Egun ez dago horren inguruko araudirik eta, Josu Estarronak azaldu duenez, legez arautzeak gailu horiek erabiliz ondarean eragin daitekeen kaltea minimizatzea eta espoliazio kasuak ekiditea ahalbidetuko luke. “Xedea ez da gailu horiek debekatzea, erabilera egokia bermatzea baizik”.
Nerea Kortajarenak iragarri duenez, EH Bilduk proposamen hori eramango du, besteak beste, erronka demografikoari buruzko pleno monografikora. 12 urtez azpiko umeentzat garraio publikoa doakoa izatea ere nahi du.
Nerea Kortajarenak esan duenez, lege berria babes sistema berdiseinatu eta eskubideak zabaltzeko aukera bat da, eta EH Bildu norabide horretan akordioak josteko prest dago. Ohartarazi du, hala ere, proiektuan eginiko hobekuntzek ez dituztela urteetako murrizketa guztiak desegiten.
Gobernu espainolak galdara komunitarioak dituzten etxebizitzak merkatu araututik at utzi dituen araudia aldatu bitartean, Jaurlaritzak aparteko bonu bat ordaintzea proposatu du Mikel Oterok, hilean 500 eurora arteko fakturak jasotzen ari diren milaka familiei laguntzeko.