Gasteiz

EH Bilduk Salburua eta Zabalgana lotzeko garraio publikoari buruzko galdeketa hiritarra martxan jarriko du

Koalizioak aukera eman nahi die gasteiztarrei erabakitzeko bi auzoak autobus elektriko adimenduekin edo tranbiarekin lotzea nahi duten

| 2019-09-19 11:49:00

EH Bilduko Gasteizko udal taldeak hiritarren esku utzi nahi du ekialde-erdigune-mendebalde ardatzerako garraiobide publikoari buruzko erabakia, galdeketa hiritar baten bidez, behingoagatik Salburua eta Zabalgana auzoak lotzeko balioko duena. Beti baiezko batekin erantzuteko proposamena izango da: ‘Nolako garraiobiderekin eskaini behar da zerbitzua Salburua-erdigune-Zabalgana ardatzan?’ galdera eginda «autobus elektriko adimenduna» edo «tranbia» erantzuteko aukera egongo da. Galdeketa egingo da joan den legealdian indarrean sartu zen parte-hartze araudiko legezko prozedura jarraituz.

«Gasteizen galdeketa hiritarra egiteko aukera zabaldu nahi dugu, historian lehen aldiz, parte-hartze araudia onartu zenetik ezinezkoa izan den urratsa. Positiboan egindako galdeketa litzateke, aurrera egiteko, kalitatezko bi garraiobideren artean erabakita; azken finean, bai edo bai esateko galdeketa hiritarra, gai estrategiko bati buruz hiritarrek eurek erabaki dezaten, eztabaida sakon eta informatu baten ondoren. Erabakitzen duen hiritargo informatu eta enpoderatua», argudiatu du EH Bilduko udal bozeramaileak, Miren Larrionek.

Aurtengo urte hasieran Salburuak eta Zabalganak, hurrenez hurren, 8.900 eta 26.943 biztanle zituzten, eta ez da ahaztu behar bi auzoak oraindik garatzen ari direla. Gainera, askoz ere gasteiztar gehiagok erabiliko lukete garraiobide hau, eta horregatik ezinbestekoa iruditzen zaigu hiritar guztiei aukera ematea ardatz horren erabakian; are gehiago, kontuan hartuta mugikortasunari buruzko gaiek hiritarren artean sortzen duen jakinmin handia, ikus daitekeena gaiari buruzko foro, elkargune eta auzogune ezberdinetan dagoen parte-hartze eranguratsuan.

Felix Gonzalez zinegotziak azpimarratu du erabaki honek aurrera begira duen garrantzia hiriarentzako: «Udal honek martxan dituen bi prozeduretan eragin zuzena dauka mugikortasuna konpontzeko aukeratuko den moduak: Mugikortasun Jasangarriari eta Espazio Publikoari buruzko Planaren eguneratzea eta HAPO Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren eguneratzea». Gasteizerako garrantzi oso handia duen erabakia da, eta urrats bat da garraio publikoaren aldeko apustua egin nahi duen hiri jasangarria lortzeko, ibilgailu pribatuaren kaltetan.

Galdeketa hiritarrak bideratzen dituen Gasteizko Udalaren araudiko 13. artikuluaren arabera:

Udal talde politikoei dagokie erakunde-ekimena. Udal eskumeneko gaien ingurukoa izan beharko du ekimenak, eta, nagusiki, munta bereziko izaera lokaleko gaien ingurukoa, Toki Jaurbidearen Oinarriak arautzen dituen Legean eta Euskadiko Toki Erakundeei buruzko Legean xedatutakoaren ildotik —bost milioi euroko aurrekontua gainditzen duten proiektuak oro joko dira munta berezikotzat—.

Bi irizpide finkatzen ditu artikulu horrek: udalaren eskumen propio bati buruzko auzia izan behar duela, eta garrantzi bereziko gaiak lehenetsi behar direla. EH Bilduren aburuz, bi baldintza horiek sobera betetzen ditu aurkeztutako proposamenak.

Mugikortasunari buruzko galdeketa hiritarra egitea koalizioaren konpromisoa izan zen joan den hauteskunde kanpainan, eta datozen egunotan formalki beteko du. Behin proposamena erroldatuta eta beharrezkoak diren txostenak jasota, udalbatzak izango du galdeketa martxan jartzea berresteko ardura.

