AKTUALITATEA


| 2021-11-11 16:06:00

EH Bilduk Gorka Urtaran Eudeleko presidentea Legebiltzarrean ager dadila eskatu du gaur, Ingurumen Administrazioari buruzko Lege Proiektuaren tramitazioaz duen iritzia eman dezan. Izan ere, Unai Fernandez de Betoño eta Mikel Otero legebiltzarkideek salatu dutenez, lege proiektu horretan txertatu duten zuzenketa baten bitartez, 61. zuzenketaren bitartez, hain zuzen ere, EAJk eta PSEk Lurralde Antolamenduari buruzko Legea aldatu nahi dute atzeko atetik, udalei Interes Publiko Goreneko Proiektuak inposatu ahal izateko, lurralde eta hirigintza arloko plangintzaren aurkakoak izanda ere.

Fernandez de Betoño eta Oteroren iritziz, “lege aldaketa horrek, lurralde antolamendua eta hirigintza planifikazioa hankaz gora jartzeaz gain, tokiko erakundeen autonomia urratzen du, udalei euren eremuan desegokitzat jotzen dituzten proiektuei mugak jartzeko aukera eta eskubidea ukatzen dielako. Horregatik eskatu dugu Urtaranen agerraldia, Eudeleko presidente gisa ahotsa altxatu behar duelako nahitaez udalen kontrako eraso larri honen aurrean, azken batean, Jaurlaritzaren benetako helburua proiektu batzuen kontra udalen aldetik egon daitekeen oposizioa edo erresistentzia apurtzea baita”.