AKTUALITATEA


| 2022-01-14 12:41:00

EH Bilduk antigeno testak farmazietan eRezetaren bidez banatzea proposatu du; hau da, bestelako botiken salerosketan erabiltzen den sistema baliatuta. Horrek, azaldu du Rebeka Uberak, bai pentsiodunei, bai 18.000 eurotik beherako errenta duten herritarrei testak, kopuru zehatz bat, doan jasotzeko aukera emango lieke. Uberak hala planteatu du gaur bertan aurkeztu duen legez besteko proposamen batean, eta datorren astelehenean zuzenean eskatuko dio Gotzone Sagardui Osasun sailburuari azken honek Legebiltzarrean egingo duen agerraldian.

Uberak adierazi duenez, antigeno testak prebentzio estrategia baten funtsezko bitartekoetako bat dira “transmisio komunitarioa gainditu eta kutsadura eten” ahal izateko eta, beraz, “ahalik eta test gehien” egitearen garrantzia azpimarratu du. Bere iritziz, “akatsa da testak sintomatikoak eta kolektibo kalteberak diagnostikatzeko bakarrik erabiltzea, proba horiek inoiz baino garrantzi handiagoa izan dezaketelako birusaren kutsadura eteteko prebentzio tresna gisa ere”.

Horren ildotik, EH Bilduko legebiltzarkideak erantsi du nahitaezkoa dela Osakidetzak kasu positibo guztien berri izatea, eta orain arteko protokoloa aldatzeko haren erabakia kritikatu du. “Ez da ulergarria positibo ematen duten herritar asintomatikoen jakinarazpena ez jasotzeko Osasun Sailak hartu duen erabakia, horrek ondorio negatiboak izango dituelako. Batetik, Osakidetzak ezin izango du egoera erreala ezagutu eta, bestetik, ezinezkoa izango da dela pandemiaren bilakaera behar bezala aztertu, osasun egoera ahalik eta hobekien ebaluatzeko eta unean-unean hartu beharreko neurriak zehazteko”. Hori dela eta, farmazien plataforma eta Osakidetzaren webgunea baliatzeko eskatu dio Osasun Sailari, herritarrek emaitza positibo guzti-guztiak komunikatu ahal ditzaten.