AKTUALITATEA


| 2024-02-13 10:25:00

Tolosako inauterietan 16 urteko gazte bat larri zaurituta utzi duen Ertzaintzaren operatiboa dela eta Segurtasun Sailak iragarritako barne ikerketaren espedientea eskatu du EH Bilduk Legebiltzarrean, “horrelako kasu batean gardentasunak erabatekoa izan behar duelako”, Julen Arzuagak adierazi duenez.

Une honetan dagoen informazioaren arabera, Ertzaintzak foam jaurtigaiak erabili zituen gazte batzuen arteko liskarrak baretzeko eta ordena publikoa berrezartzeko, Segurtasun Sailak azaldu duenez. Horren harira, EH Bilduko legebiltzarkideak jaurtigai horiek erabiltzeak izan dezakeen arriskuaz ohartarazi du, eta gogorarazi du “Ertzaintzan indarrean dauden protokoloek zorrotz zehazten dutela noiz eta nola erabili horrelako materiala, hain justu, izan ditzakeen ondorio larriengatik”. Hori horrela, ezinbestekotzat jo du “Segurtasun Sailak berehala argitzea zer gertatu den kasu honetan, protokoloak benetan bete diren ala ez jakiteko, eta hala izan ez balitz, dagozkion ardurak garbitzeko”.