AKTUALITATEA


| 2025-02-06 17:04:00

Politika instituzionalean hartzen diren erabakiek kontuan hartu behar dituzte hauek eragin ditzaketen ondorioak, horregatik dira hain garrantzitsuak plangintzak eta alternatiben planteamendua.

Urtarrileko osoko bilkuratik hiru gai nabarmentzen ditugu:

1- Zaharren egoitza eta aparkaleku publikoak eraikitzeko kontratuaren eranskina onartzea:

Osoko bilkuran aurkeztutako aldaketa hau tramitazio hutsetik harago doa; izan ere, obra hori egiteko proiektuaren aldaketa horrek, hasieran gure herriari zegokion espazioaren titulartasunaren galera konfirmatzen du %19,25etik %16,30era.

EH Bilduren ustez, ezin da espazio publikoaren galera hau besterik gabe ontzat eman, are gehiago hitzarmenean jasotako negoziazio klausularen aukera udal gobernuak aprobetxatu ez duenean. Ondorioz, EH Bilduk aurka bozkatu zuen.

2-TAO ordenantza aldatzeko behin betiko onarpena:

Ordenantza hau beste alternatibarik planteatu gabe behin betiko onartzeak, bizilagunen aparkalekuaren arazoa areagotzea dakar, batez ere garaje propiorik ez dutenentzat eta Xixilionen aparkatzen dutenentzat, aparkatzeko aukerak are gehiago mugatuz.

EH Bilduk aldaketaren aurka bozkatu zuen, Elgoibarko mugikortasunaren arazoa gutxitu beharrean gehiago zailtzen dela iritzita.

3- EH Bilduk aurkeztutako dimisio eskaera:

EH Bilduk Iñigo Loiolaren dimisioa eskatu zuen, Lurralde batzordeko arduradun gisa, titulartasun pribatuko bi bide diru publikoarekin zolatzea erabaki zuelako, kasu horietarako ezarritako prozedura jarraitu gabe eta jarduera hori justifikatzen edo argitzen zuen dokumentaziorik aurkeztu gabe. Gobernu taldeak (EAJ-PSE) atzera bota zuen gure dimisio eskaera.