.