AKTUALITATEA


| 2022-05-11 13:11:00

EH Bilduk ezagutzera eman du bere iritzia Jaurlaritzak atzo onartu zuen Gizarteratzeko eta Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaren Lege Proiektuari buruz. Koalizioaren irudiko, “garrantzi handiko lege baten aurrean gaude, egoera zaurgarrian dauden herritarrei bizitza duinak bermatzeko mekanismo kolektiboez ari garelako”, Nerea Kortajarenak azaldu duenez. Hori dela eta, horren inguruko eztabaida presazkoa dela erantsi du, areago datuek argi erakusten dutelako Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan desberdintasun sozialak eta muturreko pobrezia gora egiten ari direla eta Diru Sarrerak Bermatzeko Sistemak, aldiz, ahuldadeak dituela pobrezia eta honen intentsitatea murrizteko”; sistema ez da nahikoa, beraz, herritar guztiak duintasunez biziko direla bermatzeko eta pobrezia egoerak ekiditeko.

Kortajarenak gogora ekarri du atzo onartutako lege proiektuak 2008ko legea indargabetzea ekarriko duela eta, ondorioz, alderaketa guztiak lehenago Patxi Lopezekin eta gero Iñigo Urkullurekin hainbat murrizketa pairatu dituen lege harekin egin behar direla. Hala, murrizketa horien guztien ondoren egun indarrean dagoen legearekin alderatuz gero, lege proiektuan hobekuntza batzuk egon badaudela esan du EH Bilduko legebiltzarkideak, “baina aurrerapausoak ez dira nahiko urteetan eginiko murrizketak iraultzeko”. Hortaz, Jaurlaritzari ohartarazi dio “urrats gehiago” egin behar dituela, “momentuak esfortzu handiagoa eskatzen baitu”.

Horren haritik, Kortajarenak DSBEren zenbatekoei erreparatu die, “egia baita aurkeztu diren zenbatekoek hobetu egiten dutela egungo egoera, baina legea murrizketarik gabe aplikatuko balitz, zenbateko horiek are handiagoak lirateke”. Esaterako, orain pentsiodun batek 834€ jaso ditzake DSBEren bitartez eta planteatzen ari den erreformarekin 934€ lirateke, baina, 2008ko legean ezarritakoa beteko balitz, 1.166€ lirateke.

Zenbatekoei buruz ere, EH Bilduko legebiltzarkideak funtsezkotzat jo du lege berrian irizpide objektibo bat zehaztea laguntzak urtez urte eguneratzeko, erabaki hori Jaurlaritzaren borondate politiko koiunturalaren araberakoa izan ez dadin.

Lege proiektuan atzemandako bestelako gabeziak ere aipatu ditu Kortajarenak. Kezkagarria iruditzen zaio DSBE Madrilek arautzen duen Bizitzeko Gutxieneko Errentaren osagarri bilakatu nahi izatea, eta laguntzak eskuratu ahal izateko gutxieneko adina eta erresidentzia denbora jaistearen alde agertu da.

Adierazi duenez, “erreforma hau babes sistema berdiseinatzeko aukera gisa baliatu beharko genuke, betiere eskubideak eta babesa zabaltzeko, gehiago eta hobetu babesteko eta bizitza duinak bermatzeko; EH Bildun norabide horretan akordioak josteko prest gaude, serio eta zorroz lan egingo dugu eta Gobernuak bide horretan aurkituko gaitu".

Horri jarraituz, Kortajarenak azken urteotan gai honetan apurtutako adostasunak berreskuratzeko dei egin dio Jaurlaritzari, “eragile sozialekin ere bai”, eta ohartarazi dio horrelako lege bat onartzeko ez litzatekeela onargarria izango gehiengo osoa baliatzea, ez eta sistematikoki babes sistema erasotu eta deslegitimatzera jo duten alderdiekin adostea ere.