Larrionek azpimarratu du une ezin egokiagoa dela, mugikortasun plan berria eztabaida fasean dagoelako, eta ekialde-mendebale ardatzerako inolako proiekturik ez delako lizitatu. «Batez ere, jokoan dago erakustea ea benetan hiritar guztiak izan nahi ditugun bidelagun hiriaren erabaki estrategiko handiak hartzerakoan. Benetan jokoan dago parte-hartzean sinesten dugun edo ez», ohartarazi du.

EH Bilduk ministerioari eskatu dio ez dezala lurperatze proiektua itxi Salburua eta Zabalgana kontuan hartu gabe

Afekzioen larritasuna aztertuta, koalizioak beharrezkotzat jo du Ingurumen eraginaren inguruko txostenari ezezkoa ematea

| 2019-09-06 13:06:00

Euskal Herria Bilduk gaur goizean bertan aurkeztu ditu
Gasteizen Trena Integratzeko Azterlan Informatiboari eginiko alegazioak. Horiek
bederatzi arlo nagusitan banatzen dira, non arazo urbanistikoak, kostuekin eta
fintzantziazioarekin harremana dutenak, edota ingurumerai kalteak nagusitzen diren.
Izan ere, EH Bilduk Salburua eta Zabalgana auzoak zatitzen dituen muga- edo
barrera-efektua salatu du. Trenbide hauek suposatzen duten barrera fisikoek
aipaturiko auzoen garapenean izango dute eragina etorkizunean, segregazio arriskua
handituko da, eta, era berean, desberdintasun sozialak areagotuko ditu.
Horregatik guztiagatik, EH Bilduk Salburua eta Zabalgana auzoen garapen
urbanistiko, ekonomiko eta soziala eragotziko ez dituen lurperatze osoa eskatu dio
Sustapen Ministerioari. «Hau da obra bere osotasunean definitzeko momentua, nahiz
eta obra bera fase ezberdinetan egin», azaldu du Felix Gonzalez zinegotziak.
Koalizioak gastua justifika dezan ere eskatu dio Ministerioari. Joan den uztailaren
5ean Espainiako BOEk argitaratutako Azterlan Informatiboan aurrekontuaren
%20aren igoera jasotzen zen, urtarrilean Abalos ministroak Gasteizen egindako
aurkezpenean emandako datuekin alderatuta. Horrez gain, 2010ean Elkarlanerako
Protokoloaren Helburuetako dokumentuan ageri zenez, proiektuak ibilbidea bere
osatasunean lurperatzearen ideia jasotzen zuen, 6,8 km, eta orain kalkulatutakoa
baina koste nabarmen txikiagoarekin. Horrela, eta Felix Gonzalez EH Bilduko
zinegotziak dioenez, «gastu izugarri igo eta lurperatzea gero eta gehiago murriztearen
joera baieztatzen da».
Euskal Herria Bilduk bigarren alderaketa bat ere egiten du, oraingoan, Euskal
Trenbide Sare berriaren Azterlan Informatiboarekin eta honek barnebiltzen dituen
lurperatutako sarbide-korridorea eta Bilbo-Abandoko geltokia. Gasteizko
ikerketarekin lau hilabeteko aldea duen dokumentuak jasotakoaren arabera,
alternatiba ezberdinak jastzoen ditu Bilborako, denak 6,2 kilometroko luzeerakoak.
Alternatiba guztietan aurrekontua 178 milioi euroetatik 184 milioi euroetara doa.
