Vitoria-Gasteizko Udalak ‘Lokal komertzialak dinamizatzeko laguntzak’ izeneko bigarren deialdia kaleratu du. Deialdi horren bidez, hiriko ekintzaileei beren jarduera garatzeko kaleko espazio batera sarbidea izaten lagunduko die. Udalak lehen urtean ordainduko du alokairu-gastua, eta horren % 50 ordainduko du, hileko 500 euroko mugarekin.
Laguntza-lerro hori udal-gobernuak eta EH Bilduk 2025ean sinatutako aurrekontu-akordioari esker egin da. Hori dela eta, deialdiaren berritasunak aurkezteko prentsaurrekoan izan dira Ekonomia Sustapen, Enplegu, Merkataritza eta Turismo zinegotzi Maria Nanclares eta EH Bilduko udal-taldeko bozeramaile Rocio Vitero.
“Laguntza horien lehenengo deialdian Hirigune Historikoan eta Zabalgunean zentratu ginen, eta arrakasta handia izan zuten. Guztira 23 ekintzailek baliatu zuten programa hori, eta horrek esan nahi du 23 negozio berrik ireki zituztela ateak Arabako hiriburuko erdigunean”, azpimarratu du Nanclaresek. “Oraingo honetan, eskuragarri dauden lokalak dinamizatzeko laguntzak hiri osora zabalduko ditugu. Hala, Gasteizko auzo guztiei lagunduko diegu eta 350.000 euro inbertituko ditugu 2025ean. Hau da, lehen deialdian baino 150.000 euro gehiago”, iragarri du.
Rocio Viterok adierazi duenez, “iazko akordioan ekimena arrakastatsua zela egiaztatzeko aukera izan genuen, 23 negozio berri ireki baitziren. Deialdi berri honek urrats berberak jarraituko ditu, baina hiriaren erdigunetik harago joango da eta gure auzo guztietara iritsiko da. Tokiko merkataritza sustatuko dugu, gaur egun hutsik eta erabilgarri dauden lokaletan merkataritza-jarduera sustatuz. Gainera, hitzarmenak jasotzen dituen baldintzek merkataritza txikiari eta ekintzaileei laguntzea dute helburu, multinazional handien aurrean. Hala, modu positiboan baloratuko dira honako hauek: enpresa sortu berria izatea, urte asko hutsik dara maten lokalak aukeratzea edo jardueraren titularra edo kudeatzailea emakume bat izatea”.
Horiek eskuratzeko, baldintza batzuk bete behar dira, hala nola diruz lagunduko den jarduera etxabe batean egotea, sarrera edo erakusleiho nagusia izatea, edo enpresako plantilla 50 langile baino gutxiagokoa izatea eta urteko balantze orokorra 10 milioi eurotik beherakoa izatea.
Laguntza horiek jaso ahal izango dituzte, besteak beste, saltokiek eta jatetxeek, bidaia-agentziek, telekomunikazio-negozioek, finantza-erakundeek, aseguru-etxeek eta jarduera profesional eta artistikoek. Hornidura-merkatuetan edo merkataritza-zentro eta -galeria komertzial pribatuetan integratutako establezimenduak ere sartuta egongo dira.
Dirulaguntza jaso ahal izateko, onuradunak alta emanda egon beharko du Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan ekainaren 30a baino lehen, eta 2024ko abenduaren 1etik 2025eko uztailaren 31ra bitartean errentamendu-kontratu bat formalizatu.
Eskaerak aurkezteko epea deialdia ALHAOn argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da, eta 2025eko ekainaren 30ean amaitu.