AKTUALITATEA


| 2019-09-25 15:27:00

“Espainiako Auzitegi Gorenaren epaia, Jaurlaritzaren beka sistema murrizten duena eta milaka euskal ikasleri sekulako kaltea egiten diena, Urkulluk hainbestetan aldarrikatzen duen autogobernuaren aurkako eraso larria eta zuzena da eta, ondorioz, Legebiltzarrak irmo agertu behar du horren kontra”. Hala adierazi du Rebeka Ubera EH Bilduko legebiltzarkideak, eta salaketa hutsetik harago joateko deia ere egin du. “Ezin gaitezke salaketan geratu, Hezkuntza Sailari eskatu behar zaio Gorenaren epaiari aurre egiteko bideak bila ditzala, haren beka sistema orain arte bezala mantentzeko, laguntzak murriztu gabe”. Hala proposatuko du EH Bilduk mozio baten bitartez, Uberak iragarri duenez.
Auzitegi Gorenaren epaiaren ondorioz, Batxilergo eta Lanbide Heziketako 20.000 ikasle inguruk beka txikiagoak jasoko dituzte aurrerantzean eta, gainera, kaltetuenak diru-sarrera gutxien dituzten familiak izango dira. “Bistakoa da milaka familiaren ekonomian epai horrek izango duen inpaktu negatiboa, baina hori, larria izanik, ez da okerrena, murrizketa horren arrazoia ez delako Jaurlaritzaren ahalmen ekonomiko falta. Jaurlaritzak orain arte ezagutu dugun beka sistemari eusteko behar besteko baliabide ekonomikoak ditu, baina Gorenak ez dio euskal gizartearen mesedetan erabiltzen utzi. Gaia oso larria da, Estatu espainolarekiko menpekotasuna agerian uzten duelako, modurik gordinenean gainera; argi uzten du herri honek tresna propioak, burujabeak, behar dituela arlo guztietan erabakitzeko, arlo guztietan euskal gizarteak behar dituen politikak egin ahal izateko, Madrili dioenari begira egon behar izan gabe. Horrelako kasuek are argiago uzten dute estatus politiko berria behar dugula, hemen horixe dela modu bakarra jendearen beharrei erantzun ahal izango diegula bermatzeko”.