AKTUALITATEA


| 2022-03-31 12:11:00

EH Bildu EAJ eta PSErekin akordio batera iritsi da gaur Legebiltzarrean Jaurlaritzak lehen sektoreari zuzendutako premiazko neurriak abian jar ditzan Ukrainaren inbasioak eragindako egungo larrialdi egoera arintzeko. Gerrak, adibidez, elikagaietarako lehengaiak hornitzeko arazoak ekarri ditu, garraioa gelditzearen ondorioz larriagotu egin zirenak, eta lehen sektorearen biziraupena arriskuan jartzen du, bereziki abeltzaintza eta arrantzarena. Adostutakoaren arabera, hartu beharreko neurriek sektoreko eragileekin eta talde politikoekin izandako elkarrizketen emaitza izan beharko dute.

EH Bilduko legebiltzarkide Itxaso Etxebarriak akordioaren garrantzia azpimarratu du, lehen sektorearen egoera larria delako. Bere iritziz, horrek agerian uzten du duela gutxi arte eztabaidaezinak ziruditen jarrerak eta politikak birplanteatzera derrigortuta gaudela eta nekazaritza eredu industrial intentsiboak gainditu behar ditugula, gero eta argiago baitago eredu sendo, iraunkor eta buruaskiak eraiki behar ditugula”.

Horren haritik, EH Bildu-EAJ-PSE akordioak elikadura-katearen legea betearazteko ikuskapen-tresnak areagotu ditzala eskatzen dio Jaurlaritzari, bai eta ekoizpen-kostuak eguneratuta eduki ditzala ere. Halaber, eskatzen dio lehen sektorean nekazaritza-ekologiako trantsizioak bultza ditzala aldundiekin batera, Europako araudietara egokituta, balizko ziurgabetasun-egoeren aurrean erresilientzia areagotzeko.

EH Bilduk sustatuko akordioak Europari ere begiratzen dio. Izan ere, “Europako Batzordeari eskatzen dio neurriak har ditzala PAC-NPBren aplikazioa malgutzeko, estatu kideek, lugorriak erabiliz, zerealen, oleaginosoen eta proteaginosoen ekoizpena handitu ahal izan dezaten, bai eta lehengaien sarrera malgutzeko neurriak hartzeko ere, batez ere animalien elikadurarako, nekazaritza-sektoreak beraien jarduera gauzatzeko beharrezko hornidurak izan ditzan”.

Gainera, Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioari eskatzen dio Jaurlaritzaren esku jar dezala nekazariei eta abeltzainei laguntzeko Europako Batzordeak aktibatutako krisi-funtsaren (64,5 milioi euro) banaketari dagokion zatia, “eta xede-azpisektore gisa hauta ditzala abeltzaintza-sektoreak, elikatzeko ustiategitik kanpoko lehengaien mendekoak direnak eta produktuen publikoarentzako salmenta-prezioaren kostuen igoerak egozteko zailtasunak dituztenak”.

Azkenik, akordioaren arabera, Jaurlaritzari egokituko zaio nekazaritza eta abeltzaintzako ustiategiei eta ureztatzaileen komunitateei diru-laguntzak ematea energia sortzeko behar dituzten instalazioak garatzeko, erresilientzia energetiko handiagoa izan dezaten.