Donostia

Eneko Goiak euskaraz ez dakien zuzendari bat izendatzea ez doa euskararen erabilera normalizatzeko bidean

Donostiako udalak deialdia egin du, pasa den abuztuan, Hiri Mantentze eta Zerbitzuetako zuzendari berri bat hautatzeko. Horrekin batera, beste hiru zuzendari lanpostutarako deialdiak egin ditu (Zeharkako Zerbitzuak, Ekonomia Kudeaketa eta Hirigintza Sostengarria), baina azken hiru horietan ez bezala, Hiri Mantentze eta Zerbitzuetako zuzendari lanposturako ez du euskara ezagutzeko eskakizunik ezarri. Euren soldata ia 80.000 eurokoa izango da.

| 2019-09-10 11:59:00

Hizkuntza Politikako Sailordetzak VI. Plangintzaldiko bere irizpideetan proposatu dituen euskara gaitasunak, zuzendaritza organoetarako, C1 edo C2 mailakoak dira. Hain zuzen, aipagai dugun zuzendari lanpostuarekin batera argitaratutako beste hiru deialdietan euskarako C1 maila eskatu da. Hiri Mantentze eta Zerbitzuetako zuzendaritzarako, ordea, ez du euskara ezagutzeko beharrik ezarri, eta soilik merituen artean sartu du.

Kezkagarria iruditzen zaigu erabaki hau hartu izana Eneko Goiaren gobernuak, kontraesankorra eta arduragabea delako. Erabaki hori ez doa euskaren erabilera normalizatzeko udal langileek eta erakundeak urtetan egindako ahaleginaren bidean, eta eragingarri eta eredugarri izateko aukera zapuzten du. Hizkuntza Politikako Sailburuordetzak Herri Erakundeetarako proposatutako gidalerroetan aipatzen duenez, euskararen kudeaketak lider eta erakunde-ordezkarien konpromiso osoa eta egiazkoa eskatzen du, zeharkakotasuna bermatzeko eta euskara erakundearen kudeaketa sisteman integratzeko. Horiek horrela, Donostiako Udaleko Hiri Mantentze eta Zerbitzuetako zuzendaritzan goren mailako postuan bertan egon behar du euskararen erabileraren erantzukizuna, sailaren zuzendaritzak eta arduradunek beren gain hartu behar dute. Donostiako udaleko langileek urteotan guztietan egin duten ahaleginari esker, udal langile gehienak prestatuta daude, neurri batean edo bestean, euskaraz lan egiteko. Baina Eneko Goiaren gobernuak muzin egin dio hizkuntza politika aurreragarria ezartzeari eta men egin dio euskara baztertzen duen politika zaharrari.

Euskararen kudeaketa normalizatuak eskatzen du, hasteko, arduren eskalan goren mailan daudenak euskaraz gaituak izatea eta, horrekin batera, liderrek jarrera aktiboa izatea euskararen erabilera plana ezar dadin eta hizkuntza ofizialen erabilerarako irizpideak bete daitezen. Eneko Goiaren gobernuak, ordea, berriz ere baliatu ditu salbuespen eta zirrikituak euskararen aurrerabidearekin bat ez datozen erabakiak hartzeko.

Hauek horrela, eskatzen diogu Eneko Goia alkateari Hiri Mantentze eta Zerbitzuetako zuzendari lanposturako eskakizunen artean euskara eskatzea eta Euskara Planaren irizpideetatik kentzea funtzionari ez izategatik euskara gaitasuna ez eskatzea ahalbidetzen duen aukera.

