AKTUALITATEA


| 2023-01-09 17:41:00

Memoria Demokratikoko ministro Felix Bolañosen agerraldia eskatu du EH Bilduk Kongresuan, 1976ko maiatzaren 9an Montejurrako krimenen atzean Estatuko aparatuak zeudela frogatu ostean. Zehazki, orduko agintarien inplikazio zuzenari buruzko hainbat dokumentu argitaratu dira gaur, eta horren inguruko azalpenak galdegin ditu indar subiranistak: ultraeskuineko taldeek 30 pertsona zauritu zituzten Nafarroako mendi horretan, eta Ricardo Garcia Pellejero eta Aniano Jimenez Santos hil zituzten tiroz.

Diktadura frankistan zehar Carlos Arias Navarro buru zuen gobernuak Montejurrako gertaera larrietan izandako parte hartzea argitzea du helburu EH Bilduk. Horretarako, eskura dituen artxibo, agiri, datu eta informazioak berri emateko eskatu dio ezkerreko talde subiranistak Espainiako Gobernuari. Hain justu, berriki argitaratu diren dokumentuek Manuel Fraga Iribarne ministro ohia eta Jose Ruiz de Gordoa Nafarroako gobernadore zibil ohia jo dituzte erantzuletzat, besteak beste.

Kongresuko Batzorde Konstituzionalean agerraldia egiteko deia egin dio EH Bilduk Bolañosi, gaur aurkeztutako eskaeraren arabera.