AKTUALITATEA


| 2022-11-25 11:43:00

Bigarren gerrikoa (AP1) ireki zenetik, zirkulazioa erdira murriztu da saihesbide zaharrean (GI-20), eta, horri esker, ekobulebar bihurtzeko aukera ireki da. Hau da, errei batzuk eta erdibitzailea ken daitezke, eta galdutako espazioak eta loturak berreskuratu, bizitzaz betetzeko.

Aieteren kasuan, bidegorri bat eraiki ahal izango da, saihesbide zaharraren alde baten eta bestearen arteko loturak hobetu ahal izango dira, ekobulebar berrian ibilgailuen abiadura murriztuz eta, ondorioz, zarata.

Garai berrietan, natura eta klima errespetatzen duten hiriak eraiki behar dira, eta Europa osoko hirietan euren mugikortasun ereduak birformulatzen ari dira, bizikletaren eta garraio publikoaren erabilera sustatuz eta CO2 emisioak murriztuz.

Donostiaren kasuan, orain arte, mugikortasun arloan egiten ari diren esku-hartze nagusiak erdigunerako pentsatuta daude. Donostia osatzen duten auzoetako eta haien arteko komunikazioa ere hobetzeko garaia dela uste dugu.

Saihesbidearen eraldaketak bide horretan aurrera pausuak emateko aukera ezin hobea ematen du. Eta horretarako, azkeneko egunetan, GI-20 saihesbidearen eraldaketari buruz hausnartzeko eta proposamenak egiteko, Donostiako EH Bilduk abian jarri duen parte-hartze prozesua Aietera iritsi da.

Aieten, EH Bilduk liburuxka bat banatu du etxez etxe, iritzia emateko, zalantzak argitzeko eta proposamenak egiteko aietetarren eskura jarri ditugun bideen berri emateko. Auzoko elkarteekin ere bilera ugari egin ditugu. Eta prozesua bukatzeko, Batzar irekia egingo dugu bihar, azaroaren 26ean, 11:00etan, Katxola baserrian (Miramoneko parkean).

Gogoratuko denez, EH Bilduk 2022ko urtarrilean «Bariantea eraldatu: espazioak irabaziz, bizitza irabaziz» proposamena aurkeztu zuen. Hala, urte osoan zehar GI-20 zeharkatzen duten auzoetan parte-hartze prozesua garatzen ari gara. Helburua da guztion artean saihesbidea eraldatzeko proposamen zehatza egitea, eta EH Bilduk konpromisoa hartu du 2023aren hasieran aurkezteko.

Aiete ondoren, saihesbide zaharra eraldatzeko parte-hartze prozesua Amara Berrin bukatuko da.