Gasteizkoarekin alderatuta, Arabako hiriburuarentzako aurrekontua 288 eta 299
milioi euroen artean kokatzen da, kontuan izanda luzera, kasu hontan, 3,6
kiloetrotakoa dela. Hortaz, aldea 100 milioi eurotik gorakoa litzake Bilboko
proiektuarekin alderatuta.
Definitu gabeko finantziazioa
Kezka larria sortu duen beste alderdietako bat finantziazioaren inguruko informazio
falta da. Koalizio abertzaleak higiezinen gainbalioan oinarritutako finantziazioaren
bideragarritasunaren inguruan sortu diren zalantzak argitzeko eskatu dio
ministerioari. Izan ere, eta Kontu Auzitegiak onartu bezala, ez da egia era honetan
lurperatzea finantzia daitekeenik, administrazioentzako gasturik suposatu gabe. EH
Bilduren ustetan, ezinbestekoa da finantziazio formula aztelanari atxikitzea, honen
bideragarritasuna neurtu ahal izateko.
Halaber, ingurugiroan kalteak sor ditzakeen arazoengatik dago kezkatuta koalizioa.
«Dokumentuan jasota dagoen moduan, ez ditu baldintza minimoak bermatzen, eta
horregatik uste dugu ezezkoa eman behar zaiola Ingurumen eraginaren inguruko
txostenari», aipatu du Gonzalezek. Ematen diren kalteak askotarikoak dira:
akustikoak, airearen kalitateari dagozkionak, faunari, begatzioari, korridore
ekologikoari eta nabarmentzekoak diren espazioa naturalei. EH Bilduren iritzian,
kasu batzuetan, non «neurrizkotzat» baloratu den eragina, «zorrotz» kalifikazioa
behar luke. Are gahiago, «zorrotz» kalifikazioa duen horietako askotan «kritikoa»
behar du izan. Hala nola, Arkauteko Korapiloan 2000 Natura Sarean duen eragina.
Kezkatzekoa da ere Salburuko Hezegunean duen eragina, izan ere, proposatutako
ibilbideak edozein eratako hobekuntza edo espazio naturalen zabalpena eragozten du.
«Proiektua bere horretan aurrera eramanda, ingurumenaren garapena eta natura
espazioen etorkizuna hipoteka dezake», dio Gonzalez.
Azkenik, Euskal Herria Bilduk uste du ez dela parte hartzea bermatu. Nahiz eta
indarrean dagoen araudia bete den, Azterlan Informatiboa publikoa egin da udako
opor garaian, hiritar nahiz giza-kolektiboetan bolondres lanean dihardutenen
denboraldi «sozialki baliogabean». Horrela izan arren, mila izan dira alegazioak euren
kabuz erregistratu dituzten pertsonak, baita mobilizatu diren pertsona zein
kolektiboak.
Rocio Vitero zinegotziak erantzun kolektiboa hau goraipatu du. «Parte hartzea ez da
eman udal gobernuak ahalbidetuta, ez baitu inongo erreztasunik eman hiritarrak
informatze aldera, jakinda obra hauek hiriaren historian handienetarikoa dela. Ez da
inongo mekanismo parte hartzailerik martxan jarri», salatu du zinegotziak. Hala eta
guztiz ere, EH Bilduk, alegazioetan, prozesu parte hartzaile eta benetazko kontsulta
bat ahalbidetzea eskatu dio Ministerioari.

