Donostia

EH Bilduk, Donostiako gor komunitatearekin elkarlanean, integraziorako proposamen zehatzak egin dizkio Udal gobernuari

Donostiako EH Bilduk pertsona gor eta entzuleen arteko eskubide berdintasuna jarri nahi du mahai gainean. Pertsona gorrek euskal gizartean erabat integratzeko eta modu aktiboan parte hartzeko eskubidea dute, gure eguneroko bizitza zailtzen duten komunikazio-oztopoak gaindituz.

| 2020-01-15 12:09:00

Gorren errealitatea ikusezina izateari utzi behar dio, haien eskubideak errespeta daitezen, eta gorren kolektiboari, oro har, eta zeinu-hizkuntzari eta horiek erabiltzen dituztenenei buruzko ezjakintasunari, borondate faltari edo aurreiritziei aurre egiteko.

Euskal gizartean, hainbat erakunde dira pertsona gorren erabateko gizarteratze eta parte-hartzea lortzearen alde lan egiten dutenak, eguneroko bizitza zailtzen dituen komunikazio oztopoak gainditu nahian. Horietako batzuk dira Euskal Gorrak Federazioa, Gipuzkoako Gorrak elkartea, Gainditzen Tolosako gorren elkartea, ASOCIDE pertsona gor-itsuen elkartea eta ARANSGI Gipuzkoako Pertsona Gorren Familien elkartea.

Elkarte hauen guztien helburua da euskal pertsona gorren ahalduntzea, erabateko autonomia lortzea eta gure hiri honetan parte aktibo izatea, eta EH Bilduk bat egin du haien eskaera eta eskubideak ekarriz Donostiako Udalera.

Gorrak gure hiriaren parte aktiboa izan behar dute, eta horretarako, guztiontzako irisgarria izango den Donostia bat sortu behar dugu. Udaletxe honetatik eta udal honek antolatzen dituen ekimen publikoetatik hasita.

Hori horrela, adierazi behar dugu, legealdi hau hasi denetik, EH Bilduk harremana mantentzen duela aurretik aipatutako elkarteekin eta haien eskaerei esker hainbat ekimen bideratu ditugula Donostia Kulturarekin batera:

  • Donostiako Liburutegi guztietan zeinu-hizkuntzako liburuen ezarpena

  • Olentzeroaren desfilean aurten zeinu-hizkuntza interpretea izatea

Bestalde, aipatu behar da, datorren haur danborradari begira, aurten Aitor Ikastolak egingo duen hitzaldiak ere zeinu interprete bat izango duela, Ikastolaren beraren ekimenez.

Baina, bidea hasita, Udal Gobernu honi adierazi nahi diogu, gorren komunitatearen eskaera gehiago ekarriko ditugula udal honetara. Lehenengoa hilabete honetako batzordeetan aurkeztuko dugun proposamena da, baina beste proposamena batzuk ekarriko ditugu atzetik.

Hilabete honetako iradokizunean hau da Udal Gobernu honi egiten diogun eskaera:

  • Donostiako Udalak, instituzio publiko gisa, interpreteak izan beharko lituzke pertsona gorren eskaerak eta beharrak erantzuteko.

  • Donostia Kulturako ikastaroetako batzuk, zeinu-hizkuntza interprete baten laguntzaz eskaintzea.

  • Donostia Kulturak antolatzen dituen urteko ekintzetako batzuetan, zeinu-hizkuntza interpreteak jartzea eta horrela adieraztea komunikabide eta katalogoetan, ekimena ezagutzera emateko.

  • Musika jaialdietarako motxila bibratzaileak erostea, gorrek musikaren bibrazioak sentitu dezaten (horren adibide dugu Pontevedrako udala)

EH Bilduren proposamen hauek aniztasunarekiko, kulturarekiko, nortasunarekiko eta gor komunitatearekiko, zeinu hizkuntzarekiko errespetutik abiatzen dira. Desberdintzen gaituenari eta batzen gaituenari. Aniztasunaren aberastasunean sinesten dugu, gorrok gizarteari egiten diote ekarpena barne, eta Udal Gobernu honek iradokizun hauek kontuan hartuko dituelakoan gaude.

"Donostiarrak bezala eskatzen duguna da, etxea kentzen badigute, Donostian beste etxebizitza bat eman diezaguten"

Donostiako sarreran AHTaren ibilbidea aldatu ondoren, hainbat lagun euren etxeetatik kanporatzeko zorian daude Okendotegin (Martutene). EH Bildu eta Elkarrekin Donostiak babestuta, prentsaurrekoa eman dute gaur Donostiako udaletxean.

| 2019-12-20 12:47:00

Donostiako sarreran AHTaren ibilbidea aldatu ondoren, hainbat lagun euren etxeetatik kanporatzeko zorian daude Okendotegin (Martutene). Kaltetutako hainbat herritarrek prentsaurrekoa eskaini dute gaur Donostiako udaletxean, Reyes Carrere (EH Bildu) eta Haizea Garay (Elkarrekin Donostia) lagunduta.

