AKTUALITATEA


| 2020-08-03 10:16:00

Joan den ostiraleko bileran eta gai-zerrendatik kanpo, Udal Gobernu Batzordeak, BEAren proiektuaren aurrekontua ia 2,3 milioi eurotan aldatu eta handitzeko proposamena onartu zuen.
Kontratuaren prezioa %3 baino gehiago igo denez eta Sektore Publikoko Kontratuen Legeak azpimarratzen duenez, aldaketa justifikatu behar da. Aldaketak kostuen igoera zerk justifikatzen duen azaldu behar du. EH Bildurentzat baina, espediente honetan ez daude behar bezala justifikatuta aurrekontu igoera horiek.

EH Bilduko zinegotzi Felix Gonzalezek gogorarazi du EH Bilduk proiektu hau hasieratik babestu izan duela: "Giza- eta ingurumen-onurak irizpide nagusitzat hartuta, Autobus Elektriko Adimentsuaren proiektua gure hirian garraio jasangarri eta elektrifikatuaren aldeko apustu sendoa egiteko beharrezko urratsa da".

EH Bilduk proposatu zuen akordioak jasangarritasun ekonomikoa ere bilatu zuen; izan ere, 100 milioi euro baino gehiagoko aurrekontua zuen finantzazio publiko-pribatuaren hasierako proposamena, erdira baino gutxiagora jaistea lortu zuen, %100eko finantziazio publikoarekin.

Felix Gonzalez zinegotziak gogorarazi duenez, "Hiria ahalegin handia egiten ari da azpiegituretan inbertitzeko, eta hortaz, ezin zaio ahalegin handiagoa eskatu ondorengo aldaketekin, ez baitirudi ustekabeko arrazoi berriak daudenik. Aldaketa gehienak jatorrizko esleipenaren unean ezagutzen ziren. Hori dela eta, kostuen igoerari buruzko azalpenak eskatuko ditugu, hiriaren egoera ekonomikoa okerrenetarikoa denean datorrelako gainera. Gogora dezagun aldaketek prezioen konkurrentziarik ez egotea dakartela, kontratak prezio horiek finkatzen baititu".

Proiektu publikoetan, sistematikoki, egin beharreko obren kostuen beherako balorazioa egiteak herritarrek kudeaketan duten sinesgarritasuna kaltetzen du, eta azpiegiturei buruz egingo den edozein proposamen oztopatzen du, are gehiago, egungo egoera ekonomikoan, non nabariak diren aurrekontuen inguruan diren zailtasunak.