Elgoibar

Albisteak

Hondakinen bilketaren kudeaketan zerbitzu txarra eskaini arren, herritarrei tasak igotzea ez dela onargarria uste du EH Bilduk


Ordenantza fiskal berriak onartzearen aurka bozkatuko du ezker subiranistak gaurko osoko bilkuran, progresibitatea aintzat hartzen ez delako

| 2019-10-23 11:09:00

 

 

Elgoibartarrei ezarritako zergak biltzen dituen ordenantzat fiskalak eztabaidatu eta bozkatuko dira gaur arratsaldean egingo den osoko bilkuran. EH Bilduk iragarri du udal gobernuak egindako proposamenaren aurka bozkatuko duela, besteak beste, progresibitatea aintzat hartzen ez duelako. “Udalak ahalegin bat egin behar duela bere kostuak efizientziaz kudeatzeko, eta igoerarik ez aplikatzeko zalantzaz beteriko sasoi hauetan.”, esan du Jon Peli Uriguen EH Bilduko bozeramaileak. 

 

Zaborren bilketaren zergari ezarritako %3,43ko igoerarekin bereziki arduratuta azaldu da EH Bildu. “Benetan kezkagarria iruditzen zaigu, ez bakarrik igoeragatik beragatik soilik, kudeaketagatik ere bai. Bere egunean hondakinen mahaia sortu zen, EHBilduren bultzadaz, baina han jarritako helburuak ez dira betetzen ari inondik inora, eta gainera mahaia alboratuta daukazue. Hori bai, prezioak igotzerako orduan inongo arazorik ez”. Uriguenek gaineratu du sarri askotan eredugarriak ez diren irudiak ikusten direla hondakinak biltzeko ontzien inguruan: ontziak gainezka, poltsak kanpoan... 

 

Denda txikien obrak 

 

Denda txikientzako eraikuntzaren, instalazioaren eta obren gaineko zerga %2,5etik 1,25era pasatzea albiste pozgarria dela uste du EH Bilduk, azken urteetan egindako lanaren emaitza. “Ziurrenik horrek bakarrik ez du bultzatuko pertsona bat denda txiki bat irekitzera, baina bere egunean dendariekin bildu ginenean esan ziguten bezala, edozein babes, morala bada ere eskertzekoa da beraien partetik, egunerokotasunean dituzten zailtasunen aurrean bultzadatxoa delako”, esan du Uriguenek.