Gari Arrese-Igorrek kaltetuen bozeramaile lanak egin ditu. Erantsitako bideoan ikus daitekeenez(https://www.youtube.com/watch?v=Eoora1AqcPE), bizilagunak oso kezkatuta daude. Izan ere, Adifek "kopuru irrigarriak" eskaini dizkie etxeak eraistearen truke (80.000 eta 120.000 euro artean), eta kalean ikusten dute euren burua, diru horrekin ezin baita etxebizitza bat erosi ez Donostian ez Gipuzkoan. Kasu batzuetan, gainera, hipoteka-mailegu bat ordaintzen ari dira Adifek eskaintzen duenaren prezio bikoitzagatik. Alegia, kalean geratzeaz gain, dirua galduko dutela. Arrese-Igorrek azaldu du zein den euren eskaria: "Donostiako herritar bezala eskatzen duguna da, etxea kentzen badigute, Donostian beste etxebizitza bat eman diezaguten".

Adif -en erabakien aurrean jarritako helegiteaz gain, Donostiako udaletxera ere jo dute bizilagunek babes bila. Goiarekin bildu ziren eta honek bere kasua aztertuko zutela adierazi zien, baina obrak jada inguruetan hasi dira, eraistearen data hurbiltzen ari da eta Udalak ez die inolako konponbiderik eskaini.

EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek Okendotegiko bizilagunen salaketa ekarri dute Donostiako udaletxera. Urriko osoko bilkuran aho batez bozkatu zen bi taldeen mozio bateratu bat, udalari bitartekari lanak egiteko eta auzotarrei irisgarritasuna bermatzeko eskatzen ziona. Baina, oraingoz, udal gobernuak konponbiderik eskaini gabe jarraitzen du, duela bi asteko batzordeetan agerian geratu zen bezala.

Reyes Carrere: "EH Bilduk ezetz borobil bat esango dio Eneko Goiaren aurrekontu egitasmoari"

Donostiako eta Gipuzkoako EH Bilduko ordezkariek agerraldia egin dute gaur. Bertan izan dira Juan Karlos Izagirre eta Estitxu Elduaien Gipuzkoatik, eta Reyes Carrere eta Ricardo Burutaran Donostiatik.

| 2019-12-18 14:33:00

Biharko osoko bilkuran, 2020rako Donostiako aurrekontuak onartuko dira, eta gaurko prentsaurrekoan honen aurrean dugun jarrera azaldu nahi dugu.

Lehenik eta behin, bihar onartuko diren partiden edukiari dagokionez, EH Bildutik berretsi nahi dugu hasieratik adierazten ari garena: Eneko Goiak aurkeztu dituen aurrekontuek gaur egun Donostian dauden desoreka sozialak, ekonomikoak eta auzoen artekoak areagotuko dituzte. 2020rako proiektua aurreko urtetako aurrekontuen ildo beretik doa: ez dute egindako akatsak onartu eta egiturazko desorekak zuzentzeko ez da proposamenik egiten.

Desorekak gainditzeko helburuarekin aurkeztu zituen EH Bilduk bere osoko zuzenketa eta bere 86 zuzenketa partzial. Proposamen errealistak ziren, donostiarron premiazko arazoei erantzuteko diseinatutakoak. Proposamen zehatzak aurkeztu genituen etxebizitza eskubide bermatzeko, auzoen arteko desorekak murrizteko, indarkeria matxistaren eta klima-aldaketaren aurkako borrokak sustatzeko edo gizarte-babeserako sistema indartzeko.

Hala ere, esan behar dugu EAJk eta PSEk baztertu egin dituztela EH Bilduk aurkeztutako proposamen nagusiak. Gizarte-larrialdietarako partida batzuk baino ez ditugu lortu, Eneko Goiaren gobernuak oraindik gabezia handiak dituen esparru batean, alegia. Eta beste aldetik, herritarren presioaren ondorioz, Gobernuak bi eskaera zehatz onartu behar izan ditu, hala nola Matigoxotegiko futbol zelaia berritzea eta Pikabea-Oletan irisgarritasuna hobetzea eta puntu kritikoak kentzea. Bi partida hauek bihar onartuko dira EH Bilduren ekimenez.

Azken batean, aurreko legealdian egindako akatsak zuzentzeari uko egiteaz gain, Donostian ditugun desoreka sozial, ekonomiko eta auzoen artekoak biderkatzen ari den hiri ereduaren azeleragailua zapaldu du Eneko Goiaren gobernuak.

