AKTUALITATEA


| 2024-01-19 09:25:00

Aste honetan ezagutu dugu udal gobernuak Muguruza eskolen egoerari buruzko txosten integral bat egiteko asmoa duela, gai honetan jarraitu beharreko hurrengo urratsak oposizioarekin aztertu eta erabakitzeko aukera eskainiz.

2021etik EH Bildu kezkatuta agertu da aurreko Gobernu taldeak eraikina eraisteko hartutako erabaki irmoarekin, eta ordutik hona, asko izan dira erabaki hura birplanteatzea  helburu zuten emandako urratsak (https://www.facebook.com/share/p/vjxqdTpnU1vp8LL6/)

Gure planteamendua hasieratik, eraikinaren bideragarritasuna aztertzean zentratu da, balorazio ekonomikoaz gain, azpiegitura honen errentagarritasun soziala ere kontuan hartuko lukeena. Elgoibarko herritar guztiei aukera emanez eraikin honen etorkizunari buruz erabakitzeko, prozesu parte-hartzaile baten bitartez.

Orain arte egindako txosten teknikorik momentuz helarazi ez zaigun arren, positibotzat jotzen dugu udal gobernuaren jarrera aldaketa hau, eta espero dugu udal alderdiez gain, gai honi buruzko eztabaida herritarrei ere irekitzea, eraikin honen etorkizunaren erabakian merezi duten protagonismoa eskainiz.

EH Bildutik  prestutasuna adierazten dugu gai hau elkarlanean lantzeko, eta guztion artean irtenbiderik onena aurkitzea espero dugu.