AKTUALITATEA


| 2021-05-27 16:08:00

EH Bilduk proposatuta, pandemiak kaltetutako sektoreei emandako laguntzak handitu eta sektore gehiagora zabaldu ditzala eskatu dio Legebiltzarrak Jaurlaritzari, euren jarduna suspertu eta bultzatzeko. Halaber, laguntza horiek tramitatzeko prozedura sinplifikatzeko eta kudeaketa azkar eta eraginkortasunez egin ahal izateko behar diren baliabideak erabil ditzala ere eskatu dio. Koalizioa akordio batera iritsi da EAJ eta PSErekin termino horietan eta Elkarrekin Podemos-IUk ere bat egin du botazioan.

Ibai Iriarte legebiltzarkidea pozik agertu da akordioarekin, bat datorrelako EH Bilduk behin eta berriz egin duen aldarrikapenarekin; hau da, herritarren bizi baldintzak hobetu eta gizarte kohesioa sustatu beharrarekin eta pandemia garai honetan ere inor atzean ez uzteko konpromisoarekin. Horretan, azpimarratu du, Administrazioak jokatu behar duen papera funtsezkoa eta ezinbestekoa da. “EH Bilduren aldetik esparru publiko indartsu bat defendatu dugu beti, gizarte kohesioa sustatzeko, egoera zaurgarriei aurre egiteko eta garapen ekonomiko orekatu bat bermatzeko”.