Horregatik guztiagatik, biharko osoko bilkuran EH Bilduk ezetz borobil bat esango dio Eneko Goiaren aurrekontu egitasmoari.

Udal Gobernuak Belartza II-ri buruzko epaia ez betetzea ahalbidetzen jarraitzen duela salatu dute EH Bilduk eta Elkarrekin Donostiak

Pasa den uztailean, Belartza II eremuan udal gobernuak emandako baimen bat legez kontrakoa zela adierazi zuen Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak, baina Udalak ez du epaia bete eta epea abenduaren 23an agortuko da

| 2019-12-17 12:42:00

Belartzako eremuan aurreikusi diren egitasmoen eta egindako lanen inguruan polemika handiak egon dira azken urteotan. Bertan egin nahi duten merkataritza gune handi berriaren aurrean oso kritikoak agertu dira, besteak beste, Donostiako dendariak, añorgatarrak eta mugimendu ekologista.

Pasa den uztailean, Belartza II eremuan udal gobernuak emandako baimen bat legez kontrakoa zela adierazi zuen Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak. Zehazki, Belartza II eremuan hainbat tona harri botatzeko Eneko Goiaren udal gobernuak emandako baimen bat legez kanpokoa izan zela adierazi du auzitegiak. Gogoratuko denez, epaitegiek harriak kentzeko eta harriak bota baino lehen eremua zegoen egoera berrezartzeko eskatu zioten Donostiako udalari, bertan zeuden zuhaitzak, landareak eta abar berrezartzea ahalbidetzeko.

Epaiaren aurrean, EH Bilduk eta Elkarrekin Donostiak Udal Gobernuari azalpenak eskatu zizkioten, alde batetik, sententziaren aurrean ze jarrera hartuko zuten jakiteko eta, bestetik, egindako kudeaketa txarragatik ea autokritika egiten zutela egiaztatzeko.

Jakina, PNV-PSEren gobernuak ez zuen berak egindako kudeaketa txarra onartu, eta harriak kendu arte, enpresari isunak jartzen jarraituko zuela esatera mugatu zen. Orduan, legearen arabera ezarri daitezkeen 10 isunetatik 6 ezarrita zeuzkaten. Era berean, Udal gobernuak adierazi zuen enpresak bere eginbeharra betetzen ez bazuen, udalak berak subsidiarioki harriak mugitu beharko zituela.

Denbora pasa da, eta epaiaren exekuziorako epea datorren astelehenean, abenduaren 23an, amaituko da. Zer egin du Eneko Goiaren gobernuak uztailetik hona? Denbora pasatzen utzi, besterik ez. Epaia irmoa izan arren,eremua ez da lehen zegoen egoerara itzuli eta, beraz, epailearen agindua ez da bete. Eta horrek hainbat kalte-ordainak ekar ditzake Udalarentzat, hau da, Eneko Goiaren taldeak erakutsitako utzikeriagatik Donostiako herritar guztiek ordaindu beharko ditugu.

Belartza II.aren inguruan gertatu den eta gertatzen ari den guztiak agerian utzi du, beste behin, EAJ-PSEren Udal Gobernuak ze jarrera ulerkorra hartzen duen gutxi batzuen beharren aurrean.

Eraikin historikoak eraisteko moratoria epaitegiek bertan behera utzi ostean premiazko irtenbidea emateko eskatu dio Eneko Goiari EH Bilduk

Joan den astean, Donostiako Epaitegi batek epai bat igorri zion udal honi, Eneko Goiaren Gobernuak duela urtebete inguru hiriko 200 eraikin historikoen gainean ezarritako eraispen-lizentzien moratoria bertan behera uzten zuen erabakiri buruzkoa. Salbuespenezko neurria zen hura, eta PEPPUCen (Ondarea Babesteko Plana) sar zitezkeen eraikinei bakarrik eragiten zien, Planaren berrikuspena indarrean sartu aurretik eraitsi ez zitezen (oraindik onartu gabe dago). Esan beharra dago, halaber, neurri hori hauteskunde aurreko garaian hartu zela, eta Gobernuko alderdiek hautesleen aurrean erabili zutela, Donostiako ondarearen kontserbazioan egindako kudeaketaren adibide gisa.

| 2019-12-12 12:09:00

Epaia argia da: Gobernuak ez ditu bere legezko betebeharrak bete, moratoria ez du behar bezala jakinarazi eta, beraz, Epaitegiak bertan behera uzten du Tokiko Gobernuaren erabakia. Udalak epaiaren aurkako helegitea jarriko duela iragarri du, baina herritarrei oraindik ez dizkie azaldu egindako akats larriak dituen ondorio legal, ekonomiko eta politikoak.

