AKTUALITATEA


| 2020-01-14 14:50:00

Euskal Herria Bilduk salatu du Airearen Kalitatea Kudeatzeko Plana osoko bilkuran onartu eta urtebetera Udalak ez duela gauzatu oraindik. Are gehiago, azken asteetan Gasteizen airearen kalitateari buruzko datu negatiboak erregistratzen ari direnean.

Ekologistak Martxan taldeak argitaratutako txosten baten arabera, Euskal Autonomia Erkidegoan hainbat aldiz gainditu dira gomendatutako ozono mailak. OMEk dio gehienez 25 aldiz gainditu ahal direla maila horiek kaltegarriak izan gabe, baina Amancay Villalba EH Bilduko zinegotziak salatu duenez, "UPV/EHUko Farmazia Fakultateko erregistroetan 29 aldiz gainditu dira gomendatutako gehienezko mugak, eta hori arriskutsua da herritarren osasunerako".

2019ko martxoko udalbatzan onartu zen, aho batez, plan hori egitea eskatzen duen mozioa, bai eta hiri-atmosferaren kutsaduragatik jarduteko udal-protokoloa eta herritarrei informazioa denbora errealean emateko protokoloa sortzea ere, osasuna babesteko ezarritako mugak gainditzen direnerako. EH Bilduk salatu duenez, gaur egun, gauzatu gabe jarraitzen dute, eta, horregatik, hartutako konpromisoak bere gain hartzea eta jardutea eskatu dio gobernuari.