AKTUALITATEA


| 2022-06-02 14:15:00

EH Bilduk akordioa lortu du Espainiako Gobernuarekin kotizazio gabeko pentsio guztien, alargun, umezurtz edo elbarrienak, kopurua %15 igo dadin hilero. Neurri hori Espainiako Gobernuak laster onartuko duen dekretu berrian txertatuko da, eta gutxienez 2022ko abenduaren 31ra arte luzatuko da, 2023ko aurrekontuek errebalorizazio hori zehaztu arte. Lortutako akordioari esker, EH Bildu abstenitu egingo da gaurko bozketan pentsioen funts publikoak arautuko dituen legearen tramitazioarekin jarraitzeko; datorren ostegunean egingo da behin betiko bozketa Kongresuko osoko bilkuran.

Igoera horrek onura izugarria ekarriko die milaka eta milaka pentsioduni, batez ere miseriazko pentsioak kobratzen dituzten emakumeei eta baliaezintasunen bat duten pertsonei. Prezioen gorakada betean eta gaur egungo krisi egoeran, pentsiodun horiek dira babestu beharreko sektore ahulenetako bat, eta, akordioari esker, 60 eta 100 euro artean igoko zaizkie beren pentsioak hilean. Hain justu ere, pentsio txikienak berehala igotzeko proposamena helarazi zion EH Bilduk apirilean Espainiako Gobernuari krisiari aurre egiteko dekretuaren negoziazioan: "Gaur esan dezakegu aldarrikapen hori laster beteko dela".

Halaber, EH Bilduk ziurtatu du Gizarte Segurantzaren eta sistema publikoaren euro bakar bat ere ez dela funts pribatuetara bideratuko, Gizarte Segurantzaren deskapitalizazioa saihestuz eta pentsio publikoen jasangarritasuna blindatuz. Horrela, EH Bilduk bertan behera utzi du eskuineko alderdiek lege honetan pentsio-funts pribatuak sakontzeko zuten asmoa. Iñaki Ruiz de Pinedok azaldu duenez, "pentsioen sistema publikoa ahultzea zen haien asmoa, baina lortutako akordioari esker, sistemaren funtsezko zutabe izaten jarraituko du".

 

Legearen neurri kaltegarrienak ezabatzeko hitzarmena

EH Bilduren Arabako diputatuak balioan jarri du gaur itxitako hitzarmena, eta nabarmendu pentsiodunen mugimenduaren borroka nekaezinari lortu dela: "Badakigu ez dela nahikoa, baina ziur gaude neurri hauek milaka eta milaka pentsiodunen egunerokoa zertxobait arinduko duela, merezi duten duintasunerako bidean aurrerapausoa baita. Gaur beste urrats bat egin dugu helburu hori lortzeko bidean. Lorpen hori ez litzateke posible izango pentsiodunen bultzadarik gabe".


Akordioak, azken finean, Gizarte Segurantzako Ministerioak aurkeztutako proiektua zuzendu eta hobetzen du, bai pentsiodunentzat eta baita sistema publikoarentzat kaltegarrienak ziren neurriak ezabatuz. "Pentsiodunek eta EH Bilduk eskatzen genituen helburuak betetzen ditu erdietsi dugun akordioak. Funtsezko hiru gai biltzen ditu pentsiodun guztientzat eta, batez ere, kotizazio gabeko pentsio baxuenak jasotzen dituzten pertsonentzat", nabarmendu du Ruiz de Pinedok.