Gasteiz

Itsaso zabalean nabigatzen

Miren Larrion, EH Bilduko bozeramailea Gasteizko Udalean.

| 2020-04-10 09:29:00

Bertol Brechtek, kontakizun batean, honela zioen: "Denborale handien zain daudenean, beti gertatzen da arrantzale batzuek euren txalupak hondartzan amarratu eta barrualdera jotzen dutela; beste batzuek, ordea, azkar jotzen dute itsasora. Txalupak egoera ezin hobean badaude, seguruago egongo dira itsaso zabalean hondartzan baino, nahiz eta denboralea handia izan. Itsaso zabalean nabigazioaren arteari esker salba daitezke, baina hondartzan ekaitz txikienek ere txikitu ahal dituzte".

COVID-19aren denboralearen aurrean, Txagorritxura trumoiak balira bezala iritsi ziren kutsaketak, tximistak balira bezala ikastetxeetara eta galernak balira bezala lantegietara. Guztiak izan ziren beharrezkoak, behingoz, administrazioak onar zezan itsas zabalera atera behar zela, ahalik eta txalupa gehien babesteko eta mantentzeko. Pertsonak salbatzeko, alegia.

Orain, itsaso zabalean gaude, eta nabigazio horrek egia asko azaleratu ditu txalupen inguruan. Balio bikoitza izan du honek. Alde batetik, komunitatearengan pentsatuz eta etorkizunari begira lanean aritu direnen ahalegina aitortzeko balio izan du. Bestetik, egungo sistema kudeatzen aritu direnen lana ez dela egokia izan ikusarazteko balio izan du.

Publikoa denaren desegite sistematikoak eta pribatua denaren gizentzeak agerian geratu dira orain: txalupak -gure bizitzak eta oinarrizko zerbitzuak- baldintza prekarioetan utzi ditu.

Txalupa horietako marinelak, osasun-langileak, sektore ahuldu bat dira. Izan ere, sektore horretako LEPetan medikuen egonkortasunerako sarbidea ez da merituetan oinarritu izan eta gainerako langileek nekez azal daitezkeen bitartekotasun-indizeak dituzte. Eta orain, ekaitz honi aurre egin behar diote pertsona horiek guztiek. Baina ez dira bakarrak. Marinel gehiago daude: garbitzaileak, kutxazainak, suhiltzaileak, zaintzaileak... Asko dira gizartearentzako oinarrizkoak diren sektore horietan lanean dabiltzanak, osasungintzakoa baino sektore are prekarizatuagoak, behintzat egonkortasunari eta soldatari dagokionez.

Denborale honi aurre egiteko nabigazioaren artea baliatu behar dugu. Baina hori ez da marinelez janztea, baizik eta korronteak eta haizeak ezagutzea eta noiz eramaten utzi eta noiz aurre egin jakitea. Gure posizioa zein den jakinda lortuko dugu; itzultzea lortuko dugu.

Eta ezagutza hori komunitatea osatzen duten pertsonen artean banatuta dago. Horregatik, gure taldeak, EH Bilduk, ekaitz honen hasieratik bere jakintza osoa eskaini du eta sektorearteko krisi-mahai bateratu baten sorrera planteatu du.

Bide honetan ideiak eta proposamenak mahaigaineratu ditugu. Zerga eta tasei buruzko proposamen ekonomikoak edota alokairuei buruzko proposamenak; hezkuntzako proposamenak, arrakala digitalari buruz eta desberdintasunen konpentsazioari buruzkoak; proposamen sozialak, oinarrizkoenak diren janariari, etxeko eta egoitzako arretari dagozkienak, zerbitzuak antolatzeari buruzkoak; enplegurako prestakuntza-proposamenak, ondoren etorriko denari aurre egitekoak; merkataritzarako proposamenak; espazio publikoa eskura ditugun baliabideekin desinfektatzeko proposamenak; finean, inor atzean ez uzteko proposamenak.

Gehiegitan adabatutako belek eta zaharkituta geratu den lemak osatzen duten egur zaharkituarekin egindako txalupa hauen nabigazioan laguntzeko proposamenak azken finean. Jakin badakigulako, orain, ur-bideak estaltzea tokatzen dela, helmuga egokia finkatzea eta txalupa guztiak salbu mantentzea. Horretan gaude eta hor dago gure konpromisoa.

Era berean, nabigazio horretan zehar geure burua apunteak hartuz doa, behin denboralea amaitutakoan nola itzuli diseinatzen hasteko eta, hurrengo denboralea iritsi baino lehen, itzuleran zer hobetu daitekeen planifikatzeko.

Zorionez, denborale hau baretzeko neurriak har ditzakegu. Denbora luzez OMEk eskatu bezala, biztanleei egiten zaien test kopurua handitu behar dugu. Konfinamendua mantendu behar dugu ahulenak babesteko beste modurik ez dagoelako. Ekaitza gutxitzen doan heinean, lurreratzeko bidea hasteko.

Eta bueltan, ikasitako guztia erabiltzea gure ardura izango da. Ez dago normaltasunera itzultzerik, normalaren kontzeptua aldatu egin delako. Baina benetan balioa duenari aitor diezaiokegu, Machadok zioen bezala: "Balioa eta prezioa nahastea, ergelkeria hutsa da".

