AKTUALITATEA


| 2021-04-16 17:02:00

Jaurlaritzak Euskadiko Hidrokarburoen Sozietatea (SHESA) desegin dezala eskatu dio gaur EH Bilduk Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen sailburuari. Mikel Oterok esan dionez, behin gas putzuak, Gasteizko Armentia-2 proiektua barne, esploratzea eta ustiatzea betiko baztertuta, “SHESA ixteko prozedura hasiko duzula iragartzeko aukera duzu gaur, itxiera aurreratzen dugun egun bakoitzeko aurrezten dugun dirua norabide egokian, energia berriztagarrietan, alegia, inbertitu ahal izango dugulako”.
EH Bilduko legebiltzarkideak gas putzuak esploratzen eta ustiatzen hainbeste urtez tematu izana aurpegiratu dio Tapiari, adierazle guztiek hori akats larria zela agerian uzten zutelako. “Azkenean errealitatea gainetik pasatu zaie” eta Jaurlaritzak amore eman behar izan du, baina bidean diru publikoa, milioika eta milioika euro, xahutu du. Hori dela eta, Armentia-2 proiektuari uko egitea albiste ona bada ere, Oterok azalpenak eskatu dizkio sailburuari urte hauetan guztietan xahututako diru publikoaz. “Proiektu zentzugabe horretan lurperatutako diruari buruzko azalpenen bat eman beharko zenuke; milioika euro xahutu dituzue eta zure kudeaketa porrot horri lotuta dago”.