AKTUALITATEA


| 2019-10-18 13:30:00

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako gazteek modu orokor eta onartezinean pairatzen duten prekarietatea amaitzeko jarduera politikoaren baitan, EH Bilduk beste urrats bat eman du gaur, fokua ekonomia ‘uberizatuan’ jarrita oraingoan. Josu Estarronak legez besteko proposamena aurkeztu du Legebiltzarrean Glovo, Deliveroo eta UberEats bezalako ‘delivery’ sektoreko enpresen jardunari mugak jartzeko, Europako beste herri batzuetan jada egiten ari diren bezala, “banaketa-enpresa horiek lan harreman eredu berriak sortzen ari direlako, langileen baldintzen erabateko prekarizazioan oinarritutakoak”. Estarronak azaldu duenez, “enpresa horietarako lan egiten duten ‘rider’ edo mezulariak, gazteak gehienetan, kontraturik gabe aritzen dira eta, formalki, autonomoak dira, baina enpresek zorrotz lotuta daude, inolako eskubide sindikalik gabe, gaixotasunagatiko etenaldirik gabe eta, jakina, langabezia eskubiderik gabe”.
Ekonomia ‘uberizatua’, salatu du EH Bilduko legebiltzarkideak, “kontsumo ohitura berriak ezartzen ari da gizartean eta gizarte arrakala areagotzen ari da, kolektibo zehatz batzuen artean bizi baldintza prekarioak betikotuz. Orain arte gazte prekarietatea halabeharrez igaro beharreko etapa iragankor gisa hartzen zen, tarte labur bat enplegu duina lortu bitartean, baina orain etapa hori etengabe luzatzen ari da, askotan epemugarik gabe”.
Hori horrela, Estarronak ezinbestekotzat jo du neurriak hartzea Glovo bezalako enpresen jarduna mugatzeko, enplegu duina sustatze eta bermatze aldera. Gogoeta hori dago Estarronak berak aurkeztu duen proposamenaren oinarrian, Legebiltzarra ekonomia ‘uberizatuak’ eta ‘delivery’ sektoreko banaketa-enpresek enpleguan eta kontsumo ohituretan duten eragin kaltegarrien kontra ager dadila eskatzen duena, “eragin horiek gizarte kohesionatu eta orekatu baten aurkakoak direlako”.
Horri jarraituz, proposamenak neurri sorta bat planteatzen du:
1. Jaurlaritzako Lan Ikuskaritza elkarlanean aritu dadila Foru Aldundiekin, enpresa horiek zabaltzen ari diren lan harreman eredua zorrotz aztertzeko, autonomo faltsuen figuraren iruzurrezko erabilpena eragozteko.
2. Lan Harremanen Kontseiluak ekonomia ‘uberizatua’ lan harremanen arloan sortzen ari den eredu berria modu zehatzean jaso dezala bere azterlanetan.
3. Kontsumobidek kanpaina bat abian jar dezala, gazteei bereziki zuzendutakoa, banaketa-enpresa horien atzean dauden alde negatiboei buruz informatzeko eta, finean, kontsumo arduratsu eta etikoa sustatzeko.
4. Lehiaren Euskal Agintaritzak azter dezala ekonomiaren uberizazioak negozio eta enpresa eredu tradizionalean duen eragina, “lan arloko legeria, Gizarte Segurantza eta betebehar fiskalak ez betetzeak lehiarako abantaila argia den heinean”.
5. Jaurlaritzak ekimen eraginkorrak abiatu ditzala Gizarte Segurantzaren alorreko eskumenak berehala eskualdatzeko, “eskuduntza hori nahitaezkoa delako euskal gizarteak dituen erronkei egoki erantzuteko”.