AKTUALITATEA


| 2020-04-03 14:58:00

Covid-19ak sortutako osasun larrialdia dela eta, konfinamenduaren dekretua argitaratu bezain laster, herrian sortuko ziren arazo eta behar aurreikusten hasi zen EH Bilduko udal taldea, eta hauei erantzuteko neurriak prestatzen.

Geroztik hiru aste pasa dira, eta denbora honetan erabaki asko hartu dira Ibarrako udaletxean zentzu honetan. Besteak beste, hauek izan dira hartutako neurri garrantzitsuenetako batzuk:

  1. Etxetik irten ezinik geratu diren herritarrei enkarguak (janaria, botikak) etxera eramateko edota hondakinak etxetik ateratzeko boluntario sare bat sortu zen herrian lehenengo bi egunetan. 55 lagunek eman dute izena lan hori egiteko eta eskerrak eman nahi dizkiegu guztiei.

  2. Indarkeria matxistarengatik arriskuan dauden emakumeen egoerarekin kezkatuta, Udalak bere esku dagoen guztia egingo du erasoren bat jasaten duten emakumeei laguntzeko. Bakarrik ez daudela adierazi nahi diegu emakume hauei eta laguntzeko eskura ditugun bitartekoak jarriko ditugula.

  3. Bakarrik bizi diren eta herrian erroldatuta dauden 70 urtetik gorako pertsonekin harremanetan gaude telefonoz eta bere egoeraren jarraipena egiten da. Gaur egun, 64 pertsona ditugu herrian egoera horretan.

  4. TAO zerbitzua bertan behera geratu da eta organikoa zein errefusako ontzien tapak irekita utzi dira, eskuekin ahalik eta gauza gutxiago ukitu ditzagun.

  • Etxean norbait isolatuta edo berrogeiladian badago, ez bereizi sortutako hondakin guztiak, eta ondo itxitako poltsa batean sartu (gaixotutakoa zaintzeko erabilitako eskularru, musuzapi, eta maskarak ere bai), eskularruekin erabilita.

  • Poltsa hori bigarren poltsa batean sartuko da (manipulatzeko eskularruak barne), eta poltsaratze bikoitz hori, ondo itxita, hirugarren poltsa batean sartuko da, ondo itxita, etxebizitzan sortutako gainerako hondakinekin, eta azkenik, errefusaren ontzi grisean sartuko da.

  1. Elikagai bankutik ekarritako jakiekin eta boluntarioen sareko herritarrekin, 33 elikagai kaxa prestatu ditugu, familia bakoitzeko bat. Aldi berean, udalak diru-bale bat eman die laguntza moduan familia horiei, Ibarrako dendetan erosketak egiteko eta janari kaxa hori nolabait osatzeko (detergenteak edota produktu freskoak erosi ahal izateko). 119 pertsonari lagundu zaie orotara oraingoz.

  2. Arrakala digitala ekiditeko, Ibarrako Udala Uzturpe Ikastolarekin elkarlanean, etxean wifia ez duten familiei rourter edota SIM txartelak entregatu zaizkie ikastolako lanak egiteko aukera izan dezaten. Azken hauek, Ez dadin ikaslerik atzean gelditu, Izarkom Kooperatibaren ekimenarekin bat eginez. Ordenagailu eramangarriak ere banatu dira.

  3. Apirilaren 2an, Haur eta Gazte Liburuaren Nazioarteko Eguna izan zen, eta Ibarrako Liburutegiak etxean zailtasun ekonomikoak dituzten familietako haurrei liburu sorta helarazi dizkie. Era berean, Uzturpe Ikastolak eskulanak egiteko emandako materiala banatu dugu familia hauen artean, txikienek denbora arinago pasa dezaten.

  4. Gaixotu daitezkeen baserritarrei lagundu ahal izateko, landa eremuan ganadua zaindu eta jaten emateko prestatua dagoen boluntario talde bat sortu da udalaren ekimenez. Bihar, apirilaren 4an Euskadi Irratiko Landaberri saioan, Aitor Jimenez Iparragirre, baserritarra eta EH Bilduko zinegotzia elkarrizketatuko dute erabaki horren inguruan.

  5. Herriko merkatariei (jatetxe, taberna, lepaindegi…) itxialdiak sortutako galerak arintzen laguntzeko, diru-laguntza partida bat onartzea erabaki da. Industriari eta merkatariei hobariak egitea aurreikusten da.

  6. Tolosaldea Lanbide Hezkuntzak aurpegia babesteko pantailak egin ditu, eta Ibarrara 100 ale ekarri ditugu, komertzioetan eta kalean dabiltzan udal langileen artean banatzeko. Aupa zuek!