AKTUALITATEA


| 2020-04-15 12:45:00

EH Bilduk adinekoen egoitza-zentroen egoera larriaz ohartarazi du gaur eta baldintza egokiak betetzen ez dituzten egoitza pribatuetan esku hartu eta kontrola hartzeko eskatu dio Jaurlaritzari, Urkulluk kontrakoa esan arren, legeak argi uzten baitu haren ardura dela gizarte-zerbitzuen sistemaren koordinazioa eta zentro publiko zein pribatuak arautzea, eta bertan esku hartzeko ahalmena duela beraz. Ander Rodriguezen esanetan, “lehendakariak ezin du bere erantzukizuna alde batera utzi, are gutxiago gure egoitzak aurrekaririk gabeko krisi bati aurre egiten ari zaizkionean; pertsona zaurgarrienen babesa ezin da kudeatzaile bataren edo bestearen profesionaltasunaren mende egon, adinekoen eskubideak zaintzea erakundeei dagokie”.

Eskari hori izango da, hain zuzen, EH Bilduk etzi Legebiltzarreko Diputazio Iraunkorraren bileran proposatuko dituen neurrietariko bat, “erresidentzien gaineko kontrol publikoa bermatzeaz gain, zentro horietan premiazkoa delako, baita ere, erabiltzaileei eskainitako arreta zuzeneko denbora nabarmenki igotzea, langileei babes ekipoak bermatzea eta zaintzaile eta erabiltzaile guztiei testak egitea”, Rodriguezek azaldu duenez.

Legebiltzarkideak erresidentzien kudeaketa eredua aldatu beharra ere azpimarratu du, kontrol publikoa bermatzeko eta zentro horietan bizi diren adinekoen arreta egokia beti ziurtatzeko. Izan ere, gaur egun egoitzen egoera oso ezberdina da herrialdeen arabera, eta osasun krisiari aurre egiteko dituzten baldintzak ere oso ezberdinak dira. Hori dela eta, esan du Rodriguezek, “krisia hasi zenetik bagenekien adinekoen egoitza-zentroak arrisku handiko lekuak zirela. Gipuzkoako zentroek, esaetrako, Bizkaikoek baino %48 langile gehiago dituzte. Nola da posible hori? Posible da, 2019ko uztailean Jaurlaritzak erregulazio berri bat onartu zuelako, desberdintasun horiek egonkortu zituena. Erregulazio hori da, hain zuzen ere, EH Bilduk premiaz aldatzeko eskatzen duena erresidentzia guztietako langile kopurua handitzeko, hori baita beharrezko isolamendua bermatzeko eta kaltetutako egoiliar batekin harremanetan dauden langileen kopurua gutxitzeko modu bakarra; neurri horiek, gogora dezagun, nahitaez bete beharrekoak dira joan den martxoaren 22tik”.

Horri jarraituz, legebiltzarkideak gogora ekarri du EH Bilduk akordio parlamentario bat bultzatu zuela urrian norabide horretan, baina Jaurlaritzak ez du bete. Halaber, “aurrekontuen eztabaidan arreta zuzeneko bi ordu bermatzea eskatu genuen, baina orduan ere EAJ eta PSEk ezezkoa eman ziguten”.