Alegazioaren testu osoa (gazteleraz):

Udaltzaingoak aniztasun sexualean jasoko duen formakuntza Gasteizko LGTB mugimenduarekin elkarlanean lantzeko eskatu du EH Bilduk

Rocio Vitero: “Ez dira soilik eraso fisikoak min egiten dutenak, bazterketak ere min egiten du, instituzioen tratu txarrek, eskubideen galerak, biktimizazio bikoitzak… horregatik eskaintzen den formakuntza gizarte mugimenduekin batera lantzea ezinbestekoa da”

| 2019-09-04 13:23:00

Gasteizko LGTBI populazioaren errealitatearen diagnostikoak (Desirak Plazara) argitzera eman du udal langileak eta, bereziki, Udalntzainak aniztasun sexualean formatzeko dagoen premia larria.

 

Iragan abuztuaren 29an, Herritarren Segurtasunerako zinegotzia Marian Gutierrezek aurreikusitakoaren arabera, datorren azaroan hasiko da aipaturiko agenteentzako derrigorrezko formakuntza joera sexualengatik erasoak jasan dituztenen asistentzian.

 

Euskal Herria Bilduk uste du Indarkeria matxistari eta, era berean, LGTBI+ pertsonen kontrako bereizkeria orori, era transbertsalean aurre egin behar zaiola. Halaber, ezinegona adierazi du, Urtaranen gobernuak gaiaren inguruan hartutako erabakiengatik. Oraindik ere, transbertsalitatearen ikuspegia kontuan hartu gabe erabakiak hartzen dihardu gobernuak eta, beste behin ere, herri mugimenduko eragileak baztertzen erabaki horiek hartzerakoan.

 

Rocio Vitero zinegotziak dioenez, “Desirak Plazara diagnostikoan jasotako datuen arabera, eraso asko ez dira salatzen, instituzio nahiz poliziengatik emango zaien erantzunen beldur. Hori dela eta, beharrezkotzat jotzen dugu aipaturiko agenteen formakuntzak era honetako erasoak jasan dituzten pertsonen errealitateak barne har ditzan”.

 

Komunikabideetan argitaratutako informazioaren arabera, Herritarren segurtasunerako zinegotzia Gaylespol LGTBI Polizien Elkartearekin harremanetan jarri da. 2006an estatu-mailan sorturiko elkartea da, egun aktiboan ez dagoena eta hiriarekin inongo loturarik ez duena.

 

Horregatik, EH Bilduk Udaltzaingoari emango zaion formakuntza hiriko LGTB+ kolektiboarekin era bateratuan lantzeko eskatuko die Herritarren Segurtasuna eta Berditasun sailei.

Trenaren lurperatzea hiri osora hedatzea eskatzeko alegazio eredu bat herritarren esku utzi du EH Bilduk

Testuan eskatzen zaio Sustapen Ministerioari proiektuak «kontuan har ditzala lurperatze oso baterako beharrezkoak diren baliabide teknikoak»

| 2019-08-02 10:13:00

Jakina denez, joan den uztailaren 5ean Espainiako BOEk Gasteizen Trena Integratzeko Azterlan Informatiboaren testu osoa argitaratu zuen, eta uneotan 45 eguneko epea irekita dago dokumentuaren audientzia publikoa egiteko. Prozedura horren barruan, herritar gutiek dute aukera aipatutako agiriari alegazioak aurkezteko.

EH Bilduren aburuz, ministerioak aurkeztu duen agiriak dituen gabezi ezberdinen artean, esanguratsuenetako bat da ez duela hirian lurperatze oso bat egiteko aukera bera ere kontuan hartzen. Hau da, egungo proiektutik kanpo uzten ditu Salburua eta Zabalgana, eta ez du inolako aurreikuspen teknikorik egiten etorkizunean lurperatzea bi auzo horietara hedatzeko. Auzo horiek proieketurako aintzat hartu ez izanak, gainera, kezka sortu du trena lurperatu gabe igarotzeak eragin ditzakeen ondorioak direla-eta.

Interesa duten Salburuko eta Zabalganako auzokideei prozedura errazteko asmoz, EH Bilduk alegazio eredu orokor bat prestatu du. Testuan eskatzen zaio Sustapen Ministerioari proiektua berrikustea, aintzat hartzeko «hirian lurperatze oso bat emateko beharrezkoak diren aukera eta baliabide teknikoak, Salburua eta Zabalgana barne, obren gauzatzea fase ezberdinetan aurreikusi arren».

Koalizioak Gasteiz.ehbildu.eus webgunean testua eskura jarri du, erabili nahi duten auzokideek deskargatu eta Sustapen Ministeriora bidaltzeko aukera izan dezaten, audientzia publikoaren epea amaitu baino lehen, irailaren hasieran.

Igerilekuetako udako kanpainan berriro ere prekaritatearen aldeko apustua egitea egotzi dio EH Bilduk udal gobernuari

Larrionek defendatu du udako kanpaina langile propioekin egiteak «lan baldintzak eta zerbitzuaren kalitatea hobetuko» lituzkeela

| 2019-08-01 11:32:00

Joan den astelehenean, uztailak 29, udal Gobernu Batzordeak erabaki zuen Mendizorrotzako eta Gamarrako igerilekuen udako kanpaina kudeatzeko kontratua urtebetez luzatzea. 2020. urteko kanpaina abian jartzeko oraindik hamar hilabete falta diren arren, EAJren eta PSEren gobernuak erabaki du honezkero bizkarra ematea arreta zerbitzuaren kudeaketa zuzena egiteko aukerari, eta, modu horretan, zerbitzu hori eskaintzen duten langileen prekaritate egoerari eutsiko zaio.

