AKTUALITATEA


| 2020-05-11 13:25:00

EH Bilduk legez besteko proposamena aurkeztu du Legebiltzarrean eta Diputazio Iraunkorra berriz biltzeko eskatu du ikasturte amaieraren baldintzak eztabaidatzeko. Koalizioak, zehazki, ikasleen itzulera eta, oro har, itzulera horren baldintzak hezkuntza komunitatearekin adosteko eskatzen dio Jaurlaritzari. Izan ere, Rebeka Uberak salatu duenez, “Hezkuntza Saila erabaki guztiak bere kasa hartzen ari da, aldebakartasunez, sektoreko eragileen iritzia kontuan hartu gabe, eta hori ez da bidezkoa; Cristina Uriarte sailburua Despotismo Ilustratuan bezala ari da, eta ulertu behar du garai hori aspaldi amaitu zela, gauzak hezkuntza komunitatearekin adostea ezinbestekoa dela ikasturtea ahalik eta hobekien amaitu ahal izateko”.

EH Bilduko legebiltzarkidearen iritziz, “lekuz kanpo dago Jaurlaritzak itzulera data sektorearekin adosten ez saiatzea eta datorren astelehenean itzultzeko agindua ematea, inposatzea, baldintzak aldez aurretik negoziatu eta adostu gabe”. Uberak Arantxa Tapia sailburuak herenegun egin zituen adierazpenak gogora ekarri ditu gainera, “irakasleei eman zien tratua iraingarria izan zelako”.

EAJk eta PSEk Legebiltzarreko Mahaian blokeatzen ez badute, EH Bilduren proposamena datorren astelehenean eztabaidatu beharko da beranduenez Diputazio Iraunkorrean.

Ikastetxeetara noiz itzuli adosteko ez ezik, bestelako neurriak ere planteatzen ditu koalizioaren ekimenak, hala nola ikastetxe bakoitzak autonomia izan dezala bere ezaugarrien araberako plan propioa egiteko, ikasgela bakoitzean gehien jota 15 ikasle baino ez daitezela egon eta 200 ikasletik gorako ikastetxeetan erizain bat edota erizain laguntzaile bat kontratatu dadila. Ikasle kopuru horretara iristen ez diren ikastetxeek protokolo bat zehaztu beharko lukete herri edo auzoko osasun zentroarekin, EH Bilduren proposamenaren arabera.