Etxe hutsei OHZren errekargua gehiago igotzea adosteko proposamena luzatu dio EH Bilduk Udal Gobernuari

Etxebizitza eskubidea bermatzen laguntzeko, euskara sustatzeko eta aldaketa klimatikoaren kontrako borrokan eragiteko zerga politika erabiltzea proposatzen du EH Bilduk

| 2019-09-05 11:28:00

Zaborren tasari dagokionez, udal gobernuak 2020rako aurreikusten duen %4,5aren igoerarekin marra gorri guztiak gainditu dituela uste dugu. Pasa den legealdian %21 garestitu zen tasa hau eta, horrela, azken bost urtetan Donostiako familiak 2015ean 76 euro ordaintzetik, aurten 98€ ordaintzera pasatu dira. Tasa bat denez, denok kopuru berdina ordaintzen dugula gogoratu behar da. Eta kopuru hau, agian, huskeria izango da errenta handiko familientzat, baina hilabetearen bukaerara ozta-ozta iristen direntzat onartezina da. Izan ere, ezohiko igoera hau ez dator bat herritarrei ematen zaien zerbitzuaren hobekuntzekin edo zerbitzuaren eraginkortasunarekin.

Beste aldetik, etxebizitza hutsei ezartzen zaien Ondasun Higiezinen gaineko Zergaren (OHZ) errekarguari dagokionez, adierazi behar da aurten udal gobernuak aurrera pausu txiki bat eman duela, %25etik %35era pasatuz. Izan ere, EH Bilduk azken urteotan behin baino gehiagotan eskatu du errekargua ahal den guztia igotzeko (legez, +%150), etxebizitza hutsak merkatura ateratzeko tresna gisa, baina gure proposamenak beti atzera bota dituzte EAJk eta PSEk, PPren laguntzarekin.

Halere, EH Bilduren ustez, %35eko errekargua ez da nahikoa, haratago joan behar dugu zerga politika eraginkorra izatea nahi badugu. Hori dela eta, etxebizitza hutsei OHZren errekargua gehiago igotzea adosteko proposamena luzatu nahi diogu Udal Gobernuari.

Bestalde, aldaketa klimatikoaren aurkako borrokan ere azpimarra egin nahi dugu. Eta zerga politikaren bidez praktika onak saritu nahi dugu. Adibidez, organikoa birziklatzen duenari hobaria igotzea proposatzen dugu.

Eta euskararen erabilera normalizatzeko praktika onak ere sarituko ditugu, esaterako, aldamioetan jartzen diren kartel erraldoien hizkuntza irizpideak ezarriz.

Laburbilduz, EH Bilduk 11 zuzenketa eta arau proposamen aurkeztu dizkio 2020ko ordenantzari. Hauek dira nagusienak:

  • Etxebizitza eskubidea bermatzeko, OHZren kuota handitzea ohiko etxebizitza ez diren etxe hutsei eta kuota hori ez kobratzea 25.500 € baino gutxiago jasotzen duten familiei, eta erabilera turistikoa duten etxeei tasak garestitzea.

  • Donostiako merkataritza sustatzeko, familia-enpresa txikien jarraikortasuna laguntzea proposatzen dugu.

  • Euskararen sustapena areagotzeko atalean, saltegien paneletan eta hesi, aldamio eta eskoretan jartzen diren publizitateetan hobaria % 50ekoa izango da publizitatea Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetan errotulatuta edo grabatuta badago, bi hizkuntzen kopurua hein berekoa izanik. Hobaria % 75ekoa izango euskarri fisiko eta entzutezkoetan zabaltzen den publizitatea euskaraz errotulatuta edo grabatuta badago.

  • Aldaketa klimatikoaren kontrako borrokari dagokionez, Trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko zergan, kuotaren % 90eko hobaria izatea motor elektrikoa duten ibilgailuek, orain arteko %75aren aldean.

  • Iragarkien euskarri moduan gure kale eta hiribideetan gero eta presentzia gehiago duten pantaila erraldoiei kanon bat ezartzea proposatzen dugu.

  • Eraikin, Instalazio eta Obren gaineko Zerga (ICIO): hobaria 15 puntu handitzea, ezinduen irisgarritasuna eta bizigarritasuna errazteko egindako eraikuntza, instalazio edo obrengatik, % 90era iritsiz.