2012. urtean Alderdi Popularrak udako kanpaina pribatizatzea erabaki zuen, Estatuko Aurrekontu Orokorren Legeari buruzko interpretazio murriztaile batean oinarrituta. «Zazpi urte geroago, EAJk eta PSEk eredu hori betikotzea erabaki dute, lan baldintzak kaltetzen dituena. Uste dugu udako kanpaina langile propioekin egiteak lan baldintza horiek hobetuko lituzkeela, eta baita ere zerbitzuaren kalitatearen nahiz eraginkortasunaren onerako litzatekeela», azaldu du udal taldeko bozeramaile Miren Larrionek.

Kontuan hartu behar da oposizioan zegoenean EAJk berak kudeaketa zuzenaren alde egin zuela, baina gobernuan dagoenetik ez du ezer ere egin egoerari buelta emateko, eta kontrako jarrera bati heldu dio. «Livia Lopezek Kirol zinegotzi bezala hartu duen lehen erabakietako bat izan da udaleko zerbitzuetan prekaritatea hedatzen duen eredu bati eustea, Hasiera honek ez du ezer onik aurreratzen», Iratxe Lopez de Aberasturi zinegotziaren hitzetan.

Kontratua berriro ere luzatzeko, Kirol Zerbitzuak argudiatu du ez dituela behar adineko giza eta material baliabideak lan horiei aurre egiteko. Aitzakia hutsa, kontuan izanik udalak berak martxan dituela oposizio prozedurak, edo langile behar hori estaltzeko kontratazio zerrenda berriak martxan jartzeko aukera zabalik duela.

Bestalde, EH Bilduren aburuz, kezkagarria da kontratuaren luzapen berriari hain goiz bide eman izana, udal taldeei aurrekontuen eztabaidan beste eredu baten alde egiteko aukera bera ere kendu nahi zaielako. «Erabaki honek, berez, zerbitzu publikoak azpikontratatzeko eta pribatizatzeko politika batekin segitzeko apustu argi bat erakusten du, udal gobernuaren aldetik. EH Bildutik bide hori zuzentzen eta aldatzen saiatu gara, eta horretan jarraituko dugu», nabarmendu du Larrionek.

ALBISTEAK

Txosten juridiko batek zalantzan jartzen du Urtaranen kudeaketa Lurralde Sailean interes-gatazkengatik

2021-07-27 11:10:00

Udalbatzako Idazkari Nagusiaren txostenaren arabera, zudendaria abstenitu ez ezik, ezin duelako gauzatu “garrantzi gutxieneko jarduera esanguratsurik” interes-gatazka dagoen prozedura horietan.

EH Bilduk hospizio zaharreko eraikinaren «berehalako» lagapena eskatu dio Urtaranen gobernuari, Alde Zaharreko Osasun Zentro berria har dezan

2021-07-15 09:38:00

Iratxe Lopez de Aberasturi: «Gasteizko udalbatzak hospizio zaharraren eraikina Eusko Jaurlaritzari lagatzea onartu zuen ahobatez, bertan Osasun Etxea ireki zedin. Baina bi urte geroago, Udalak ez du eraikin horren lagapena egin».

EH Bilduk udal langileei telelana egiteko aukera zabaltzeko «anbizio handiko araudia» eskatu du

2021-07-13 10:21:00

Alberto Porras: «Helburua da lan-sistema publiko aurreratuagoa izatea, lan presentzialean soilik oinarritzen ez dena, malgutasuna ekarriko duena eta lanaldia zerbitzuaren eta langileen beharretara egokitzeko aukera emango duena»

Felix Gonzalez: «Lanean jarraituko dugu gehiengoaren baloreek, esaterako, parekidetasunak, feminismoak, ekologismoak eta justizia sozialak, isla izan dezaten etorkizuneko Gasteizean»

2021-07-13 10:19:00

Hamar kide baino gehiago eta Endika Saez de Adana Gasteizko arduradun politiko berri gisa izango dituen udalerriko Mahai Politiko berria berretsi du Gasteizko asanbladak.