AKTUALITATEA


| 2019-05-12 14:09:00

Bide orri oso bat proposatzen du EH Bilduk datorren legegintzaldian aniztasunaren gaia lantzeko, Plan Estrategiko bat idaztetik, harrerako guneak lagatzera doana, Iruñeko kultura aniztasuna hiriko ezaugarri nagusienetariko bat izan dadin. Bide orri horretan, garapenerako laguntzak aurrekontuaren %1etara igotzea jasotzen da, modu horretan, Iruñeko Udala Estatuko lehena izango delarik irizpide hori betetzen eta hiriko aniztasuna aitortzeaz gainera, okerren pasatzen ari diren herrialdeak laguntzen.

Joseba Asiron, Iruñeko alkatetza berresteko EH Bilduren hautagaiak, Zaporeak erakundeak San Frantzisko plazan antolatutako ekimenera eginiko bisitan, azaldu duenez, “Plan Estrategiko bat jarri nahi dugu martxan Elkarbizitza eta Kultura Aniztasunerako, aniztasunaren kudeaketarako udal zerbitzu bat sustatuko duena. Funtsezkoa da harrerarako hiri bat eraikitzea, irekia eta solidarioa, ez soilik bertan bizi direnekin, baizik eta onera datozenekin ere”. Bide orri horretan bi neurri nagusi jasotzen dira: batetik, Iruñea Harrera Hiria Bulegoa, aniztasun politikak kudeatu eta koordinatzeko, bai harreraren ikuspuntutik eta baita ere elkarbizitza eta sentsibilizazioaren eremutik ere. Eta bigarrenik, Kultur Aniztasun eta Migrazioaren Etxea sortzea, topaketa gune modura non hiri honetako jatorri desberdinetako komunitateen artean interakzioa eta elkarrizketa ekimenak bultzatuko diren, elkarrekiko errespetutik eta aitortzatik abiatuz kultur aniztasuna eta elkarbizitza indartzeko.