AKTUALITATEA


| 2021-05-05 13:18:00

Espero bezala, EAJ eta PSE Legebiltzarrean duten gehiengo osoaz baliatu dira Santa Marina eta Basurtuko ospitaleetako txertaketa irregularren auzian inplikaturiko hainbat arduradunen agerraldiak, oposizioko taldeek eskatutakoak, eragozteko. Finean, txerto irregularren afera behingoz argitzea ahalbidetuko zuten ahotsak entzutea galarazi dute eta, hala, zerbait ezkutatu nahian dabiltzala utzi dute agerian, Rebeka Uberak leporatu dien moduan. “Ez baduzue ezer ezkutatzeko, Osasun sailburuak eta Osakidetzako zuzendariak egia esan badute, ze arazo dago inplikatuta dauden parte guztien ahotsa entzuteko, agerraldiak egiteko? Gobernuak lehenengo interesatua izan beharko luke. Beraz, jokabide honek erakusten du Osasun sailburua erantzulea dela, Legebiltzarrean azalpenak eman zituenean gezurra esan zuela, ez dela Santa Marinan eta Basurtun gertatu zena ikertu eta argitu nahi; hori da gaur agerian geratu dena”.
EH Bilduko legebiltzarkideak salatu duenez, “EAJk eta PSEk txertaketa irregularren auzia atzeko atetik itxi nahi izan dute, ikertu gabe eta auzian parte direnen ahots guztiak entzun gabe, auzitan dagoen arduradun nagusiaren ahotsa soilik entzunda”, Gotzone Sagardui Osasun sailburuarena, alegia.
Azalpenak ez talde parlamentarioei, baizik eta herritarrei zor dizkietela gogorarazi die Uberak EAJ eta PSEri, eta ohartarazi die gaur gizartearen aurrean sinesgarritasuna galdu dutela, afera argitzeko balio izango zuten agerraldiak galarazteagatik. “Bozketa irabazi duzue, baina galtzaileak zarete, galtzaileak eta koldarrak. Tristeena, hala ere, guztiok galtzen dugula da, horrela politika eta Legebiltzarra bera desprestigiatzen dituzuelako. Zer pentsatuko dute herritarrak, politika eta erakundeak interes propioen baitan erabiltzen baldin dira? Politikaren alde ona azaleratu beharrean, gaur politikaren alde iluna, alderdikoia gailendu da”.