“Gutako erdiaren segurtasuna eta askatasuna ezin badugu bermatu, ez dago festarik”

Gaur eguerdian “Donostiako Piratak” mugimenduak salatu du 24 orduetan 6 eraso matxisten berri jaso duela, tartean bi bortxaketa. Hori dela eta, gaurko egitaraua bertan behera utzi duela eta arratsalderako 7etarako manifestazioa deitu duela iragarri dute. Era berean, biktimak Udaltzaingoaren, Ertzaintzaren eta Osakidetzaren aldetik jaso duten tratua salatu dute.

| 2019-08-14 15:16:00

Honen aurrean, lehenik eta behin, erasoak pairatu dituzten pertsonei gure babesa eta elkartasuna adierazi nahi diegu. Eta bide batez, guk sinesten dizuegula adierazi nahi dizuegu publikoki, inongo ñabardurarik gabe. Era berean, Piratek erasoei erantzuteko erakutsi duten determinazioa txalotu nahi dugu.

Zoritxarrez, Aste Nagusi honetan gertatzen ari dena ez da salbuespen bat gure hirian. Azken urteotan Donostian eraso sexisten gorakada ikaragarria da eta Aste Nagusikoa joera horren beste adierazlea da. Gogoratu beharra dago, baita ere, 2018ko Aste Nagusian 9 eraso matxista egon zirela, tartean Urnietako gazte baten erahilketa.

Eta EH Bildutik adierazi behar dugu egoera honen aurrean udal gobernuak ezin duela beste aldera begiratu, edo dagokion erantzukizuna ekiditen saiatu. Erasoen tamainako erantzuna eman behar du Udalak, argi geratzen ari da erantzuna ezin dela 5 minututako kontzentrazio bat baino izan. Zentzu honetan, “Donostiako Piratak” mugimenduak bidea erakutsi diote udalari, gaurko egitaraua bertan behera utziaz.

Izan ere, Donostiako EH Bilduk behin baino gehiagotan salatu du Donostiako udala atzean geratzen ari dela indarkeria matxistaren aurkako borrokan. Donostiako udal gobernuak ez du bere lehentasunen artean indarkeria matxistaren aurkako borroka. Eneko Goiaren lehentasunak, bistan denez, beste batzuk dira.

Zentzu honetan nabarmendu behar da Donostiako Piratek egin behar izan dutela udalak egiten ez duen lana. Adibidez, Piratek eraso matxistak salatzeko ezartzen duten “Puntu Morea” askoz ordutegi egokiagoa du Udalak ezartzen duen Stand-a baino (atzo 22:30ean itxi zuen udalarenak).

Baina indarkeria matxistaren arazoa lehen mailakoa da Donostian, eta egiturazko neurriak hartu behar dira. Azken finean, gaurko prentsaurrekoan Piratek adierazi duten moduan, “Gutako erdiaren segurtasuna eta askatasuna ezin badugu bermatu, ez dago festarik”

ZAIN DEZAGUN SANTA KLARA

Gaur 2019ko abuztuaren 3an, Ekologistas en Acción taldearen Diosa Maat belaontziak, Bizilagunekin eta Haritzalde taldeekin batera Donostian egin duen salaketarekin bat egiten dugu. Eta era berean, aurrerantzean ere Santa Klara uhartearen egoeraren jarraipen eta defentsa irmoa egingo dugula adierazi nahi dugu.

| 2019-08-03 20:36:00

“2017-2021 Turismo Gida Plana” aurkeztean Eneko Goia Laso alkateak adierazi zuen arreta bisitari kopuruaren hazkundean baino, zerbitzuaren eta helmugaren kalitatean jarri behar zela. Ordea, bisitarien kopuruak gora egiten jarraitzen du urtetik urtera eta, ondorioz, baita jarduera ekonomiko honen azken urteetako gorakadak donostiarren bizi kalitatean eragindako arazoak ere.

