Gasteiz

EH Bilduk salatu du gizarte zerbitzuetan egindako poliziaren identifikazio bat kanporatze agindu batekin amaitu dela

Rocio Vitero zinegotziak azpimarratu du gizarte zerbitzuen babesa eta laguntza eskatzera doan pertsona batek ezin duela atxilotuta amaitu

| 2019-06-21 12:15:00

EH Bilduk jakin ahal izan duenez, joan den ekainaren 15ean, udalbatza berria eratu zen egunean bertan, Larrialdi Sozialeko Udal Zerbitzuen (SMUS) erabiltzaile bat identifikatu zuen Udaltzaingoak. Ondoren, Espainiako Poliziaren komisariara eraman zuten, eta han atxilotu, ziega batean sartu, eta kanporatua izateko dosierra jakinarazi zitzaion.

Gertatutakoa oso kezkagarria da, kontuan hartuta SMUSen erabiltzaileak ahuldade egoera berezietan daudela. «Gasteizen gizarte zerbitzuen babesa eskatzen duzunean, atxilotua izan zaitezke. Zerbitzu horien erabiltzaileak kriminalizatzen ari gara? Larrialdiko arreta zerbitzu horiek ezin dira sarbide bihurtu atxiloketak egiteko edo arrazan nahiz jaiolekuan oinarritutako eskubideen urraketarako», azaldu du Rocio Vitero zinegotziak.

Ez da halako gertaera bat jazo den lehenbiziko aldia. Joan den martxoaren 4an orduko Politika Sozialen zinegotzi arduradunak, Peio Lopez de Munainek, agerraldia egin zuen batzorde batean, antzeko salaketa bati erantzuteko. Zinegotziak ukatu egin zuen egoera irregularrean dauden pertsona atzerritarrak identifikatzeko protoloak indarrean daudela, esan zuen identifikazioek ez dutela «inolaz ere» pertsona horien legezko egoera kontrolatzeko helburua, eta ziurtatu zuen «kasu bakana» izan zitekeela. Ekainaren 15eko gertaerek agerian utzi dute ez zela izan kasu isolatu bat.

EH Bilduren ustez, gizarte zerbitzuetarako sarbidea ezin da mugatu pertsonen erresidentzia egoeraren arabera, eta Udaltzaingoak gizarte zerbitzuen egoitzetan egiten duen segurtasun jarduna ezin da inolaz ere erresidentzia egoera hori egiaztatzeraino zabaldu. Koalizioak politika sozialen eta segurtasunaren arduradun berriei azalpenak eskatuko dizkie, ahal bezain pronto.

Kargua hartu dute EH Bilduren sei zinegotziek, era horretan udal taldea oposizioko buru bihurtuta Gasteizen

Larrionek ziurtatu du koalizioak lanean jarraituko duela gobernu alternatiba aurrerakoi bat sortzeko eta hiriaren egoera hobetzeko

| 2019-06-15 12:22:00

EH Bilduk joan den maiatzaren 26ko hauteskundeetan lortu zituen sei zinegotziek hautetsi modura dagozkien karguak bereganatu dituzte gaur, udal berria osatzeko saioan. Kargua agintzeko honako formula erabili dute seirek: «Legeak hala behartuta eta Euskal Herriko Errepublika aldarrikatu arte, hitza ematen dut». Ordezkaritza honekin, EH Bildu udalerriko oposizioko lehen indarra izango da.

Zerrendaburu eta alkategai Miren Larrionek jarraituko du udal taldeko bozeramaile lanetan, eta Felix Gonzalez izango da eledun ordezkoa. Karguan jarraituko du Iratxe Lopez de Aberasturi zinegotziak, halaber. Taldeak hiru kide berri izango ditu: Rocio Vitero, Alberto Porras ‘Titos’, eta Amancay Villalba. Ordezkaritza politikoan kargu bat izango duten lehen aldia da.

EH Bilduk 24.500 boto baino gehiago lortu zituen maiatzaren 26ko hauteskundeetan, sekula baino gehiago, eta oinarri horrekin jarraituko du koalizioak eraikitzen hiriarentzako alternatiba aurrerakoi eta ireki bat. Alternatiba izateko borondate hori azpimarratzeko asmoz, koalizioak Larrionen hautagaitza aurkeztu du alkatea aukeratzeko gaur goizean egin den bozketan, eta hura babestu du. «Beste eredu bat posible da, eta lan egingo dugu egunez egun posible egiteko», adierazi du.

ALBISTEAK

EH Bilduk uste du «gutxiegi» dela Urtaranek Juan Carlos I-ari kalea kentzea eta aldaketa gehiago proposatuko ditu

2020-07-29 11:12:00

Larrionek nabarmendu du ulertezina dela udalerrian monarkia ustelari lotutako beste etorbide izen batekin jarraitzea, eta gogoratu du udalbatzak duela zortzi urte hartutako akordio batean jaso zela kaleari izena kentzea

Egoera berrian ere, euskara sustatzen jarraitzeko konpromisoa eskatu du EH Bilduk

2020-07-23 10:17:00

EH Bilduk euskaltegiekin harremanetan jar dadin eskatuko dio udal gobernuari, COVID-19aren arriskuak dirauen bitartean eta osasunerako segurtasun baldintzak bermatze aldera, udal instalazioak lagata bertan jarduera presentziala egin ahal izan dezaten.

EH Bilduk maskarillak eskuratzeko aukera eta erraztasun gehiago izateko neurriak eskatu ditu

2020-07-21 11:39:00

EH Bilduk eskatu du maskarillak osasun-txartelean sartzeko, prezio mugatu eta eskuragarriarekin, osasun edo prebentzio produktuetatik aldi baterako BEZa kentzeko eta pertsona ahulenei eta Udalaren oinarrizko zerbitzuei maskarillak doan emateko.

EH Bilduk egoitza publikoen kalitatezko eta pertsonengan oinarritutako eredua bermatzeko konpromisoa eskatuko du

2020-07-17 10:21:00

EH Bilduk HAPOren erabilera tertziarioaren arauaren aldaketaren aurka bozkatuko du, orain egoitza publikoak eraikitzea soilik baimenduta dagoen lursoruetan egoitza pribatuak eraikitzea ahalbidetuko lukeelako.