AKTUALITATEA


| 2021-05-10 14:49:00

Jaurlaritzak adinekoen egoitzetan indarrean dauden protokolo eta arauak moldatu ditzala proposatu du EH Bilduk, konfinamendu eta isolamendu neurriak salbuespena izan daitezen, baina EAJ eta PSE kontra agertu eta atzera bota dute koalizioaren proposamena. Horri jarraituz, ohartarazi du Maria Gardek, bisitak murrizteak eta irteerak bertan behera uzteak oso inpaktu negatiboa du egoiliarren osasunean. “Ez dit balio esatea neurri horiek hartzen direla egoiliarren osasuna bermatzeko, egoiliarrak zaintzea eta euren osasun fisiko zein mentala zaintzea ere badelako paseoan atera ahal direla bermatzea, beren jendearekin egoteko aukera bermatzea, egoitza zentrotik haratago bizitza izateko aukera bermatzea. Egoiliarren bizitzak ez du zertan erresidentzian hasi eta amaitu”.
EH Bilduko legebiltzarkideak azaldu duenez, Osasun Sailaren protokoloaren arabera egoiliarrei bisitak jasotzeko eta kalera irteteko eskubidea bermatu behar zaie, baina hainbat egoitzatan ez da hori gertatzen ari dena. Hortaz, erresidentzia pribatuetan zein publikoetan protokoloa bete dadila exijitu du Gardek, are gehiago zentro horietako kolektibo guztiak jada immunizaturik daudenean. “Ezin dugu ulertu zergatik berriro ere egoitzan itxita egon behar duten, irteteko aukerarik gabe. Protokoloa ez da betetzen ari eta egoiliarren eta euren senideen eskubideak sistematikoki urratzen ari dira”.