AKTUALITATEA


| 2018-12-10 12:09:00
Xabier Lertxundi Asteasuintzarra izango da Hernaniko EH Bilduren zerrendaburua maiatzeko udal hauteskundeetan. Egun zinegotzi den 35 urteko hernaniarra izan da 2019 2023 legegintzaldirako zerrenda aukeratzeko prozesuan hautagai bakarra, Udaleko taldekideek eta EH Bilduko zenbait kidek proposatuta.

Azken lau urteotan, Zerbitzu Sozialetako presidentea izan da Xabier Lertxundi zerrendaburua. Psikopedagogian lizentziaduna eta hezitzaile da. Lertxundik nabarmendu du ardura handiko erronkari heltzeko ezinbestekoa dela Udaleko zinegotzi taldeak eta EH Bilduk emandako babesa. Hernaniar guztiekin batera egin nahi du aurrera, “uste dudalako, denen artean egindako lanak askoz ere hobeak izaten direla”.

Datorren larunbatean, EH Bilduk Hernanin burutuko duen ekitaldian aurkeztuko du Xabier Lertxundi alkategaia.

Aurretik, hernaniarrak gonbidatuta daude goizeko 9etatik 12etara andre kaleko bilgunean egingo den bilerara. Bertan, legealdi honetarako aurkeztutako herri programa aztertuko da; duela lau urte egindako proposamenen balantzea-diagnosia egin eta gero abiatuko da beste lau urtetarako herri programa finkatzeko prozesua.