AKTUALITATEA


| 2020-06-10 11:59:00

«Murrizketarik ez ezartzeko konpromisoa hartzen duzu?». Mertxe Aizpurua bozeramaileak gaur Kongresuan eginiko galderaren ostean, Espainiako Gobernuko presidente Pedro Sanchezek ez du alboratu murrizketarik ez ezartzea krisi sozial eta ekonomikotik irteteko, eta murrizketen aurka konpromiso zehatzik hartzea saihestu du. Sanchezek, gainera, atea ireki dio gastu publikoan murrizketak egiteari BPGaren %10eko galerari aurre egiteko, errezeta neoliberalen eskutik.

Aizpuruak nabarmendu du herritarrek «egia, argitasuna eta ziurtasunak» behar dituztela larrialdi momentu honetan, eta Sanchezi galdetu dio ea prest ote dagoen murrizketak eta 2008an gehiengo sozialarentzat kaltegarriak izan ziren neurri neoliberalak berriro aplikatzeko. Sanchezek ez dio atea itxi murrizketak ezartzeari, eta «krisiari erantzun positibo bat» ematera deitu du, bizitzeko gutxieneko errenta adibide bezala jarrita, nahiz eta esplizituki onartu duen BPGaren %10eko galerari gastu publikoarekin «aurre egin» beharko zaiola etorkizunean.

«Gaur gizartearen eta Kongresu honen aurrean erantzun argirik ematen ez baduzu eta konpromiso irmoa hartzen ez baduzu gehiengoarentzat kaltegarriak diren murrizketak ez ezartzeko, Espainiako Gobernuak murrizketak mahai gainean dituela ulertuko dugu», ohartarazi du Aizpuruak. Sanchezek zalantzekin erantzun dio: «Murrizketarik ezarriko ote dugun galdetzen badidazu, politika anti ziklikoen garaia dela esango dizut, ziklo bakoitzari unean-uneko erantzuna emateko».

Erretiro adina igotzeko eta Europaren oniritzia jasotzeko 'Doitze plana' ezartzearen arriskuaren aurrean, Aizpuruak Sanchezi ohartarazi dio herritarren eskubideak murriztu nahi baditu ez duela jasoko Kongresuko gehiengo aurrerakoiaren babesik, eta eskatu dio hauta dezala norekin egin nahi duen bidea: «Gutxi batzuen onura eta interesak, ala gehiengoaren ongizate eta eskubideak. Aukera ezazu». Bere erantzunean, horren inguruan aipamen zuzenik egitea saihestu du Sanchezek, eta argudiatu du gaur-gaurkoz eztabaida bestelakoa dela: «Aurreikusten genituen aldaketak bizkortu ditu krisi honek, hori da orain debatea».

Halaber, EH Bilduren Kongresuko bozeramaileak eskatu du Espainiako Gobernuak horrenbeste goratzen dituen neurri sozial eta ekonomikoak ez daitezela aldi baterakoak soilik izan, baizik eta jarraipena izan dezatela hurrengo hilabeteetan. «Orain arteko babesa zabaltzeko apustua egiten baduzue, bat egingo du. Ordea, murrizketen aldeko apustua egiten baduzue, parean izango gaituzte. Ez dugu onartuko krisi honen ondorioak berriz ere herritarrei ordainaraztea. Oraingoan bai, kapitalak, aberatsek eta fortuna handiek ordaindu behar dute krisi hau», adierazi du Aizpuruak.