Donostian turistifikazio-prozesuak bizkortu egin dira. Hiriko eremu berriak turismo-ustiapenaren zerbitzura jarri dira, edo jartzekotan dira. Horietako bat Santa Klara uhartea da. Azken urteetan asko igo da uharteko erabiltzaileen kopurua, eta gainera, uhartea eremu publiko izanik, ekimen pribatuetarako erabiltzeko joera ere egon da: garagardo marka ezagunenjai pribatuak, ezkontzak... Hau gutxi balitz bezala, orain egin behar duten obra artistikoarekin, uhartearen bisita-kopurua areago handitu daiteke. Gai hau dela eta, Parte Zaharreko bizilagunek eta elkarteek haien kezka adierazi dute. Ezaguna baita masifikazioak ingurune naturaletan duen inpaktua.

Santa Klara uhartea, EAEko Itsasertza Babesteko eta Antolatzeko Lurralde Plan Sektorialaren barruan, Kontserbazio Zorrotzeko Zonatzat hartzen da. Eta plan honek honako hau jasotzen du: “Balio altuko zonak dira eta, bertan, helburua gizakiak ahalik eta gutxien esku hartzea da. Ikerketa eta instalazioen erabilera didaktikoa besterik ez dugu bultzatuko”. Hori dela eta, Zaintza Zorrotzeko Zona gisa tratatzea litzateke egokiena. Eta hain zuzen ere, hori da 2018ko azaroan lehenik eta 2019ko uztailean ondoren Donostiako Udalbatzak aho batez onartu eta Udal Gobernuari eskatu diona: “egin ditzala egin beharreko gestioak Santa Klara uhartea ingurumen aldetik babesteko, babes hertsiko eremutzat hartua dagoela aintzat hartuta.”

Bestalde, Elkarrekin Donostia eta EH Bildu udal taldeok, Santa Klara uharteko itsasargian egin nahi den eskultura proiektuak ingurumenean izango duen inpaktuaren gaineko txostena egin dezala ere eskatu diogu Udal Gobernuari, ingurune hori behar bezala babestuko dela ziurtatzeko. Bigarren eskakizun hau, ordea, ez da onartua izan. Areago, alkateak esku-hartze artistikoaren kontra agertu izana egotzi zigun. Kulturaren eta artearen ustezko defentsa baten atzean ezkutatzen dira, halako eremu berezi batean halako esku-hartze batek izan ditzakeen ondorioei bizkar emateko. Zeren beldur dira?

Horiek horrela, gaur 2019ko abuztuaren 3an, Ekologistas en Acción taldearen Diosa Maat belaontziak, Bizilagunekin eta Haritzalde taldeekin batera Donostian egin duen salaketarekin bat egiten dugu. Eta era berean, aurrerantzean ere Santa Klara uhartearen egoeraren jarraipen eta defentsa irmoa egingo dugula adierazi nahi dugu.


 

Pentsionistei emandako hitza ez duela bete leporatu dio EH Bilduk Eneko Goiari

Pentsiodunek egindako eskaera kontuan hartuta, asteazkenean egingo den udal batzarrean udal gobernuari eta beste taldeei pentsionisten bizi baldintzak hobetzeko konpromiso irmoa hartzeko eskatuko du EH Bilduk

| 2019-07-22 11:21:00

Apirilaren 29an Alderdi Ederreko Pentsiodunen Batzordeak idatzi bat erregistratu zuen Eneko Goia alkateari eta Udalbatza osatzen dugun talde politiko guztiei helarazteko. Pentsiodunek ez dute orain arte Udal Gobernuaren aldetik erantzunik jaso.

Idatzi horretan, 2018ko iraileko eta abenduko udalbatzarretan onartutako kontrol mozioetan jasotako neurriak betetzeko eskatzen dute pentsiodunek. Hau da:

  • Diru-sarrera urriak dituzten pentsiodunentzako berariazko komunikazio kanpaina bat egitea, zer laguntza ekonomiko dagozkien jakin dezaten.

