Joan den astean, EAJk Leioako gizalegearen ordenantza berritzeko proposamena aurkeztu zuen, aurretik adostasunik lortu gabe eta gainerako talde politikoen, herritarren eta leioaztar asoziazionismoaren parte-hartzerik gabe. Abstenitu egin ziren PSEko gobernukideek ere ez zuten parte hartu proposamenaren prestaketan.
Ordenantza honek arautuko du herritarrek nola erabil dezaketen espazio publikoa, eta nola erabili behar ditugun oinarrizko eskubideak udalerrian. Gure ustez, Ordenantza garrantzitsua da, eta ezin da inposaketatik sortu; ahalik eta parte-hartze handiena bilatu behar du, ahalik eta adostasun handiena lortzeko. Gure ustez, herritarren parte-hartzea eta gobernantza kooperatiboa funtsezko tresnak dira udalerri eta komunitate gisa aurrera egiteko.
EH Bilduk osoko zuzenketa itzultzailea aurkeztu du, hau da, EAJri eskatzen diogu aurkeztutako proposamena bertan behera uzteko eta prozesu berri bat hasteko, gainerako indar politikoen, elkarteen, erakunde sozialen eta herritarren parte-hartzea errazteko. Egungo proposamenak ez du aldez aurreko adostasunik eta parte-hartzerik.
MOZAL ORDENANTZA baten aurrean gaude. Espazio publikoa Udalaren jabetzakoa dela uste duena, eta herritarrok ezin dugula askatasunez erabili inposatzen duena. Espazio publiko arduratsuaren erabilera sustatu beharrean, debekatutako jarreren katalogo zabal bat baino ez du egiten. Araudiak honako "bitxikeri" hauek ditu: haur-parkeetan bakarrik jolastu daiteke, hortik kanpo ia dena debekatuta eta zigortuta dago, baloiarekin jolastu ezin da jolastu, patinarekin, ur-globoekin...; ezin da parkeetan jan, ezin da kalean abestu, ezin da musika-tresnarik jo, ezin da antzezlan txiki bat egin, ezin da auzo-mahai informatibo bat jarri, ezin da kartelik jarri, ezin da gaueko parkeetan ibili... eta abar luze bat debeku imajinaezinez.
Ordenantza honek ez du tipikotasun-printzipioa errespetatzen, hau da, legeek eta arauek zehapen- edo delitu-jokabideak argi eta zehatz definitzea eskatzen duen printzipio juridikoa. Lege-balio handiagoko beste arau batzuetan jasotako eta zehatutako atalak arautzen ditu, eta, beraz, Non bis in idem printzipioa hausten du. Printzipio juridiko honen arabera, pertsonak ez lirateke bi aldiz zigortu behar gertaera eragile beragatik.
Arbitrariotasuna nagusi den ordenantza, hau da, agintarien kapritxoa eta erabakia oinarri objektiboen eta justifikazio arrazionalaren gainetik jarriko dituena.
Espazio publikoa ondasun kolektiboa eta komunitarioa da. Udalak honen erabilera bultzatu behar du, komunitateko bizitza eta herritarren partaidetza sozio-politikoa hobetzeko, erabilera proportzionala sustatuz eta gainerako herritarrekiko errespetuan. Leioako EAJ kontrako norabidean doa: debekatu, debekatu eta debekatu eta zigortzen jarraitu. Horretarako, Fraga Iribarne frankistaren ikusmolde bera erabiltzen dute: kalea nirea da.
EH Bilduk gobernantza kooperatiboaren alde lan egiten jarraituko du, herritarren benetako parte-hartzea sustatuz eta espazio publikoaren erabilera askatasun eta berdintasun baldintzetan sustatuz. Gobernu Taldeak Mozal Ordenantza hau onartzeko asmoan jarraitzen badu, asoziazionismoa eta herritarrak alegazioak aurkeztera animatzen ditugu, eta Udal Gobernura iristen garenean Ordenantza hau indargabetzeko konpromisoa hartzen dugu.