Denborale batek iparra galtzera eraman gaitzake, baina gauza asko bere lekuan jartzen ditu ere. Gizarte-segurantza sistema, osasun-sistema, ongizate-estatuaren kontzeptua, horiek guztiak ere, beste denborale handi batzuen ondorio dira.

Hori izango da gure erronka, bide zuzenetik gidatzen gaituen iparrorratza jarraitzea; denboraletik zerbait ikasi badugu behintzat.

Gasteizko "zerbitzuen karta" sortzea proposatu du EH Bilduk

Miren Larrion, Gasteizko EH Bilduko bozeramailea: "Une berezi hauetan, erakunde zaintzaileak eta informazio azkarra eta fidagarria behar dugu; horregatik, EH Bilduk 'zerbitzuen karta’ sortzea proposatzen du, etxez-etxeko entregak egiten dituzten saltokiak, zaintza-sareak eta Udaleko larrialdietako zerbitzuak kokatzeko".

| 2020-04-08 13:41:00

EH Bilduren ustez, ezinbestekoa da pertsonen bizitza ahalik eta gehien erraztea konfinamendu garai korapilatsu honetan, non, herritarrak etxean geratu behar dira koronabirusaren (COVID-19) zabaltzea saihesteko. Hori dela eta, EH Bilduk 'zerbitzuen karta' bat sortzea proposatzen du, plano batean islatuko dena eta garai honetan ezinbestekoak diren saltokiak eta zerbitzuak jasoko diren, are gehiago, etxez etxeko zerbitzua eskaintzen dutenak eta kalean jendea ibiltzea saihesten dutenak.

 

Miren Larrion Gasteizko EH Bilduko bozeramailearen ustez, "Une berezi bezain zail hauetan, erakunde zaintzaileak eta informazio azkarra eta fidagarria behar dugu. Horregatik, EH Bilduk 'zerbitzuen karta' bat sortzea proposatzen du, non, etxez-etxeko entregak egiten dituzten saltokiak, zaintza sareak eta Udaleko larrialdi zerbitzuak agertuko diren”.

 

"Karta" horrek ematen duen zerbitzua lau alderditan banatzen da. Lehenengoa etxez etxeko zerbitzua eskaintzen duten eta irekita dauden Gasteizko dira, hala nola farmaziak, fruta-dendak, arrandegiak edo, oro har, elikagaiak saltzen dituztenak (supermerkatuak izan beharrik gabe, jada euren webgunea dutenak). Izan ere, 'Zerbitzuen karta' horrek helburu bikoitza beteko luke; isolatuta edo egoera ahulean dauden gasteiztar askok bidaiak mugatzea ahalbidetzeaz gain, gure auzoetako saltokiak ezagutarazten ere lagun dezakeelako. Gainera, gerora mapan sartzeko saltokiaren informazioa jasotzeaz gain, jarduketa hori une honetan aktibo dauden merkatarien elkarteen bidez koordina daiteke (Gasteiz On, Gorbeia kaleko merkatariak …). 'Zerbitzuen kartan', halaber, larrialdiko konponketa-zerbitzuak sartuko lirateke.

 

Baina, gainera, pertsonen zaintza hain garrantzitsua den une honetan, EH Bilduren ustez beharrezkoa da Gasteizen sortutako herritarren sareak sartzea. Hori da Batera Zaintza Sarearen kasua, izan duen boluntario-atxikipen garrantzitsua dela eta, lagungarria izan baitaiteke auzo askotan.

 

Azkenik, EH Bilduren ustez, ezinbestekoa da zerbitzu zerrenda luzea osatzea Udalak presaka eskaintzen dituen zerbitzuekin.

ALBISTEAK

Miren Larrion: “Urtaranen diskurtsoak ez dio erantzuten egungo krisiari eta agortutako eredu batekin bat dator”

2020-06-25 12:55:00

EH Bilduren ustez, onartezina da Urtaranek bere diskurtsotik kanpo utzi izana pandemia bera eta azken urteetako krisirik handienari erantzunik eman ez izan.

EH Bilduk LGTBI pertsonen askatasuna aldarrikatu du eta haien eskubideak bermatzea eskatu du

2020-06-24 11:41:00

EH Bilduk Adierazpen Instituzionalerako proposamena erregistratu du gaur, LGTBI harrotasunaren Nazioarteko Eguna dela eta. Bertan, erakundeek pertsona guztien eskubideak bermatzeko eta kolektibo ahulenek eskubide horiek izan ditzaten bereziki zaintzeko duten erantzukizuna azpimarratzen da

Aterpe eraikineko bigarren solairua kaleko pertsonak hartzeko erabiltzea proposatu du EH Bilduk

2020-06-23 11:36:00

Alarma-egoeraren ondoren, Urtaran kabinetearen utzikeriaren ondorioz Lakuako frontoian ostatu hartzen zuten 60 pertsonak kalean geratuko dira, eta, beraz, EH Bilduk Aterpe eraikineko bigarren solairua pertsona horiek hartzeko erabiltzea proposatu du, 30 arreta-plaza baino gehiago eskaintzeko

EH Bilduk esker ona adierazi nahi die gasteiztarrei pandemia garaian erakutsi duten konpromisoagatik, lanagatik eta erantzukizunagatik

2020-06-22 11:11:00

EH Bilduk hurrengo udalbatzara eramateko adierazpen instituzional bat helaraziko die udaleko gainerako taldeei, COVID-19ak eragindako pandemia garaian Gasteizko herritarrek izandako jarrera eta lana aitortuko duena.