  • Donostiako erretiratuen-egoitzetan saio bat egitea udal gizarte zerbitzuetan eskatu daitezkeen laguntza ekonomikoen inguruan.

  • Pobrezia egoeran aurki daitezkeen emakume pentsiodunei buruzko ikerlan bat egitea, hiriko diagnostiko bat izan ahal izateko.

Hain zuzen ere, Lanbidek apirilean bertan argitaratutako azkeneko datuek pentsiodunek astelehenero salatzen duten errealitate bat mahai gainean jartzen dute: diru sarrerak bermatzeko errenta jasotzeko eskubidea dutenen artean emakumezkoak dira gehiengoa (Gipuzkoaren kasuan %57,7) eta, pentsiodunen kasuan, 13.721 onuradunetatik %64,18 emakumezkoak dira. Horien artean, emakume pentsiodun alargunak dira egoera larrienean daudenak.

Udal diru laguntzei dagokienez ere, errealitate hori bera errepikatzen ari da: urtetik urtera gero eta emakume pentsiodun gehiagok behar dituzte diru laguntzak oinarrizko gastuei aurrera egin ahal izateko. Datu orokorrak ikusita, 2015etik 2018ra GLLen eskaerek behera egin dute %6,28an. Baina, pertsona pentsiodunek egindako eskaerak ikusita, diru laguntzak behar dituzten pentsiodun donostiarrak gero eta gehiago dira urtetik urtera. Batez ere, 65 urtetik gorako emakumezkoak dira diru laguntza hauek beharrezkoak dituztenak, oinarrizko gastuei aurre egin ahal izateko, eta urtetik urtera haien kopurua gora doa.

Hona hemen azken urteetan ematen ari den egoera:

Urtea

Eskaerak (familiak)

65 urtetik gorako onuradun emakumezkoak

65 urtetik gorako onuradun gizonezkoak

2013

2.322

525

124

2014

2.613

558

143

2015

2.709

608

151

2016

2.695

662

171

2017

2.539

691

191

2018

2.534

709

196

Datuetan argi gelditzen da diru laguntzak behar dituzten pentsiodunen kopurua gora doala eta onuradunen %80 emakumezkoak direla. Hau da, urtetik urtera, gure hirian gero eta emakume pentsiodun gehiago pobrezian erortzen ari dira.

Aipatutako datuak ikusita eta pentsiodunek egindako eskaera kontuan hartuta, asteazkenean egingo den udal batzarrean udal gobernuari eta beste taldeei pentsionisten bizi baldintzak hobetzeko konpromiso irmoa har dezatela eskatuko diegu.

ALBISTEAK

Biharko ekimena aurrerapauso bat da torturaren biktimek merezi duten erreparazio instituzionalean

2020-12-18 13:56:00

Udal talde guztiek babestu dute Mikel Zabaltzaren omenez bihar egingo den ekitaldi instituzionala Ondoren, Altzako San Martzial plazan, Herri Ekimenak sustatutako ekitaldia egingo da “Mikelen Txokoa” inauguratzeko

EH Bilduk eskatu dio Kutxabank bankuari irekita mantendu dezala Bidebietako bulegoa

2020-12-16 11:45:00

EH Bilduk mozio bat eramango du biharko osoko bilkurara, udal talde guztiek Bidebietako 1202 bizilagunen salaketarekin bat egin dezaten

Ekialdeko Barrutiaren aurrekontuaren murrizketa berreskuratzeko formula adostu nahi du EH Bilduk Udal Gobernuarekin eta beste eragileekin

2020-12-10 12:11:00

Datorren asteazkenean egingo den Barrutiko Batzarrari begira, akordio proposamen aurkeztu dute Garbiñe Alkizak eta Zigor Etxebruruak

Pandemiaren urtea izan arren, Eneko Goiak ez du agortuko gizarte-ekintzako 2020ko aurrekontua

2020-12-03 13:08:00

Inbertsio sozialetan hiru milioi geratu dira erabili gabe, aurreikusitakoaren %89