Ondarearen babesaren ikuspegitik, egindako akatsak PEPPUC planean sartzeko proposatutako eraikinak eraistea ekar dezake. Plan honen berrikuspenaren atzerapena da honen guztiaren sorburua.

Ikuspuntu legaletik, epai honek berriro ere udal gobernua kolokan jartzen du. Zein egoera juridikotan dago gaia? Moratoria indarrean dago? Eraitsi al daitezke kaltetutako eraikin historikoak?

Ikuspuntu ekonomiko batetik, kezka eragiten digu egindako akatsetik erator daitezkeen ondorio ekonomikoek. Izan ere, arriskuak agerikoak dira.

Eta ikuspuntu politiko batetik egindako akatsa ezin da pasatzen utzi, lehen aipatutako balizko ondorioengatik. Zeinek asumituko du kaltetutako eraikinen zerrenda behar bezala argitaratu ez izanaren erantzukizun politikoa? Nork aurkeztu zuen moratoria etekin politiko eta elektoralak lortzeko proposamen gisa? Edozein erakundetan horrelako akatsek ondorio batzuk izan ohi dituzte. Politikan ere bai. Zalantzarik gabe. EH Bilduk ez du txapuza hau pasatzen utziko, galera ekonomiko handiak ekar ditzakeelako.

Horregatik guztiagatik, EH Bilduren udal taldeak Lurralde Garapen eta Planifikazio Batzordearen ezohiko bilera eskatuko du, behar diren azalpenak eman ditzaten.

Etxebizitza turistikoen ordenantzaren aurkako epai berria

Kazetarien galderei erantzunez, Ricardo Burutaranek atzo udaletxean jasotako epaia baloratu du, non berriro ere "eskubide osoz deusez" deklaratzen da Etxebizitza Turistikoen Ordenantzaren artikulurik garrantzitsuena. Burataranek egoeraren larritasuna azpimarratu du, eta Goiak aurreko astean EH Bilduk egindako salaketaren ostean garrantzia kentzen saiatu izana kritikatu du, asteleheneko Batzordean azalpenak emateari uko eginez, gainera. "Ordenantza erabat deuseza da, eta Udal Gobernuak ezin du erantzunak inprobisatzen jarraitu” adierazi du zinegotziak.

EH Bildutik erantzukizunez jokatzen hasteko exijitzen diogu Udal Gobernuari. Ordenantzaren berrikuspena martxan jarri behar da Plan Orokorrari egokitzeko, eta ez alderantziz. Eta, edonola ere, Plan Orokorraren irizpideen aurka doazen pisu turistikoei baimenik ezin zaie eman, oso arriskutsua delako, horrek ekar litzakeen ondorio ekonomikoengatik.

ALBISTEAK

“Parte Zaharreko Mahaia” eta “Donostiako Gazteria mahaia” eratzea proposatu du EH Bilduk

2021-09-29 12:40:00

Azken hilabeteotan, bizikidetza arazoak agertu edota areagotu dira gure hirian, batez ere Parte Zaharrean, nahiz eta Erdialdeko eta Groseko beste leku batzuetan ere gertatu diren. Askotan, gertakari horiek kaleko edanarekin (“boteiloiarekin”) lotuak izan dira, baina arazo konplexuagoa da, beste hiri askotan ere gertatu da, eta agerian uzten du arazoaren benetako tamaina.

Altzako kiroldegi berriko lanak % 28 garestitu direla salatu du EH Bilduk

2021-09-27 12:10:00

Altzako kiroldegia eraikitzeko lanak 16.287.120,94 €an lizitatu ziren. Eneko Goiaren gobernuak, ordea, lehiaketara aurkeztutako enpresen beherapena onartu egin zuen, eta ia 4 milioi euro merkeago esleitu zion obra kontratua ACCIONA-ALTUNA Y URIA enpresa elkarteari (- % 31).

EH Bilduk eskatuko dio Udal Gobernuari uko egin diezaiola Larrialdi Klimatikoaren Adierazpenean jasotako ekintzak urratzen dituen edozein proiekturi

2021-09-24 11:46:00

EH Bilduko zinegotziek, Reyes Carrerek, Olaia Duartek eta Garbiñe Alkizak, “Fridays for future” kolektiboak mundu mailan deitutako mobilizazioetan parte hartu dute gaur.

Udal Gobernuak babestutako etxebizitzarako sarbidea mugatu nahi die 35 urtetik beherako donostiarrei

2021-09-23 12:31:00

Etxebizitza bat eskuratu ezin dutelako Donostia utzi behar izan duten pertsonek itzultzeko erraztasunak izan ditzaten EH Bilduk proposamen bat egin du