Zerbitzuaren egokitzapenaren eta arrazionalizazioaren aitzakian, gure eskualdeko herriak lotzen dituen autobus zerbitzua murriztu du Foru Aldundiak. Hori ez ezik, 2017an hasitako prozesu osoan, Aldundiak ateak itxi dizkio herritarren eta eskualdeko udalen partehartzeari. Zerbitzu berriak murrizketak ekarri ditu, baita izen eta ordutegi aldaketak ere, eta horren komunikazioa ezin okerragoa izan da. Azken momentuan eta trakets aritu dira informazioa plazaratzen. Herritar asko haserre, noraezean. Lehenengo egunetan anabasa sortu da. Inolako zalantzarik gabe, herritarrak eta garraio publikoa galtzaile izan dira aldaketa honekin. Beste behin ere agerian gelditu da mugikortasun jasangarriaren aldeko apustua eslogan bat besterik ez dela Aldundiarentzat.
Foru Aldundiaren publizitate kanpainak kanpaina, Buruntzaldeko autobus zerbitzuan murrizketa esanguratsuak ezarri dituzte. Zenbakiak argiak dira. Eskualdeko zerbitzua osotasunean hartuta, lanegunetan, Foru Aldundiak Buruntzaldeko kontzesioa osatzen duten herriei eskaintzen dizkien autobus-zerbitzuak orain arte egon diren 724 autobus-zerbitzuetatik uztailaren 1etik aurrera dauden 602 autobus-zerbitzuetara igaro dira; % 17ko murrizketa. Larunbatetako zerbitzuak 611tik 438ra igaro dira, %28ko murrizketarekin. Igandeetan, berriz, 433tik 369ra jaitsi dira autobus-zerbitzuak, %15eko murrizketarekin.
Hernaniri dagokionez, lanegunetan:
G1 (egun, BU11)- HERNANI>DONOSTIA Aietetik. Donostiako norabidean %49 murrizketa izan du. 61 zerbitzutik 31 autobus zerbitzu izatera pasa da. Hernaniko norabidean %44koaren murrizketa, 61tik 34ra.
A2 (egun, BU13)- HERNANI>ASTIGARRAGA>DONOSTIA. Donostiako norabidean %20ko murrizketa, 40 zerbitzutik 32ra. Eta itzulerako norabidean, %22ko murrizketa, 41etik 32 autobusera. Murrizketa hauek badute balio erantsi bat, Astigarragak garraio publiko mota bakarra duela, hau da, Lurraldebusek eskaintzen duena.
Larunbateko zerbitzuetan izan dira murrizketa gehienak. Hauek dira aipagarrienak:
G3 (egun, BU06)- ANDOAIN>URNIETA>HERNANI>OSPITALEAK. %60ko murizketa. 25 zerbitzutik 10ra pasatzen da. Eta Andoaingo norabidean okerrago, %64koaren murrizketa. Ordu erdiko maiztasuna 2 ordukoa bihurtu dute.
G1 (egun, BU11)- HERNANI>DONOSTIA Aietetik. Donostiako norabidean zein Hernanirantz %51,6ko murrizketa, 62tik 30era. Laurdeneko maiztasunetik, ordu erdiko edo, zerbitzuaren hasieran, ordubeteko maiztasunera.
A2 (egun, BU13)- HERNANI>ASTIGARRAGA>DONOSTIA. Donostiako norabidean %22a, 32 zerbitzutik 25era. Eta bueltako norabidean, %24ko murrizketa, 33etik 25 autobusera. Esan bezala, murrizketa hauek badute balio erantsi bat, Astigarragak Lurraldebusek eskaintzen duen garraio publikoa soilik duelako.
Igande eta jai egunetako zerbitzuetan izugarrizko murrizketak daude.
A1 (egun, BU12)- HERNANI>ASTIGARRAGA>DONOSTIA Martutenetik. Bi norabideetan, %31ko murrizketak, 45 zerbitzutik 31ra. Ordu erditik orduko maiztasunetara.
A2 (egun, BU13)- HERNANI>ASTIGARRAGA>DONOSTIA. Donostiako norabidean %34,5eko murrizketak, 29 zerbitzutik 19era pasatuz. Eta bueltako norabidean, %38ko murrizketa, 29tik 18 autobusera.
G1 (egun, BU11)- HERNANI>DONOSTIA Aietetik. Donostiako norabidean %31 murrizketa izan du. 45 zerbitzutik 31 autobus zerbitzu izatera pasa da. Hernaniko norabidean %33koaren murrizketa, 45tik 30era.
Gaueko zerbitzuak ere izugarrizko murrizketa izan du. Hernani- Donostia egiten zuten bi lineak bateratu dituzte eta lehen ordu erdiro zen zerbitzua orduero da zerbitzu berriarekin.