Madrilgo Justizia Auzitegi Nagusiak urtarrilaren 20an ebatzi zuenez, Espainiako Defentsa Ministerioak "egoera naturalean" itzuli beharko du Erronkari Ibarreko Batzarrak 1980an Belaguako Portuan lagatako lurzorua. Horren harira, EH Bilduk hainbat galdera erregistratu ditu Espainiako Gobernuari zuzenduta, Margarita Robles buru duen ministerioak hemendik aurrera eman nahi dituen pausoa ezagutzeko asmoz.
EH Bilduren Nafarroako diputatu Bel Pozuetak gogorarazi du Defentsa ministerioa lurzorua itzultzera behartzen duen bigarren epaia dela honakoa, baina orain arte ministerioak atzerapenak kateatu dituela, borondate faltagatik epai judizialak betetzeari uko eginda. Pozuetak jakin nahi du zein kronograma jarraituko duen ministerioak babeslekua egoera egokian itzultzeko. Horretarako, gobernuari eskatu dio argitzeko zer lan egingo dituen lurzoruak egoera ezin hobean, "deskontaminatuta eta gasolio-biltegietako eta hobi septikoetako hondakinik gabe", daudela egiaztatzeko.
Azkenik, obren hasiera eta amaiera data zehatzei buruz ere galdetu du Pozuetak. "Inplikatutako erakundeek hainbat aldiz adierazi duten bezala, eraikinak eraistea erabakiz gero, zein momentutan ekingo diete eraispen lanetan hasteko tramiteei?", zehaztu du diputatuak.